Urkijo: «Memoriak ezin du izan soilik terrorismoaren biktimena»

Bildu instituzioetara iritsi izanagatik ETAren biktimak ez daudela «kezkaturik» azaldu du, baina bai «atsekabetuta» eta «deseroso»Memoriaren «zenbait oinarri une honetan» finkatzea «garrantzitsua» dela dio Urkijok

Txema Urkijo, atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. EITB.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoko aholkulariak azaldu du memoriak ezin duela izan «soilik terrorismoaren biktimena»; izan ere, esan du, «azken 50 urteetan herri honetan gertatutako guztia hartu behar du, desberdina dena bereiztuz, baina guztia hartuz».«Indarkeria terrorista azkenetan» dagoela ere adierazi du, baina «ETA desagertu arte» ez duela «bukatu» denik esango azaldu du.

Horrez gain, esan du Bildu instituzioetara iritsi dela-eta ETAren biktimak ez daudela «kezkaturik», baina bai «atsekabetuta» eta «deseroso». Era berean, bere ustez, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak egindako adierazpenak —ETAk Katalunian egindako atentatuen inguruan— «zoritxarrekoak» izan dira, eta Garitanok «berez esan behar» zukeena esateko aukera «paregabea» galdu zuela gaineratu du. Hori horrela, honakoa adierazi du: «Bakea ez da bakarrik indarkeriarik ez egotea, baizik eta justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitzarako beste elementu batzuen beharra duena».

Bestalde, Urkijok azaldu du ziur dagoela ETAren biktimak «aitortzeko» urratsak egiteko borondatea duten pertsonak badaudela ezker abertzalean, eta urratsak «ahalik eta azkarren» egin ditzaten espero du.

Terrorismoaren Biktimen Aitortzaren eta Konponketaren Legea garatzearen alde agertu da biktimen arretarako bulegoko aholkularia; izan ere, bere iritziz, «memoriaren zenbait oinarri une honetan finkatzea oso garrantzitsua da etorkizuna izango denerako».

Era horretan, Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteari erantzun dio Urkijok. Izan ere, Pagazaurtunduak adierazi zuen ez dela «unerik egokiena» memoriaren gunea eraikitzeko, baina, Urkijoren esanetan, «elementu garrantzitsua» da gune hori. Gainera, «indarkeria fenomenoak» izan dituzten nazioarteko hainbat lekutan «gertatutakoa gogorarazteko» eta etorkizunera begira pedagogia egiteko era horretako instrumentuetara» jo dela gogorarazi dio Pagazaurtunduari.

Biktimen memoriaren gaia «ardura historikotik» landu nahi dutela adierazi du Urkijok: «Memoriari buruz ari gara, eta ez biktimen museo edo katalogo bat egiteaz, ezta biktimen erregistro bat egiteaz ere». Memoria «gertatutakoaren memoria» egitea delaazaldu du, eta bi alde dituela esan du: «Indarkeria eta biktimak».

«Indarkeria desberdinak»

Bestalde, Urkijok azaldu du memoriaren gunea eraikiz «indarkeria desberdinak» gogoratuko direla, eta bereizketa egin behar dela, «denak» ez direlako izan «berdinak». Gainera, gune horren bitartez, «indarkeria horien ondorioak» gogoratuko direla gaineratu du: «Ondorio horiek biktimak dira, eta denek ez dute berdinak izan behar, indarkeria desberdinak egon diren neurrian». Hori bai, esan du memoriak ezin duela «ezer» ahaztu.

Era berean, azaldu du «bidegabeko sufrimendu guztiak» bere barnean har ditzakeen «memoriaren politika» lor litekeela, «arrazoizko ahalegina» egingo balitz. Horrela, «lehen mailako, bigarren mailako edo hirugarren mailako biktimen hierarkizazioa» saihestuko litzatekeela uste du Urkijok; izan ere, bere esanetan, «giza eskubideen urraketaren biktimak berdinak dira, gutxienez, beren eskubideetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.