Andre Maria Zuria bereziki koloretsua izan zen atzo. Gora Gasteiz Egunak milaka lagun elkartu zituen han, puxikak eskuetan, denek eskaera bera ahoan: aniztasuna, bizikidetza eta eskubide sozialetan oinarritutako hiria. Aldarri hori zabaldu zuten egun osoan, hiriko hainbat txokotan; eguerdiko ekaitzak gogoa bizitu baino ez zuen egin.
Joaldunak izan ziren Foru Plazan hasitako kalejiraren buruan, EH 11 Koloreren aker koloretsuaren aurretik. Askotariko ehunez eginiko banderak zituzten atzetik, haur eta nagusien batukada... Jai giroan, Andre Maria Zuriaren plaza bete zuten, eta aurreikuspen guztiak gainditu. «Hunkigarria da ikustea zenbat pertsona gauden elkarbizitza defendatzeko prest», esan zuen Mari Carmen Beltranek, senideekin gerturatutako 75 urteko andreak.
Kalejiraren bukaeran bost emakume anonimok hartu zuten hitza, plazaren zenbait tokitatik. Euskaraz, gazteleraz, arabieraz eta keinu hizkuntzan hiri plurala aldarrikatu zuten: «Azken hilabeteetan gertatutakoa erabateko arduragabekeria da, eta ez gaude onartzeko prest», salatu zuten, txalo artean. «Auzo-lotsa sortzen duten bakoitzean, gasteiztar harrotasunez erantzungo dugu, elkarrekin, indarrez eta kolorez!».
Kalejira jende gehien bildu zuen ekitaldia izan bazen ere, zenbait ordu lehenago hasia zen mugimendua. 11:00etarako pertsona asko zeuden Probintzia plazan, zumba tailerrean parte hartzeko prest. Eguzkia gogoz jotzen ari zen, eta izerdi patsetan bukatu zuten askok. 12:00ak gerturatu ahala, Aihotz plazarantz mugitzen hasi zen jendea; Irrien Lagunak zituzten zain han.
Eguerdiko ekaitzak, txingor eta guzti, gelditu zituen ekitaldi gehienak, behin-behinean. Posta plazan bildutako elkarteen ordezkariek ahal zuten moduan eutsi zieten itoginei. Hogei minutu luze izan ziren; Hala Bedik prest zuen irratsaio berezia bertan behera utzi behar izan zuen.
Handik metro gutxira, arkupeetan, ehunka haur ari ziren hamaika ekintzetan parte hartzen: txapak egiten, Gasteizko irudiak koloreztatzen, haien izenak hizkuntza ezberdinetan nola idazten diren ikasten, baita sexu eta kolorerik gabeko panpina batzuk munduko arropa ezberdinekin janzten ere. Ekaitza amaitutakoan, bertaratutakoek kaleak kolorez jantzi zituzten berriro.
Gora Gasteiz Egunarekin ibilbidea bukatutzat eman du izen bereko plataformak. Bost hilabeteko ibilbide horretan, Gasteizek aurretik zituen koloreak azaleratzen eta loratzen lagundu dute. Plataformaren aterkipean dauden elkarteek lanean jarraituko dute, bakoitzak bere bidean, baina Andre Maria Koloretsuaren irudia buruan.
Ureztatu osteko kolore loraldia
Gora Gasteiz plataformak agur gisa egindako deialdiari erantzunez, jendetza atera da kalera, eskubide sozialak eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu