Urbiolan galdutako andrearen autoa azaldu da, barruan gorpu bat duela

Lohiz betetako erreten batean agertu da; hildakoa Maria Angeles German den ikertzen ari dira foruzainak

arantxa iraola
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Urbiolatik (Nafarroa) gertu lokatzez betetako erreten batean Maria Angeles Germanen automobila aurkitu zuten atzo arratsaldean. Barruan, hilotz bat, aski hondatua. Foru polizia atzo gauean ez zen oraindik gai hilotza emakumearena zen argitzeko. Abuztutik, 44 urteko emakume hori desagertu zenetik, haren beste arrastorik ez zen agertu orain arte. Urbiolan sendia eta herritarrak behin baino gehiagotan elkartu dira aurreko hilabeteetan Germanen kasua argitzeko eskatzeko, hantxe baitzuen bizilekua.

Foruzainak Lizarrako Instrukzio Epaitegiaren zuzendaritzapean ari dira ikertzen kasu hau. German abuztuaren 9an desagertu zen Urbiolatik. Txakurra albaitariarengana eramatera joan zen, baina ez zen gehiago itzuli etxera. Ezkonduta zegoen, eta senarrarekin bizi zen. Berehala jarri zuen salaketa familiak. Oihartzun handia izan zuen desagertzeak udalerrian; Germanek Urbiolako ostatua kudeatzen zuen, eta herri osoak ezagutzen zuen.

Urrian kasuaren gaineko berritasunak izan ziren. Barbaringo (Nafarroa) senar-emazte batzuk atxilotu zituzten, ustez desagertzearekin lotura klaseren bat zutelako. Aurrena gizona atxilotu zuten, eta aurrerago emaztea ere atxilotuta zegoela jakin zen. Desagertuaren familiako kideek foruzainei adierazi zietenez, Germanek bikote harremana izan zuen atxilotutako gizonarekin. Aurrerago jakin zen bi emakumeen arteko harremana aski ozpinduta zegoela.

Epailearen aurrean deklaratu zuten atxilotuek, eta epaileak libre utzi zuen andrea. Gizonaren atxiloaldiak, berriz, beste bi egun iraun zuen, eta ondoren aske utzi bazuen ere, hamabost egunetik behin epaitegira sinatzera joateko agindua eman zion. Kasua sekretupean egon da, eta gehiago ezer ere ez da jakin ordutik. Germanen familiak «errespetua» eskatu zuen, eta lehen hilabeteetan hainbat hedabidetan mintzatu baziren ere, kasua argitu arte ez zutela adierazpenik egingo jakinarazi zuten aurrerago senitartekoek.

Atxiloketak egin zituzten egun horietan jakin zen foruzainek Villamayor de Monjardineko(Nafarroa) upategi ondoko urtegi txiki batean miaketak egin zituztela Maria Angeles German aurkitzeko eta atxilotutako emakumea bertara eraman zutela beraiekin. Urpekariak eta suhiltzaileak aritu ziren urmaelean bilaketa lanetan, baina ez zuten deus ere aurkitu. Bikotearen Barbaringo etxebizitza ere miatu zuten poliziek andra-gizonak atxilotuta egon ziren bitartean.

Istripuarena eta hilketarena izan dira ikerketan ibili diren poliziek aipatu izan dituzten bi hipotesi nagusiak. Denbora aurrera joan ahala bigarrena indarra hartzen joan da. Desagertzea gertatu berritan nazioarteko polizia sareen laguntza eskatu zuten emakumea aurkitzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.