Urdaibaiko ibaiak, jopuntuan

Okaren ibaiadar batzuetan, gutxieneko emari ekologikoa erdia baino gehiago murriztu du Uraren Euskal Agentziak. Zenbait talde ekologistak erabakiaren aurka egin dute.

Urdaibaiko biosferaren erreserba, aireko ikuspegi batetik
Urdaibaiko biosferaren erreserba, aireko ikuspegi batetik. MIKEL ARRAZOLA
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Euskal Herriko hezegune handiena da Urdaibai, baita aniztasun biologiko handienetakoa duena ere. Oka da Urdaibain itsasoratzen den ibai nagusia, hezeguneko ardatza, eta, ekosistemaren iraupen egokia bermatzeko, ibaiadarrek gutxieneko ur emari bat izan behar dute. Gutxieneko ur emari horri emari ekologikoa deitzen zaio. Bada, maiatzaren 10ean, Okaren hiru ibaiadarren emaria murrizteko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziak; ibai horien tarte batzuetan, erdia baino gehiago. Erabakiak haserrearazi egin ditu hainbat talde ekologista; tartean, Ekologistak Martxan eta Eguzki. Joan den astean, helegite bat aurkeztu zuten neurriaren aurka, eta ez dute baztertu auzitara jotzea ere.

Uraren agentziak maiatzaren 10ean erabaki zuen gutxieneko emaria murriztea Urdaibain, Euskal Herrian dauden biosferaren hiru erreserbetako batean —Iratiko oihanari izendapen bera eman diote berriki, eta Bardeak 2000. urtetik du estatus hori—. Oraintsu arte indarrean egon diren emari ekologikoak 2023ko plan hidrologikoan ezarri zituzten. Uraren Agentziak adierazitakoaren arabera, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak informazio berria bildu du Oka ibaiaren arroari buruz, eta datu horietan oinarrituta hartu dute emari ekologikoa murrizteko erabakia: «Egiaztatu ahal izan da plan hidrologikoak zehaztutako emari ekologikoen erregimena modu egokian egokitzen zela ibaiadar gehienetan, baina ez Golako, Mapeko eta Kanpantxuko ibaietan».

«Oka ibaiaren arroan defizit arazo larria dago, baliabide hidrikoen eskuragarritasunari, ur eskarien asebetetzeari eta emari ekologikoen errespetuari dagokionez»

URAREN EUSKAL AGENTZIA

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik argitaratutako datuen arabera, plan hidrologikoaren berrikuste horrekin %60rainoko murrizketak egin dituzte emarietan, Golako ibaiaren 1 eta 2 puntuetan adibidez (Arratzu): segundoko 192 eta 156 litroko emaritik segundoko 76 eta 62 litroko emarira igaroko da, hurrenez hurren.

Emari ekologikoa murriztearen erabakia Busturialdean ur hornidurarekin dauden arazoengatik hartu dute nagusiki: «Oka ibaiaren arroan defizit arazo larria dago, baliabide hidrikoen eskuragarritasunari, ur eskarien asebetetzeari eta emari ekologikoekiko errespetuari dagokionez», azaldu du Uraren Agentziak. Izan ere, duela bi uda, edateko ura itsasontziz eraman behar izan zuten Santurtzitik (Bizkaia) Bermeora (Bizkaia), eta behin baino gehiagotan murriztu behar izan dute uraren erabilera: denbora batez debekatu egin zuten igerilekuak betetzea, autoak eta kaleak garbitzea eta lorategiak ureztatzea.

Tentsio handiko gunea aurrez ere

Bada, Ekologistak Martxan-eko Javier Vazquezek uste du emari ekologikoa murrizteak are gehiago okertuko duela egoera, Urdaibaiko espezieak mehatxuan jarriko dituelako. Gainera, azaldu du «jada tentsio handiko» ingurua dela Urdaibai. «2020an Mape lehortu bazitzaien, zer gertatuko da orain?», galdetu du Vazquezek.

