Urduñan egingo dute 2025eko Euskal Eskola Publikoaren Jaia, ekainaren 1ean

Dagoeneko badu irudia, baita leloa ere: 'Lurra, herria, eskola errotu'. Egitarauaren zertzelada nagusiak eman dituzte: lau gune atonduko dituzte.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, gaur. EHIGE
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, gaur. EHIGE
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 12a
12:16
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute hurrengo Euskal Eskola Publikoaren Jaia, 32.a: 2025eko ekainaren 1ean izango da, Urduñan (Bizkaia). Eman dituzte egunaren zertzelada nagusiak ere: jaiak lau gune izango ditu, baita «ohiko gune ibiltaria» ere.

Horrenbestez, Ordiziari (Gipuzkoa) hartuko dio lekukoa Urduñak, «indarrez» hartu ere. Dagoeneko badituzte irudia eta leloa: Lurra, herria, eskola errotu leloaren bueltan ardaztuta egingo dute festa. Aurkezpenean azaldu dutenez, horrela, zera aldarrikatu nahi dute: lurrean eta herrian txertatuta dagoen hezkuntza eredu publikoa.

Gehiago xehatu dute leloa. Hain zuzen, nabarmendu dutenez, Urduñakoa elikadura erdigunean ipintzen duen eskola da. Esaterako, 2018-2019ko ikasturtetik martxan dute eskola jantokiaren proiektu pilotua, eta eskolan sukaldea edukitzea eskatzen ari dira. Horrekin batera, patioa eraberritu dute, «herriko umeei espazio lagunkoi eta hezitzaile bat eskaintzeko». Gainera, herriari dagokionez, nabarmendu dute urduñarrek orain 30 urte lortu zutela herri eskola sortzea, «publikoa izango zen eskola batek soilik berma zezakeelako belaunaldi berrien euskalduntzea». Halaber, aipatu dute erakundeen «apustu irmoa» behar dutela sistema publikoaren alde: baliabide berrituak eta inbertsioak nahi dituzte.

Leloko kontzeptuak oinarri hartuta diseinatu dute irudia ere. Azaldu dutenez, Xabat Agirrek egin du, eta elementu hauek ageri dira: zuhaitz bat, arrosa koloreko etxe bat... Agirrek kolore beroak eta forma organikoak erabili ditu.

Egun seinalatuaren zertzelada nagusiak

Ekainaren 1ari begira, zenbait zertzelada eman dituzte. Hain zuzen, lau gune atonduko dituzte: Foru Plaza, Museoaren Plaza, Gernika Plaza eta eskola. Eta «ohiko gune ibiltaria» ere egongo da. Buruan dituzte zenbait ekintza: aurreratu dute puzgarriak; tailerrak; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna... egongo direla.

Aurtengoa Euskal Eskola Publikoaren 32. jaia izango da. Aurkezpenean goraipatu dutenez, egun horren helburua da eskola publikoa «hezkuntza sistemaren ardatza» izan behar dela aldarrikatzea. Eskola publikoaren komunitatea osatzen duten milaka lagunen topagune izan ohi da, eta eskola publikoa ahalduntzea izan ohi du xede. Ez hori bakarrik: «Eskola publikoak bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da: publikoa den heinean, denona eta denontzat da; euskararen eta euskal kulturaren sustatzailea da; herrian txertatua dago; hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritzen da; eta berritzailea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.