Ekologistak Martxan-ek bandera beltzak eman dizkie Urdaibaiko Guggenheimi eta Getariako hegalabur haztegiari

Museoa sustatu duten erakundeen «gardentasun falta» salatu dute, eta atungorrien «makrohaztegiak» itsas eremuan eragingo dituen ingurumen kalteez ohartarazi. Donostiako eta Leioako udalen ingurumen kudeaketa ere salatu dute.

Muruetako ontziola, airetik. BERRIA
Muruetako ontziola, airetik. BERRIA.
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 12a
13:50
Entzun

Urtero bezala, Ekologistak Martxan-ek bandera beltzak banatu ditu Gipuzkoan eta Bizkaian, kostaldearen kudeaketa txarragatik eta kutsaduragatik. Lurralde bakoitzean bi bandera eman ditu, baina Urdaibain egitekoak diren Guggenheim museoari eman diotena nabarmendu du Cristobal Lopezek, Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak: «Gure babesa eman nahi diegu zentzugabekeria horren aurka borrokan ari diren kideei».

Talde ekologistak hiru alderdi nabarmendu ditu proiektuari buruz: «gardentasun falta», tokiko biztanleek proiektuaren inguruan duten kontrako iritzia eta kostu handiak. Azaldu dute bizilagunek eta hainbat talde ekologistak informazioa eskatu dutela askotan, baina ez dutela erantzunik jaso. Gainera, azpimarratu dute Kosta Legea urratu duela Bizkaiko Foru Aldundiak, abisurik gabe murriztu duelako eraiki ezin den eremua, kosta lerrotik ehun metro barrurako tartetik hogei metroko tartera; talde ekologistaren ustez, mugimendu hori «funtsezkoa» da museoa eraiki ahal izateko.

Horrez gain, gogorarazi dute museoa eraiki nahi duten eremuko lurrak —Murueta ontziolarena da— jada publikoa izan beharko lukeela, 75 urteko kontzesioa egin baitzion Francisco Franco diktadoreak ontziolari 1943an, eta, beraz, iraungita baitago. Hori dela eta, ekologistek salatu dute diru publikoz erosi nahi dela jada publikoa den lur bat.

Arazoari erantzunez, Ekologistak Martxan-ek adierazi du soluzio bakarra «proiektua etetea» dela: «Horren ostean, prozesu bat abiatu beharko litzateke eskualdearen beharrei buruz eztabaidatzeko, eta herritarrak eta ingurumena lehen lerroan jarriko dituen plan sozioekonomiko serio bat egin».

Getariako «makrohaztegia»

Gipuzkoan, talde ekologistak kutsaduragatik banatu duen bandera beltza Getariari eman dio, atungorriak loditzeko egin nahi duten «makrohaztegiagatik». Kostatik 3,6 itsas miliara egiten ari dira haztegi hori, eta adierazi dute proiektu horren ostean aukera dagoela antzeko beste batzuk egiteko, eta horrek «itsas ingurunea degradatuko» lukeela.

Talde ekologistak uste du atunak loditzeko haztegi hori «mehatxu bat» dela itsas ingurunearentzat eta arrantza jardueren garapen jasangarriarentzat: «Haztegi jakin honek ez du enplegurik sortuko. Gure kostetan arrantza sektorea benetan bultzatzeko, ezin diogu geure burua multinazional bati saldu. Ezin dizkiogu saldu gure arrantza kuotak eskaintzailerik onenari, interes pribatua publikoaren gainetik jarriz. Beharrezkoa da arrantza kuotak kofradiei itzultzea», azaldu dute.

Ekologistak Martxan-ek adierazi du jakitun daudela zer-nolako garrantzia duten itsas haztegiek gizartea elikatzeko, baina nabarmendu du horiek bultzatzeko beste modu batzuk daudela: «Itsas ingurune babestuak sortu behar dira lehenbailehen, haztegi naturalak sortzea erraztuz. Horrez gain, itsas ingurunea errespetatzen duten teknikak bultzatu beharko lirateke, gure itsasoetatik ia desagertu diren espezie batzuk berreskuratzeko; bisigua, adibidez».

Azkenik, kudeaketa txarragatik, Leioako (Bizkaia) eta Donostiako udalei eman dizkiete bandera beltzak. Azaldu dute Leioako Udalak Lamiakoko padura «partzialki» leheneratu nahi duela, eta gainontzekoa parke bat eta etxebizitzak eraikitzeko bideratuko duela. Hori dela eta, zona guztian padura leheneratzeko eskatu dute.

Donostiari dagokionez, berriz, udalak Santa Klara uhartea babesteko gutxi egin duela uste dute ekologistek. Iaz ere motibo beragatik eman zioten bandera beltza Donostiako Udalari: «Iaz ohartarazi genuen bisitariak ugaritzeak eragin nabarmena izango duela espazio babestu horretan». Hondalea eskulturak bisitarien kopurua handitu duela nabarmendu dute, eta eskatu dute edukiera eta ordutegi arauak errespetatzeko, baita uharteko natura babesteko eta leheneratzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.