Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte, bihar, Miren Soloeta, Amaiur Lopez de Lacalle, Aitor Uribe eta Asier Duran otxandiarrak. 2015eko uztailaren 25ean Luzia Urigoitia ETAko kideari egindako omenaldian parte hartzeagatik atxilotu zituztenlaurak, iazko irailean. Ekitaldi hura antolatzea egozten diete eta, horrenbestez, «terrorismoa goratzea». Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra, 7.200 euroko isuna eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen du bakoitzarentzat. «Epaiketa honek agerian uzten du estatuaren babespean egindako erailketek inpunitate osoa dutela oraindik ere», salatu dute Libre Otxandiokoek.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok agindu zuen operazioa. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz Euskal Herria bisitatzen ari zen egunean gertatu ziren atxiloketak. «Operazioa Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren erabaki baten ondorioa da, eta xede du terrorista baten goraipatzea eta, beraz, biktimen umiliatze delitua ustez egin duten lau pertsona justiziaren esku jartzea», zioen orduan Fernandez Diazek.
Otxandioko (Bizkaia) gaztetxea miatu zuen Guardia Zibilak, Urigoitiari egindako omenaldian erabilitako materiala atzeman nahian. Han izan zituzten lau atxilotuetatik hiru —Amaiur Lopez de Lacallek habeas corpus-a eskatu zuen eta Txagorritxuko erietxera eraman zuten, Gasteizera—, eta Madrilera eraman zituzten denak ondoren. Tres Cantoseko polizia etxean gaua egin ondotik deklaratu zuten Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.
Lau atxilotuak libre utzi zituen Eloy Velasco epaileak, baina hamabostean behin epaitegira agertzeko balditzapean eta Espainiatik irtetea debekatuta. Ez zuten bermerik ordaindu beharrik izan, baina karguekin eta «terrorismoa goratzea» leporatuta irten ziren laurak handik.
Biktimen zerrendan
Luzia Urigoitia otxandiarrari 2015eko uztailaren 25ean sorterrian egindako omenaldia dago, beraz, Lekanda izenaz bataiatu zuten polizia operazio haren iturburuan. Kontua da Urigoitia bizitzeko eskubidearen urraketaren biktima gisa agertzen dela Jaurlaritzak plazaratutako Udal Erretratuen Mapan, Pasaian (Gipuzkoa), «egiaztatze eta ikerketa handiagoa behar duten kasuen» atalean. Jaurlaritzak udalei emandako dokumentazioan agertzen da Urigoitia «bi unetan botatako su-armen tiroen ondorioz» hil zela, Guardia Zibila izan zela egilea, eta autopsiaren pasarte batzuk eta orduko zenbait egunkarik plazaratutako informazioak ere badakartza. Horietan, nabarmentzen da tiroak bi izan zirela —horietako bat garondoan eta bertatik bertara emandakoa, armaren kanoiak «azala ia ukituz»— eta auziaren ikerketan irregulartasunak izan zirela.
Atxiloketa haien ostean, horregatik, Otxandioko Udalak aho batez onartutako agirian, «babesa» eskatu zion Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiari. Jonan Fernandez idazkariak zera adierazi zuen hurrengo egunean: «Erabat ezberdina da indarkeriaren biktima baten sufrimendua gogoratu eta errekonozitzea, edo haren militantzia omentzea».
Urigoitia omentzeagatik Otxandion atxilotutako laurak bihar epaituko dituzte
«Terrorismoa goratzea» egotzita, bi urte eta erdiko espetxe zigorra, 7.200 euroko isuna eta bederatzina urteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu