Urkijo kenduta, giroa leuntzeko keinua egin dio PPk Jaurlaritzari

Javier de Andres izango da Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari berria. Urkijok jomugan izan du euskal kutsua duen gai oro

Carlos Urkijo, Iñigo Urkullu eta Javier de Andres, 2013ko San Prudentzio jaietako ospakizunetan. JUANAN RUIZ / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Carlos Urkijok ez du jarraituko Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari karguan. Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak atzoko bileran erabaki zuen Urkijo kargutik kentzea, eta haren ordez Javier de Andres (Gasteiz, 1967) izendatu zuen postu hori betetzeko. De Andres Arabako PPko presidentea da, eta 2011 eta 2015 artean Arabako ahaldun nagusi izan zen. Hemendik aurrera, baina, utzi egin beharko ditu alderdi horretan dituen karguak.

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harreman giroa samurtzen hasi denean etorri da Urkijo kargutik kentzeko erabakia, eta Javier de Andresek Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritza kargua hartu izana bi instituzioen arteko gatazka giroa leuntzeko keinu gisa uler daiteke. Izan ere, harreman horiek tenkatzen lagundu du Urkijok azken lau urteotan, ehunka ohartarazpen, debeku eskaera eta salaketa jarrita eta, euskara, euskalgintza, naziogintza eta, oro har, euskal kutsua duen edozer jomugan hartuta. Ehunka dira auzibidean jarritako erakundeak eta norbanakoak. Euskal erakundeek —udal, foru gobernu eta Jaurlaritzak— hartutako erabaki askoren aurka ere helegiteak aurkeztu izan ditu Urkijok. Eusko Legebiltzarrak berak «irmo» arbuiatu zuen haren jarrera 2013ko abenduan, eta EAJk eta EH Bilduk bat egin zuten Espainiako Gobernuaren ordezkaritza kentzeko eskaeran, «herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunak murrizten» zituela argudiatuta.

Euskal Herriarekin, temati

Nahi besteko gogortasunez aritu da Urkijo postuan egon den urteetan, besteak beste, euskara eta euskal presoekin lotutako gaiak begiz jota izanda. Alde batetik zein bestetik egin dizkioten kritikek, baina, ez dute lortu bere jarrera aldatzea. Urkijok aitortu izan du «zentsorea» deitzea eta «persona non grata» izendatzea bere lanaren «aitorpena» dela.

Karguan izan den bi agintaldietan —2004an Enrique Villar ordezkatu zuen hiru hilabetez—, temati izan da, oso, euskal gaiekin. Gobernuko ordezkaria izan zen epe labur hartan, besteak beste, astia izan zuen Euskal Herria hitza eskola liburuetatik kentzeko eskaera egiteko Ibarretxeren gobernuari, eta baita gai hura auzitara eramateko ere. Bigarren agintaldian, are itsutuago jarraitu du euskal kutsua duen edozein gairen aurka. Auzitara eraman ditu, besteak beste, Espainiako bandera jartzeari uko egitea, Gabonetako aparteko ordainsariaren ordainketa, presoen aldeko pankartak erakustea, Xalbador ikastolari (Kanbo, Lapurdi) diru laguntzak ematea, Gipuzkoako Igeldon herri kontsulta egitea, Adolfo Suarezen heriotzagatik dolurik ez agertzea eta Gure Esku Dago eta Udalbiltzari diru laguntzak ematea. Datuak esanguratsuak dira: azken lau urteotan 729 auzibide ireki ditu euskal erakundeen erabakien aurka.

Urkijok kargua utzita, Javier de Andresek zein jarrera hartuko duen ikusteko dago. Ahaldun nagusi izan zen garaian (2011-2015) polemikak ere sortu izan zituen, dela euskara eta hizkuntza politikak nola etorkinak jomugan jarrita. Iaz, esaterako, euskara eztabaidaren erdian jarri zuenean hautsak harrotu zituen. Izan ere, EAJri «inposizio politikak» ezartzea, euskararen inguruan «klientelismoa» sortzea eta hizkuntza eskakizunen bidez arabarrei «oztopoak» jartzea egotzi zion.

Hori gutxi balitz, etorkinen aurkako adierazpenak eginez «gorrotoaren» mezua hauspotzea leporatu diote. 2014an, SOS Arrazakeria plataformari egotzi zion hainbat etorkini «gezurrekozko erroldatze agiriak» ematea, eta plataforma hori«gizarte laguntzetan izaten den arpilatzearen eredutzat» jo zuen. Adierazpen horiengatik kereila aurkeztu zuen plataformak De Andresen aurka.

Joan den urritik Arabako PPko presidente da De Andres, Alfonso Alonsok EAEko PPko presidente kargua hartu ondotik. Hark izendatu zuen bere ordezko. Aurten, gainera, Eusko Legebiltzarrean eserlekua eskuratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.