Uriarteren bost oinarriek Eskola Kontseiluaren babesa jaso dute

Euskadiko Eskola Kontseiluak oniritzia eman dio Jaurlaritzak aurkeztu duen adituen txostenari. Uste du elkarbizitza positiboa eta kulturartekotasuna falta direla

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, 2017-2018 ikasturtearen irekiera ekitaldian, Gasteizko Angel Ganivet ikastetxean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Euskadiko Eskola Kontseiluak ontzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege berria adosteko proposatutako bost oinarriak: hezkuntza sistemaren modernizazioa, bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta ikastetxeen autonomia. Baina beste batzuk falta direla uste du: Euskal Hezkuntza Sistemaren egitura eta arkitektura, finantzaketa, euskalduntzea, plangintza eta erlijioaren tratamendua aipatu ditu. «[Eskola Kontseiluak] gustura ikusiko luke dokumentu zehatzago eta garatuago bat atal batzuetan, baina ulertu nahi du prozesuaren hurrengo faseari dagokiola». Dena den, oro har, Eskola Kontseiluak txostenaren balorazio positiboa egin du bere batzorde iraunkorrak idatzi duen ebazpenean. 21 ordezkariren babesa jaso zuen atzo arratsaldean bozkatu zuen osoko bilkurak. Aurkako bederatzi boto egon ziren: sindikatuetako ordezkarienak eta EHIGE sare publikoko guraso elkartearenak. Boto partikularra aurkezteko asmoa dutela iragarri dute guztiek. ELAren ordezkariak ez ziren bilkurara joan; Eskola Kontseiluaren barruan izandako eztabaida prozesuan ere ez du parte hartu sindikatuak.

Ebazpenaz gain, testuari ipinitako 25 emendakinak ere bozkatu zituzten —LABenak guztiak—, baina ez zen bakar bat ere onartu. Besteak beste, hizkuntzari lotuta, murgiltze ereduaren alde egin zuen. Sindikatuak burujabetzaren ideia ere gehitu nahi izan zuen: hezkuntza legea Eusko Legebiltzarrak eta hezkuntza komunitateak adostua izatea, Espainiako legediak eta erakundeek esku hartzeko aukerarik izan gabe.

Joan den otsailean aurkeztu zuten Hezkuntza Sailak eskatuta aditu talde batek egindako txostena. Hurrengo urratsean, Eusko Legebiltzarrera joango da, ordezkaritza duten alderdiek hezkuntza lege berria adostu dezaten, hura abiapuntu hartuta.

Hizkuntzan, apalen

Baloraziorik apalena jaso duen atala da hizkuntza: 1etik 5era, 3.7. «Kontseilua ados dago helburuarekin eta proposatzen dituen oinarrizko printzipioekin». Jaurlaritzaren agiriak esaten du euskarak ardatz izan behar duela lege berrian, eta B2 maila ipini du helburu. Baina ez du aipatzen aldaketarik hizkuntza ereduen sisteman. Eskola Kontseiluak ez du testua aldatzeko eskatu.

Bizikidetzaren alorrean, ikastetxeen matrikulazioen arteko desorekari erreparatu dio, eta horiek zuzentzeko neurriak hartzeko eskumena aitortu dio Jaurlaritzari. 3,9 puntu jaso ditu atalak. Ebazpenak dio: «Kontseiluak faltan bota ditu bizikidetza positiboa, hezkidetza eta kultura artekotasuna bezalako gaiak».

Aldaketa gehien proposatu dituen alorra izan da bizikidetza, eta eranskinean ere sakondu du halako gaietan. Eskola Kontseiluaren arabera, hezkuntza komunitate osoaren erantzukizuna da «elkarbizitza positiboa» sustatzea, eta lotura zuzena du oinarrizko gaitasunekin. «Ikasleek dituzten aurreiritzi arrazistak gainditzeko», ebazpenak kulturarteko hezkuntzaren garrantziaz ohartarazi du. «Ezinbestekotzat» jo du erlijioak ezagutzea eta erlijioa zer den ulertzea ere, erlijio ezberdinetako fededunen eta fedegabeen arteko elkarbizitzarako. Horregatik, iruditzen zaio irakasleek prestakuntza jaso behar dutela hiru arlo horien inguruan. Era berean, ohartarazi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna«inplizituki» landu behar dela eskolako bizitzan.

Adituek ebaluazio sistema berri eta «integrala» proposatu dute. Arlo horretan ere 3,9ko puntuazioa jaso du Jaurlaritzaren txostenak, eta Eskola Kontseiluak ez du egin testua aldatzeko proposamenik. Hezkuntzaren modernizazioari dagokionez, adituen txostenak irakasleen prestakuntzari erreparatu dio, nabarmenduz «dualagoa» izan behar duela. Kontseiluak lau puntu eman dizkio arlo horri, eta adierazi du ados dagoela helburuarekin. Autonomiaren atalak jaso du baloraziorik onena: 4,1. Adituek esan dute sakondu egin behar dela, baita giza baliabideetan eragiteko ere. Besteak beste, kontseiluak uste du autonomia hori jangelen eta garraioaren kudeaketara ere zabaldu beharko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.