Urduñako espetxe frankistan hildako beste pertsona bat identifikatu du Gogora-k

Ramon Torres Donoso 1939an lekualdatu zuten Urduñako kartzelara, eta 1941eko martxoaren 15ean hil zen. Gorpuzkiak senideei eman dizkiete jada.

Urduñan hobitik ateratako zenbait biktimari egindako omenaldia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Urduñan hobitik ateratako zenbait biktimari egindako omenaldia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
aitor biain
2024ko irailaren 6a
13:00
Entzun

Gogora institutuak jakinarazi du Ramon Torres Donosoren gorpuzkiak identifikatu dituela. Duela bi urte Urduñako (Bizkaia) hilerrian egindako desobiratze lanei esker identifikatu duten hamaikagarrena da. Gorpuzkiak haren senideei eman dizkiete, lur emateko.

Torres Santa Amalian (Badajoz, Espainian) jaio zen, eta 1941eko martxoaren 15ean hil zen, 38 urte zituela, Urduñako espetxe frankistan. Nekazaria zen lanbidez, eta UGT sindikatuko afiliatua zen; ezkonduta zegoen, eta bost seme-alaba zituen. 1936ko gerran, atxilotu eta preso sartu zuten, Badajozen bertan. Castuerako espetxean zela, Urduñara lekualdatu zuten 1939an, eta han hil zuten.

Gogora-ren esanetan, espetxe horretan hil zituzten 225 lagunetatik 102 Badajozko espetxetik eraman zituztenak ziren. Torresen gorpuzkiak 2022an atera zituzten hilerritik, baina orduan ezin izan zuten identifikatu. Senideen DNA lagin bati esker identifikatu dute orain. Senideek Urduñan bertan emango diete lur gorpuzkiei, ekitaldi pribatu batean, familiak hala eskatuta.

Lan gehiago

Gogora institutuak 71 lagunen gorpuzkiak atera zituen Urduñako hilerritik, 2014an eta 2022an eginiko lanetan. Horietatik 11 identifikatu dituzte oraingoz, baina harremanetan daude Urduñako kartzela frankistan hildakoen 60 familiarekin, haien DNA laginak eskuratu eta identifikazio prozesuekin jarraitzeko.

Halaber, urtea amaitu baino lehen dagoeneko erabiltzen ez diren eta presoen hilobien gainean eraikitako horma-hilobiak eraisteko lanei ekingo diete Gogora institutuak eta Urduñako Udalak. Horri esker, bertan hobiratuta egon daitezkeen gorpu gehiago ateratzeko desobiratze lanak egingo dituztela aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.