Koronabirusa

Uriartek ulertuko du eskolak ez irekitzea, «ondo justifikatuta»

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ziurtatu du ikasle batzuk astelehenean itzuliko direla. Berme juridiko faltagatik erabaki zuten itzulera atzeratzea

ikastetxe bateko gela bat hutsik, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzaren 25ean itzuliko dira ikastetxera DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle gehienak. Hiru egun geroago izango da Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako lehen mailako ikasleen txanda. Hori berretsi zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, atzo, Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. Halere, ohartarazi zuen: «Ez da klase presentzial normal bat izango». Itzulerarako modu desberdinak egon daitezkeela aipatu zuen: talde txikiagoak, talde batzuk tutoretzarako bakarrik, errefortzurako eskolak, ez denak batera... «Saiatu behar dugu ez daitezela egon multzo handiak. Horregatik, sarrerak modu mailakatuan egin beharko dira, jolasgaraian txandaka...».

Itzulerarako malgutasuna aipatu du Uriartek. «Ikastetxe bakoitzak, bere autonomiaren arabera, pentsatuko du zer plan egin, nola itzuli eta zelako jarduerak garatu behar dituen ikasleekin». Horretarako, euren laguntza eta bermeak izango dituzte. Galdetuta ea ulertuko lukeen ikastetxeen gehienek ez irekitzea, esan zuen ulertuko lukeela «ondo justifikatzen badute eta benetan ondo planteatzen badute horrek horrela behar duela». Ohartzen daegoera desberdinak dituztela: «Ezin da esan denak itzultzen direla edo denak ez direla itzultzen». Eskolekin harremanetan daudela nabarmendu zuen, eta, azaldu zuenez, horietako batzuk prest zeuden astelehen honetan hasteko, baina maiatzaren 25era atzeratuko dute hasiera. «Beste batzuek esaten digute agian 25ean ezetz, baina 26an baietz, edo ekainaren lehenengoan».

Berez, atzo ziren hastekoak aurrez aurreko eskolak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikaslerentzat. Uriartek esan zuen agian Espainiako Gobernuari galdetu beharko zaiola zergatik ez duten eduki horretarako segurtasun juridikorik. «Onartu zigutenean joan den asteburuan hurrengo fasera pasatuko ginela, esan zuten Bizi Berri planean zeuden baldintza guztiekin, eta hor hezkuntza ere jasota zegoen». Uriarteren hitzetan, hasieran baietz esan zieten, baina gero ez diete eman behar duten berme juridikorik, agindu baten bidez. «Horregatik erabaki genuen, azken momentura arte itxaron gabe, ez zuela merezi zalantzan egotea, eta astebete atzeratuko genuela».

Itzulerara begira, hainbat protokolo bidali dituzte ikastetxeetara. Horiekin, ikastetxe bakoitzak bere plana landu beharko du. Sindikatuekin ere lanean aritu direla esan zuen, eta prest daudela biltzen segitzeko. LAB sindikatuak ohartarazi du, ordea, eskolara «berme guztiekin» itzuli ezean «plantorako deia» egingo duela, eta salatu du sindikatuekin ez dutela «ezer adostu».

Gazteagoei begira, DBHko laugarren mailatik beherakoak ez dira itzuliko aurrez aurreko eskoletara. 0-1 urtekoei dagokienez, aztertzen ari dira, «baldintza bereziak» direlako. Datorren ikasturtea irailaren 7an hasiko dela iragarri zuen Uriartek, baina ez zituen xehetasun gehiago eman.

Ikasle guztiak ez

Ikastolen Elkarteak ohar bidez adierazi du, curriculumaren ikuspuntutik, uste duela ez dela «ezinbestekoa» ikasturte amaierarako Hego Euskal Herriko ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea. «Itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino». Ikasle nagusienen kasuan, lana eta jarraipena «bermatuta» daudela diote, lanerako ohitura berriak barneratu dituztela eta ordutegiak eta ikasketa prozesuak antolatuta daudela.

Horrenbestez, hirugarren ebaluaziorako, kasu batean ere ez dute «ezinbestekotzat» jotzen ikasle talde osoak ikastolara itzultzea. Hala ere, «errefortzua eta arreta» behar dituztenei eskainiko diete, eta bide telematikoak edo presentzialak baliatuko dituzte. Gainera, hainbat egoeratan «arreta berezia» jarriko dutela azpimarratu dute, besteak beste, DBH 4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ezohiko ebaluazioari eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleek egin beharreko USE probari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.