Eskualdearen arazo hidrologikoari aurre egiteko, beharrezkotzat jo du etengabeko hazkundea etetea: «Betidanik bere ahalmenaren gainetik dagoen ur eskaria izan du eskualdeak; beti mugan dago, eta udan are gehiago. Ez da gai kontsumoa modu jasangarri batean mantentzeko. Beste alternatiba batzuetan pentsatu behar da, edo kontsumoa optimizatu, baina ezin gara etengabe hazten aritu».

«2020an Mape lehortu bazitzaien, zer gertatuko da orain?»

JAVIER VAZQUEZEkologistak Martxan-eko kidea

Horrez gain, Vazquezek ere zalantzan jarri du Uraren Agentziak hartutako erabakiaren legezkotasuna. Plan hidrologikoak bost urtean behin egiten dira, eta 2023an egin zuten azkena, baina hiru ibaiadar horien emaria murrizteko erabaki hori araudiaren eranskin baten behin-behineko moldaketa batekin onartu zen. Ekologistak Martxan eta Eguzki elkarteek adierazi dute euren esku dagoena egingo dutela murrizketa hori indargabetzeko, eta ez dute baztertu epaitegietara jotzea.

Uraren legearen arabera, lehorte egoeretan posible da ibai baten gutxieneko emari ekologikoa ez errespetatzea biztanleriaren beharrak betetzeko, eta horregatik ez zaie beharrezkoa iruditzen legez murriztea emari ekologikoa. Baina baldintza hori ezin da ezarri Urdaibaiko ibaietan, ekologistek azaldu dutenez. Hezegunea Ramsarko Konbentzioaren babespean dago —balio ekologiko handiko hezeguneak aitortzen ditu nazioarteko hitzarmen horrek—, eta hala dauden eremuetan ez daiteke emari ekologikoa gutxitu, ezta lehorte egoeretan ere. Horregatik, hain zuzen ere, Gernika-Lumoko epaitegiak ikerketa bat abiatu zuen 2023an, Busturialdeko Ur Partzuergoaren aurka —gaur egun Bilbo Bizkaia partzuergoaren barruan dago—, 2020an Mape ibaiadarra lehortzeagatik.

Kanona kendu dute

Ur emari ekologikoa murrizteaz gain, badira ekologistak haserretu dituzten beste erabaki batzuk ere. Eusko Jaurlaritzaren 2024ko Aurrekontuen Legean, nekazaritza eta abeltzaintza esplotazioek uraren kanona ez ordaintzeko erabakia hartu zuten, atzerako eraginez, 2022., 2023. eta 2024. urteetarako. Vazquezi «arraroa» egin zaio atzerako eraginez egitea, eta ez zaio ondo iruditzen erabakia, «uraren kanonak urria den ondasun bati balioa ematen diolako», baita uraren kudeaketaren gastuak ordaindu behar direla kontzientziatzen laguntzen duelako ere; «espero dugu salbuespen puntual bat izatea eta ez errepikatzea», azaldu du. Uraren Agentziak azaldu du Nekazaritzaren eta Klima Aldaketaren Mahaian hartutako konpromisoen araberako erabakia izan dela.

Ur kontsumoa neurtzeko aparailuetan ere begia jarria dute ekologistek. Izan ere, Uraren Agentziak onartzen duen moduan, ura nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako erabiltzen dutenek —gainontzeko erabiltzaileek bezala— «bolumenak kontrolatzeko sistemak instalatu eta haien kontura mantendu behar dituzte, ingurunetik kentzen den ur bolumena kontabilizatu eta erregistratzeko». Bada, Vazquezek azaldu du ura hartzeko puntu asko ez daudela erregularizatuta, ez dutelako kontagailurik: «Lehenik eta behin ura hartzeko puntuen errolda bat egin beharko litzateke, ikusteko zeintzuk diren legalak eta zeintzuk ez, legea bete dezaten; hori ez da gertatzen gaur egun», salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.