Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

Urizar: «Europan estatua sortzea da gure apustua; zurea, Urkullu jauna?»

Isasik dio EH Bilduren aurka bat egin dutela EAJk, PSE-EEk eta PPk, «aldaketarako eredu baliagarri bakarra baita»

Xabier Isasi EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua, atzo, Zarautzen. Atzean, zerrendako beste kide batzuk; tartean, Pello Urizar. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Zarautz
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburu Xabier Isasik «urduri» ikusten ditu EAJ, PSE-EE eta PP: «Gure aurka ari dira etengabe, gogor eta zatar, elkarri eskua emanda». Izan ere, Isasiren esanetan, «krisia ekarri duen eredua» da haiena, eta EH Bildurena, aldiz, «aldaketarako baliagarria» den bakarra. Pello Urizar zerrendakideak, berriz, adierazi du iritsi dela aurrerapausoa emateko unea: «EH Bilduk argi du estatua sortzea dela pauso hori. Zer egingo duzu zuk, Urkullu jauna?»

Halaxe mintzatu zitzaion Urizar EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluri atzo Zarautzen egindako ekitaldi batean. Berrehundik gora lagun izan ziren Zinema pilotalekuan; haien artean, EH Bilduko Gipuzkoako zerrendakideak. Katalunia, Quebec, Eskozia eta Flandria aipatu ondoren, Urizarrek adierazi zuen «izarrak independentziaren alde lerrokatu» direla. «Zertarako balio du autonomiak, Madrilek nahi duenean eskua sartzen badu?», galdetu zuen, eta argi utzi zuen EH Bilduk «amaieraraino» bultzatuko duela euskal gizarteak erabakitzen duena. Segidan, EAJri buruz, galdetu zuen zein ote den haren konpromisoa. Izan ere, sinesgarritasun gutxi du alderdi jeltzaleak, Urizarren esanetan. «Lehen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia izan zen muga. Hala izango al da berriz ere, Urkullu jauna?».

Independentziaren aldeko oihuak eragin zituen Isasik ere, joan den larunbatean BEC erakustazoka Independence Exhibition Center bihurtu zela aipatu zuenean. Datozen hauteskundeak bereziak direla ere esan zuen, «independentzia haizeak» dabiltzalakoan Europan ere. BECen sortutako «olatua» baliatu nahi du koalizio subiranistak, «EAJk, PSE-EEk eta PPk partekatzen duten ereduari» aurre egiteko. Hiru alderdi horienaz bestelako eredu bat aldarrikatu zuen Isasik: «Irekia, gardena eta parte hartzailea».

'Itziarren semea', Companys...

Independentzia eta krisiari aurre egiteko bestelako eredu bat aldarrikatzeaz gain, txaloak eragin zituzten hainbat aipamen ere izan ziren Zarauzko ekitaldian. Urizarrek, esaterako, agur bat bidali zien katalanei, hango presidente izandako Lluis Companyis fusilatu zuteneko 72. urtemuga zela gogoratuta. Isasik bezperan Deban (Gipuzkoa) izan zela azaldu zuen, hango alkate Polentzi Markiegi fusilatu zuteneko urteurrenean. «Markiegi fusilatzea erabaki zuten bulego berean erabaki ote dute Otegi zigortzea?», galdetu zuen, Arnaldo Otegik BECen hitza hartzeagatik jasotako zigorra gogoratuz.

Xabier Lizardi idazle zarauztarrari ere egin zion keinua Isasik: «Gure asaba zaharren ondorengoak gara gu», esan zuen. Gainera, Guardia Zibilaren Zarauzko kuartel zaharrean torturatu zuten Itziarren semea aipatuta, torturatuak izan diren «milaka» euskal herritarrak ere izan zituen gogoan, beste biktimekin batera: «Ez ditugu ahaztuko. Biktimen oroimenik gabe ez dago Euskal Herria eraikitzerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.