Uretako miriofiloari erroak mozten

Botanika munduan 'Myriophyllum aquaticum' izena duen espezie inbaditzaileari aurre egiten ari dira Lopidako urmaelean. Estalkiak jarri dituzte landarearen populazioa desagerrarazteko, eta lana fruituak ematen ari da.

Lopidako urmaelaren zati bat, landare inbaditzaileaz betea. BERRIA.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Uretako miriofiloa edo botanikan Myriophillum aquaticum izena duen landare inbaditzailea desagerrarazteko lanetan dabiltza Lopidako urmael batean (Araba). Duela hilabete batzuk agertu zen espeziea, eta landare horrek inguruko landare-animaliak baldintzatu ditu. Izan ere, espezie inbaditzailea izanik, kalteak sor ditzake urmaelaren inguruan. Gaur egun, urmaela estalita dago, estalki biodegradagarri batzuekin. Ezabatze estrategia funtzionatzen ari da, eta landarearen populazioa hiltzen.

Daniel Garcia botanikan espezializatua da, eta uretako miriofiloa Lopidatik desagerrarazteko lanean aritu den taldeko kidea da. Beste zientzialari batzuekin ere aritu da urmaelean. Hasieran eskuz kentzen aritu ziren espeziea, lehen ezabapen lanak egiten zebiltzanean. Jakin duenez, oraindik landarearen kimu batzuk ikus daitezke urmaelean. Hala ere, baikor agertu da lana hartzen ari den bilakaerarekin: «Uste dut landarea hiltzen ari dela. Baina zaintza behar du, Bestela uretako miriofiloa berriz zabalduko da». Uraren Euskal Agentzia otsailetik ari da lanean Lopidanako inguru horretan; errekastoaren ur mailak erreka igarotzeko ibitik pasatzeari utzi eta berehala ekin zioten lanari. Jardun mekanikoen eta produktu kimikoen erabilera saihestu izan zuten horrela, Uraren Agentziak jakinarazi zuenez ekainean argitaratutako idatzi batean.

Estalkiak apirilean jarri zituzten Arabako hiriburuko periferiako urmael horretan. Estalki horiek koko zuntzez eginak daude, eta, landareak eguzki izpirik gabe itzaletan mantenduz, landareak hilez joan dira, estalkiaren materialagatik. Myriophyllum aquaticum-a akuarioetan eta lorezaintzan apaingarri gisa erabiltzen da; horrela sartzen da Euskal Herrian eta landare hori agertzea ohikoa ez den beste inguruetan. Uretako miriofiloa propaguluen bidez zabaltzen da, eta landarearen zati txiki batetik beste ale bat sor daiteke.

Herritar batek antzeman zuen espeziea agertu zela. Inguruko nekazariek ura hartzeko baliatzen duten baltsa batean aurkitu zuen. Ur ikuskariari inoiz ikusi ez zuen landare mota baten berri eman zion. Oso azkar ugaltzen ari zen; hasierako foku hark 120 metro karratuko hedadura bat estali zuen urmaelaren inguruan. Ezabatze lanean aritu dira inguruko laku txikietan eta Zadorra ibaian.

Jatorria eta eragina

Landare inbaditzaile hau Euskal Herrian ikustea oso arraroa da berez. Amazoniako lurretan du bizilekua, baina Europan nahiko hedatua dago. Iberiar penintsulan, Portugalen eta Espainian ezagutzen dira kasuak; Uraren Agentziak badaki Austrian, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Herbehereetan ere badirela landare horren populazioak. Errazagoa da uretako miriofiloa aurkitzea klima epeleko eremuetan eta latitude tropiko eta azpitropikoetan. Ur gezetan bizi da, hala nola laku, urmael, ubide edota korronte mantsoko ibaietan. Sakonera gutxiko uretan errotzen da. Zurtoin eta hostoen zati bat urpean egoten da; bestea, berriz, uretatik kanpo, 15 eta 40 zentimetro bitarteko altuerakoak izatera hel daiteke. Uraren Agentziako kideek azpimarratu dutenez, ez da erraza ezabatzen; izan ere, landarea erro-errotik kendu ezean, berezkoa du hazteko joera. Horregatik jarri dituzte estalkiak Lopidan. Kontrol oso zaileko espeziea dela gaineratu du Uraren Euskal Agentziak.

Landareak ohikoak ez dituen beste klimetara sartzeko era bitxia du: lorezaintzan eta akuarioetan apaingarri gisa erabiltzen denez, kentzen dutenean zabaltzen da, berriz sortzeko gaitasuna du eta. Espezie inbaditzailea landaredian sartuta «bertako beste landare autoktonoak» ordezka ditzakeela ohartarazi du Garciak. «Gizakion jardunari begira, ureztatzeko kanalak eta sistemak blokea ditzake uretako miriofiloak», gaineratu du. Hori dela eta,sartu berri dute Espainiako espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan, eta kezka sortzen duten espezie arrotz inbaditzaileen Europako Batasunaren zerrendan ere badago uretako miriofiloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.