Euskal presoak

Uribetxebarria askatzeko eskatu dute Bilboko elkarretaratzean

Gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru euskal presoak kaleratzea ere galdegin dute Gernikako Akordioaren sinatzaileekUribetxebarriak gose grebari eutsiko dio askatzen ez duten bitartean

Egunotan Donostiako Ospitalean gose greba egiten ari direnek hitza hartu zuten Gernikako Akordioak antolatutako elkarretaratzean. JON HERNAEZ / ARP.
Bilbo
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Preso gaixoak kalera! Konponbide garaia da lelopean, ehunka pertsona bildu ziren atzo eguerdian Bilboko Euskadi plazara. Josu Uribetxebarria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak «berehala» askatzeko eskatu zuten Gernikako Akordioaren sinatzaileek eta plazara bildutakoek. Espetxeetako Zuzendaritzak hirugarren gradua aplikatu zion herenegun Uribetxebarriari, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utziko duten erabaki beharko du hurrengo egunotan. Uribetxebarriak hamabi egun daramatza gose greban Donostiako Ospitalean. Fran Baldak eta Jon Garaik elkarretaratzean argitu bezala, euskal presoak gose grebari eutsiko dio askatzen duten arte.

Josu Murgia Aralarreko Bizkaiko koordinatzailea eta Sonia Gonzalez LAB sindikatuko kidea Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean aritu ziren atzo. Auzitegi Nazionalari Uribetxebarria «berehala» askatzeko eskatu zioten. Euskal presoa kaleratzea «arrazoi humanitarioei» erantzutea dela azpimarratu zuten biek,eta salatu zuten Espainiako Estatua, gaixotasun larriak dituzten presoak atxiloturik edukita, haien oinarrizko eskubideen kontra eta, beraz, legearen kontra ari dela: «Larrialdi humanitario baten aurrean gaude, eta muturreko egoera horrek giza eskubideen aldeko mezu ozen eta zabalaz kalera ateratzera derrigortzen gaitu», zehaztu zuen Gonzalezek. Gernikako sinatzaileek herenegun deitu zuten elkarretaratzera, Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak Herrira-k Bilbon antolatua zuen manifestazioa debekatu eta gero.

Besteak beste, berton izan ziren Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia, Amaiurreko Onintza Enbeitia eta Maite Aristegi diputatuak eta Alberto Unamunzaga senataria, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailea, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea eta Belen Arrondo EILAS sindikatuko kidea.

Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkariak ez ezik, Donostiako Ospitalearen aurrean gose greban jarraitzen duten lagunek ere hartu zuten hitza atzo Euskadi plazan. Fran Baldak eta Jon Garaik ere gaixo larri dauden euskal preso politikoak kaleratzeko eta sakabanaketa amaitzeko presio soziala handitu beharra aldarrikatu zuten. «Ez da kasualitatea biltzen edo sortzen ari garen uholde hau. Garbi dago azken hilabeteotan euskal gizartean indarra eta kemena erakustaldi bikainak izan direla», azaldu zuen Baldak. «Izugarrizko olatua sortu dugu, eta olatua probestu behar dugu Josu eta beste hamahiruak kaleratzeko. Eta, nola ez, hor daukagu doktrinaren ezarpena, horri buruzko Estrasburgoren ebazpena, eta gure indarra eta presio soziala areagotzen joan behar dugu sakabanaketa eta injustizia hauek guztiak amaitzeko».

13 preso gaixotasun larriekin

Lan horrekin guztiarekin jarraitzea eta gaixo dauden presoak libre geratzea beharrezkotzat jo zuten biek: «Beste hamahiru preso egoera berera hel daitezke; azkenaldi honetan esaten ari garen bezala, gaixotasun larriak dituzten presoek kalean egon behar dute, eta Espainiako Estatuak ez ditu betetzen haiek dituzten eskubideak», salatu zuen Baldak. «Egoera horiek muturrera hel daitezke, eta berriz egon gaitezke beste Josu batzuen aurrean, luze gabe». Bide horretan, halakorik berriz gerta ez dadin euskal gizarteak indarra «bulkatu» behar duela iritzi diote. Baldak eta Garaik gogoan izan zituzten Uribetxebarriari elkartasuna adierazteko gose greban diharduten presoak, herenegun Donostian atxilotutako lagunak, herrietan eta hiriburuetako mobilizazioetara bildutakoak eta bestelako ekintzetan parte hartu duten guztiak.

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eskatuta debekatu zuen Auzitegi Nazionalak atzo goizerako deitua zen manifestazio nazionala. Atzo goizean berton, AVTk Gernikako Akordioak deitutako elkarretaratzea ere debekatzeko eskatu zion Pedraz epaileari. Elkarretaratzea debekatu ez bazuen ere, epaileak ekitaldiaren inguruko txostena eskatu zion Ertzaintzari. Herrizaingo Sailak prentsa ohar bidez adierazi zuen ez zela «inolako gorabehera aipagarririk» jazo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.