Urduñako espetxe frankistan hildako beste pertsona bat identifikatu dute, bederatzigarrena

Francisco de la Cruz 1940an eraman zuten Urduñako kartzelara, eta 1941eko apirilean hil zen.

(ID_13059968) URDUÑA GORPUZKIAK - 1936KO GERRA
Urduñan hobitik ateratako zenbait biktimari egindako omenaldia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2023ko abenduaren 20a
15:00
Entzun

Gogora institutuak jakinarazi du Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak eman dizkiola haren familiari. Urduñako (Araba) hilerrian identifikatu duten bederatzigarren laguna da.

Azaldu dutenez, De la Cruz, Quintana de la Serenan (Badajoz, Espainia) jaioa, 1941eko apirilaren 17an hil zen, 68 urterekin, Urduñako espetxe frankistan. Nekazaria zen lanbidez, ezkonduta zegoen, eta bi seme-alaba zituen. Gogora-ren esanetan, 36ko gerran atxilotu eta, Badajozko zenbait espetxetatik igaro ostean, Urduñakora eraman zuten, 1940ko urtarrilaren 31n.

Haren gorpuzkiak 2014an atera zituzten herri hartako hilerritik, baina orduan ezin izan zuten identifikatu. 2022an, baina, Gogora-k eginiko beste indusketa batzuk tarteko, De la Cruz familia harremanetan jarri zen institutuarekin. Hala, senide batek emaniko DNA lagin bati esker identifikatu ahal izan dute Francisco de la Cruz.

Gogora-k 71 lagunen gorpuzkiak atera zituen Urduñako hilerritik, 2014an eta 2022an eginiko lanetan. Horietatik bederatzi identifikatu dituzte oraingoz, eta harremanetan daude Urduñako kartzela frankistan hildakoen 60 familiarekin, haien DNA laginak eskuratu eta identifikazio prozesuetan aurrera jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.