Uribe Kosta BHI institutuko (Plentzia, Bizkaia) hainbat ikaslek salatu dute mezu «iraingarriak, matxistak eta homofoboak» jaso dituztela bertze ikaskide batzuengandik. Hiruka hedabideak eman du horren berri, eta gehitu ikasleek zuzendaritzaren jarrera salatu dutela.
Institutuko atarian agerraldia egin zuten atzo goizean, Gure autodefentsa zuen beldurra lelopean. Hiruka komunikabideak azaldu duenez, mezuak «ikasleen arteko txantxa» gisa hasi ziren, baina gero hainbat ikasle «mezu desegokiak eta mingarriak» jasotzen hasi ziren. Gehitu dute ikasle talde horrek berak bertze ikaskide batzuen ordenagailuak hartu zituela, haien izenean mezuak igortzeko. «Egoera hori ikusirik, denek ez zuten hitz egiteko konfiantzarik, baina beste batzuek zuzendaritzara jo genuen. Hau izan zen zuzendaritzatik jaso genuen erantzun bakarra: 'Izenik ez baduzue, ezin dugu ezer egin'. Arazoari garrantzia kendu zion», adierazi zuten atzoko agerraldian.
Duela bi aste, gainera, irakasle batek ere mezuak jaso zituela adierazi zuten agerraldian, eta hark zuzendaritzari jakinarazi zionean hartu zirela neurriak.
Instagram bidez, Plentziako Udalak adierazi du herrian ez dutela eraso matxistarik edo homofoborik onartzen. «Gure babes osoa erasoa jasandako guztiei, ikasle zein irakasle», erran dute.