Euskal presoak. Urtarrilaren 11

Urkijok mobilizazioa salatu du Auzitegi Nazionalean

ETAren biktimen hiru elkartek Tantaz Tantaren ekitaldia debekatzeko eskatu diote Velasco epaileari

Joan den larunbatean Iruñean sortutako tanta. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Tantaz Tanta ekimenak larunbatean deitu duen mobilizazioaren aurkako salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzan. Aurreratu duenez, «adi» egongo da Bilboko mobilizazioa eginez gero, «zigorrik gabe» gera ez dadin. «ETAko presoen aldeko ekitaldia izango da, eta gobernuaren espetxe politikaren kontrakoa», ohartarazi du fiskaltzari igorritako idatzian. Hori dela-eta, mobilizazioa gertutik zaintzera deitu du, «biktimen duintasunaren kontrako iraina dena ospatzekotan ere zigorrik gabe gera ez dadin».

Espainiako Gobernuko ordezkariaren arabera, Bilboko manifestazioak Terrorismoaren Biktimen 29/2011 eta Jaurlaritzaren 4/2008 legeak urratu ditzake, eta beraz, delitu izan daiteke hura egitea. Aurten, gainera, urteroko aldarrikapenari «jai kutsua duen ekimena» gaineratu diotela salatu du idatzian. «Hiltzaileen askatasuna eskatzea ez da ezer neutroa, baizik eta egiten duena moralki degradatu egiten du, eta are gehiago, eskaera horrek ezin du inoiz eduki eman nahi diote jai izaerarik».

Urkijoren salaketa ez ezik, Tantaz Tanta plataformaren mobilizazioa debekatzeko hiru eskaera ere jaso ditu Auzitegi Nazionalak. Zehazki, AVT, Dignidad y Justicia eta APAVT ETAren biktimen elkarteak manifestazioa debekatzeko eskatu dute, «terrorismoa goratu» daitekeela argudiatuta. Hiru biktimen elkarteek Auzitegi horretako 6. instrukzio epaitegiko Eloy Velasco epailearen eskuetan utzi dituztesalaketak. Horietan diote Bilboko manifestazioaren deitzailea —Tantaz Tanta ekimena— Auzitegi Nazionala ikertzen ari den eta haren jarduera eten duen Herrira mugimenduaren eta Espainiako Justiziak legez kanporatutako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren «jarraipena» dela.

APAVT elkarteak ohar batean adierazi duenez, mobilizazio horren azpian «terrorismoa goratzeko» delitua legoke, «ETAko kide izateagatik edo ETArekin kolaboratzeagatik zigortutako pertsonak goratu» nahi direlako.

ETAren desarmatzea

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak, bestalde, Bilboko manifestazioa hizpide hartu du Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. Bere ustetan, ETAk desarmatzea iragartzeko agiri bat kaleratu dezake larunbata baino lehenago. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak plazaratutako agiriaren ostean «logikoa» litzateke ETAk norabide bereko mezua ematea datozen egunetan, Ortuzarrek azpimarratu duenez. Aitortu du ez duela ETAren inongo desarmatzeren berri, baina «zentzuzkotzat» jo du halakorik egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.