hauteskundeen ondorena

Urizar: "EAJk esan digu ez duela Bilduren aurkako fronteetan parte hartuko"

Hauteskunde itunez Batzar Nazionala egingo du gaur EAJk. Goizean Bildurekin elkartu dira jeltzaleen EAEko lurralde presidenteak. Bizkaiko eta Arabako batzar nagusiak ere hurrengo astean eratuko dituzte.

2011ko ekainaren 6a
22:44
Entzun

Pello Urizar Bilduko kide eta EAko idazkari nagusiak jakinarazi du EAJk ez duela euren kontrako akordioetan parte hartuko PSE-EErekin eta PPrekin, jeltzaleek hori esan dielako gaur. "EAJk esan digu ez duela Bilduren aurkako fronteetan parte hartuko, etorkizunerako konponbidea hori ez dela pentsatzen duelako", adierazi du Urizarrek. "Programaz hitz egin nahi du EAJk, eta aste honetan egongo gara gai horretaz".

Hain zuzen, Belen Greaves EAJko EBBko idazkariak, Andoni Ortuzar Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibar Gipuzkoakoak eta Iñaki Gerenabarrena Arabakoak bilera egin dute gaur Bilduko ordezkari batzuekin Bilbon, Sabin Etxean: Urizarrekin berarekin, Martin Garitano Gipuzkoako diputatugaiarekin, Ikerne Badiola EAko Komunikazio arduradunarekin eta Amaia Agirresarobe Alternatibako zuzendaritzarkidearekin. EAJk deituta batu dira.

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak baloratzeko eta balizko itunez hitz egiteko Batzar Nazionala egingo du gaur arratsean EAJk, Sabin Etxean. Lehenago haren Euzkadi Buru Batzarra (EEB) bildu da, eta inbestidura saioetan bere hautagaiak aurkeztea erabaki du.

Bizkaian EAJk ziur samar du diputatu nagusi kargua, gehiengo osoa ez badu ere. Araban Bilduk iragarria du Xabier Agirreren (EAJ) alde bozkatuko duela, eta hori izango da ahaldun nagusi EBk ere alde egiten badu. Gipuzkoan Bilduk 22 batzarkide ditu, EAJk hamalau, PSEk hamar, PPk lau eta Aralarrek bat.

EAJk eta PPk hartu dituzte Bizkaiko kreditazioak

Bizkaiko EAJko 22 batzarkideek eta PPko zortziek gaur goizean hartu dituzte Batzar Nagusietan kreditazioak, eta Ana Madariaga erakundeko mahaiko jarduneko presidenteak esan du datorren astean egingo dutela Batzar Nagusiak eratzeko bilkura. Bilduk hamabi eserleku lortu ditu Bizkaian, PSE-EEk bederatzi.

Arabako Batzar Nagusiak ere datorren astean eratuko direla, Juan Antonio Zarate mahaiko presidenteak esan duenez. Horretarako araudi desberdina dute Araban.

Lehengo astetik jakina da Gipuzkoakoaren eraketa hilaren 13an izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.