Duela bi egun atxilotu zuen Frantziako Poliziak Igor Uriarte, Ziburun (Lapurdi), errepideko kontrol batean. Bilatuak diren pertsonen fitxategian Frantziako Estatuan egoteko debekua zuela agertzen zen, eta berehala atxiloaldian sartu zuten euskal preso ohia. Jakinarazpena jaso eta, Prokuradorearen aitzinetik pasatu zen atzo, eta epaiketa gaur arratsaldean izan du, Baionako Auzitegian. Epaileak Fiskalaren eskaerarekin bat egin du: urte beteko epea eman dio gasteiztarrari Frantziako Estatuan egoteko debekua kentzeko desmartxak egiteko. Parisko Auzitegiak hartu beharko du erabakia, han ezarri ziotelako zigorra 2017an. Hala, 2021eko irailaren 21ean pasatuko da berriz Baionako Auzitegiaren aitzinetik. Bitartean, lurralde debekuak indarrean segitzen du; Uriartek ez du, beraz, ez Ipar Euskal Herrian ez eta Frantziako Estatuko lurraldeetan ere egoteko eskubiderik. Libre utzi dute epaiketaren ondotik, Baionako espetxean gau bat pasatu ondoan.
2019tik bizi izan da Urruñan, eta Lapurdin egiten du lan. Haren abokatu Maritxu Paulus Basurkok zehaztu du Uriarte ez dela «gordeka» bizi izan: zergak deklaratu ditu, enpresa muntatzeko prefetaren baimena lortu du, eta etxebizitza Urruñan duela ere deklaratu du. «Gizarteratze eredu arrakastatsua» izan duela argudiatu du, oro har. Epaiaren harira «egoera biziki konplikatua» dela esan du abokatuak, debekuak indarrean jarraitzen duelako prozedurak egin bitartean.
Uriarte 2017ko irailean epaitu zuten Parisen, beste bost presorekin batera, eta 2018ko martxoan utzi zuten libre, lau urteko espetxe zigorra bete ostean, Frantzian.