AHT abiadura handiko trenaren aurka daudenei larunbat honetan Urbina (Araba) eta Gasteiz oinez lotzeko deia egin zien herenegun AHT Gelditu Elkarlanak. 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan egindako manifestazioan atxilotutako sei lagunen aurkako epaiketaren kontra azaldu nahi dute protestaren bidez, tren lasterraren aurkako jarrera berrestearekin batera. Arratsaldean, manifestazio nazionala abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik, Urbina berreskuratu, AHT gelditu! Epaiketarik ez! lelopean. Deialdiarekin bat egin dute, bada, AHTaren Aurkako Asanbladak, Aralarrek, ezker abertzaleak, LABek eta ELAk.
Orain bi urteko manifestazioan Ertzaintzak «jazarpena» eta «bortizkeria» erabili izana salatu dute eragileek, onartezintzat jo baitute azpiegituraren aurkako ekimenak hala «kriminalizatzea» eta Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea. Horregatik, AHT Gelditu Elkarlanak epaituko dituzten pertsonekiko elkartasunean sustatu duen autoinkulpazio kanpainari atxiki zaizkio. Gainera, tren lasterra adostasun zabalik gabe eta eztabaidari uko eginez aurrera eramatea egotzi diete sustatzaileei. Ezker abertzaleak uste du agintarien ahotan dabilen proiektuaren «estrategikotasuna» datu errealekin eta eztabaida publikoari ihes egin gabe argudiatu beharko luketela. LABek, berriz, kolokan jarri du enplegua sortuko zuelako argudioa ere, eta gaitzetsi lanak hemengo autonomoen esku utzi beharrean kanpoko eskaintza «merkeegiei» eman izana.
Horrez gain, AHTaren aurkako protesta egin zen atzo Atlantic Logistic taldea Baionako Merkataritza Ganberan (Lapurdi) egiten ari zen biltzarrean. Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco sailburuordearen aurrean protesta zuten prestatua ekintzaileek; Arriolak, foroaren lehendakari izanik, hitza hartzeko asmoa baitzuen. Baina, Jaurlaritzako ordezkariak ez ziren biltzarrean agertu, eta ekintzaileek, oholtzara igo, eta eten egin zuten saioa, foroan bildutakoen aitzinean AHT xedea salatzeko. Ganberatik kanporatu egin zituzten.
Santano, asebeteta
Jose Antonio Santano Irungo alkatea kontent eta asebeteta agertu da Donostia eta Irun arteko AHTaren ibilbide aldaketarekin, geltoki intermodalerako aukera indartu egingo duela irizten baitio.
Urbinako auzipetuen aldeko manifestaziora joateko deia egin dute hainbat eragilek
Autoinkulpazio kanpainari eutsi diote alderdi eta sindikatuek, tren lasterraren aurkako ekintzaileen babesean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu