Euskal presoak

Urdaibaik «zoritxarrekotzat» jo ditu Goikoetxeak presoen inguruan esandakoak

Bermeo-Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlariak Iurgi Garitagoitia euskal presoa gogoratu zuen igandean, Kontxako Bandera irabazi berritan, eta Arnaldo Otegik zoriondu egin zuen sare sozialetan. Gaur arte ez du etenik izan EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aurkako kritika zaparradak.

Iñaki Goikoetxea, igandean, adierazpenak egiten, Konxa irabazi berritan. ETB
xabier martin
2023ko irailaren 12a
16:59
Entzun

Bermeo-Urdaibai arraun elkartearen arabera, «zoritxarrekoak» izan dira Iñaki Goikoetxea arraunlariaren adierazpenak euskal presoei erreparatuz, eta «modu pertsonalean» egin zituela nabarmendu du. Klubak dio Goikoetxea ez zela taldea ordezkatzeko hautatutako arraunlaria, baina ETBk deitu zuela bere ontzira. Han gogoratu zen Goikoetxea «ez daudenekin», eta datorren urtean «denak etxean egoteko» eskaera egin zuen, «bereziki Iurgi». Iurgi Garitagoitiari erreparatu zion arraunlariak, kartzela zigor luzea betetzen ari den euskal presoari.

Bada, Urdaibaik «biziki» sentitu du «sentsibilitate batzuei min egin diezaieketen adierazpenek denboraldiko bandera garrantzitsuena irabazi izana lausotzea». Ez da lehen aldia, ordea, Goikoetxea arraunlaria Iurgi Garitagoitiarekin gogoratzen dena: Kontxan bertan, txapela jantzia zuela erreparatu zion hari aurreko urtean ere.

Igandeko adierazpen horiek oihartzun handia izan dute hedabideetan aurten; ETB1en egindako adierazpenak entzun ondoren, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eskerrak eman zizkion arraunlariari sare sozialen bidez, eta kritika zaparrada gogorra heldu zaio koalizio abertzaleko buruari. «Zurekin beti emozionatzen gara, Iñaki! Eskerrik asko beti euskal preso politikoak gogoratzeagatik, eta zorionak Arraun Lagunak eta Urdaibai!», idatzi zuen Otegik.

EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko zenbait ordezkarik Otegiren hitzak arbuiatu zituzten atzo, baina gaur koska bat gora egin du kritikak, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «tamalez batzuek oraindik ibilbide luzea» dutela egiteko. «Elkar bizitzea ez da hori, eta iraganarekiko arduratsua izatea ezta ere».

Urkulluk gogoratu du Garitagoitia kartzelan dagoela Inaxio Uria enpresariaren aurkako atentatua dela eta; «merezi du gogoratzea Kontxan aritutako hamasei arraunlarien talde txikian, aurreko igandean, bi umezurtz zeudela ETAk haien aitak hil zituelako». Donostiarrako patroiaren aita Ramon Diazi eta Tolosaldeko arraunlari baten aita Josu Leoneti erreparatu die modu horretan.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere hitz gogorrak izan ditu Otegiren eta EH Bilduren aurka: «Batzuk ez dira ohartzen ezertaz, eta badira beste batzuek, Otegi jauna adibidez, gobernu berriak edo alternatiba berriak eratu nahi dituztenak». Anduezaren arabera, Otegi «ez da gai onartzeko hasierako puntuan» dagoela eta «ibilbide etiko bat» egin behar duela, gobernu berriak eratzeko saioan hasi aurretik.

«Polemika antzua»

EH Bilduk ez du elikatu nahi izan hedabideetan indar handia hartu duen ika-mika, baina, Mertxe Aizpurua EH Bilduko Kongresuko bozeramailearen arabera, urte politikoarekin batera iritsi den zalaparta «polemika antzua» da. «Ez dut uste polemika antzuetan sartu behar dugunik, eta ez naiz sartuko, zeren eta sortu dutena hori besterik ez da», esan du Aizpuruak.

Hamar hilabete barru izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta aurten egon diren bi bozetan hazkunde handia lortu du koalizio subiranistak. Aldagai hori ezin da banandu azken orduotako polemikatik, Aizpuruak aditzera eman duenez. «Duela gutxi bukatu genuen hauteskunde kanpaina bat, eta ematen du bi egunean sartu garela beste batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.