Urigoitia omentzeaz akusatutakoek ez dute kartzelara joan beharko

Fiskalak jaitsi egin du hasierako zigor eskaera. Akusatutakoek ontzat eman dute eskaera, baina nabarmendu dute ez dela «justiziarik» egin

Iazko irailaren 15ean Guardia Zibilak Otxandion egindako polizia operazioa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Berriro ere, euskal herritarren kontrako epaiketa bat kartzela zigorrik gabe amaitu da, fiskaltzaren eta defentsaren arteko adostasuna lortuta. Otxandioko (Bizkaia) lau lagun epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, Luzia Urigoitia ETAko kidea omentzeaz akusatuta. Fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen zuen bakoitzarentzat, baina azkenean bi urtera jaitsi du zigor eskaera. Auzipetuek onartu dute zigorra eta, hortaz, ez dute kartzelara joan beharko.

Hala ere, Miren Soloetak, Asier Duranek, Aitor Uribek eta Amaiur Lopez de Lacallek adierazi dute epaiketan ez dela «justiziarik» egin, eta «are gutxiago oroimenari eta elkarbizitzari bide eman». Oroimena «zigortu» daitekeela baina inolaz ere «lapurtu» erantsi dute lau auzipetuek. Bina urteko kartzela zigorraz gain, zortzina urteko inhabilitazioa ere ezarri diete lau otxandiarrei.

Iazko irailean atxilotu zituen Guardia Zibilak Otxandioko lau herritarrak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak aginduta, pare bat hilabete lehenago Luzia Urigoitia herrikideari egindako omenaldia «antolatu, zuzendu eta koordinatu» zutelakoan. Operazio zabala antolatu zuen Guardia Zibilak lau otxandiarrak atxilotzeko: herria hartu zuten eta herriko gaztetxea miatu zuten. Atxilotuetako batek, Amaiur Lopez de Lacallek, habeas corpus-a eskatu zuen, eta Gasteizko Txagorritxu erietxera eraman zuten.

Urigoitia 1987ko uztailaren 27an hil zuen Guardia Zibilak, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) egindako sarekada batean. Polemika handia piztu zuen orduan ETAko kidearen heriotzak. Izan ere, Guardia Zibilak adierazi zuen Urigoitia tiroketa batean hilik suertatu zela, baina autopsiaren arabera, ETAko kideak atzetik eta albo-albotik —«azala ia ukituz»— egindako tiro bat zeukan garondoan, bere garaian El Pais egunkariak argitaratu zuenez.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak biktima izaera aitortu zion Urigoitiari, eta hala jaso zuen Udal Erretratuen maparen egitasmoan, Pasaiari dagokion mapan, «egiaztatze eta ikerketa handiagoa behar duten» kasuen atalean.

Atxiloketak gertatu zirenean, «indarkeria politikoaren biktima izandako edozein herritarrek jendaurrean omendua eta aitortua izateko duen eskubidea» aldarrikatu zuen Otxandioko Udalak osoko bilkuran onartutako agiri baten bidez.

Era berean, Otxandioko Udalak iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariarengana eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiarengana joko zuela, «udal honetako ordezkariak babes ditzaten biktimen aitortza eta omenaldia egiteko orduan».

Luis Goñi, aske

Luis Goñi Barañaingo (Nafarroa) euskal presoa aske gelditu da, sei urte espetxean eman ondoren. Goñi 2008an atxilotu zuten, Segiko kide izatea leporatuta. Bost egun eman zituen Guardia Zibilaren esku, eta tarte horretan torturatu egin zutela salatu zuen.

Hiru urtez kartzelan egon ostean, behin-behinean libre gelditu zen Goñi, baina 2013an Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen haren aurkako epaia, eta berriro atxilotzeko agindua eman zuen. Iruñeko Aske Gunean atzeman zuten gazte nafarra.

Goñirekin batera, Xabier Sagardoi ere zigortu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Maider Caminos, Arotz Azkona eta Mikel Jimenez, berriz, absolbitu egin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.