Uraren bide eta galbideak

Udalek eta ur partzuergoek adimen artifizialaren bitartez identifikatzen dituzte hodietako ur ihesak. Teknologia berriak erabilita, milaka litro ur aurreztu dituzte azken urteetan.

an Luis Mozo Bizkaiko Ur Partzuergoko Udal Sareen zuzendariordea, hodien grafikoa aztertzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Gauza bat du jasangaitza urak: bidean aurkitzen dituen trabak. Haren ibilbideari jarritako oztopoak gainditzeko, zirrikituak aurkitzen ditu, eta bereari jarraitzen dio. Horixe egiten du lurpeko hodietan ere, kilometro askoko bidean aurkitzen dituen bidegurutze edo bidarte guztiak baliatzen ditu handik irteteko. Batzuetan, hodietatik tantaz tanta egiten du ihes, inor konturatu gabe; beste batzuetan, aldiz, zurrusta betean. Hainbatetan, bidean galtzen da etxeko sukaldeko iturriko txorrotatik edo dutxako telefonotik irtetera bideratutako ura.

Hodietako ur galerak oraindik ere nabarmenak dira Euskal Herrian. Hala ere, ur ihesak kudeatzeko baliabideei gero eta jaramon handiagoa egiten diete ur partzuergoek zein udalek. Hain zuzen ere, herenegun hasi eta bihar arte, Water Loss kongresua antolatu du Uraren Nazioarteko Elkarteko Ur Galeren EspezialistenTaldeak, Donostian. Zenbait gai ari dira jorratzen: ihesak detektatzeko azken teknikak, hodiek osatutako sarearen monitorizazioa, uraren neurketa, adimen artifizialaren erabilera sareetan…

Ikusi ere egin gabe, milaka eta milaka litro ur galtzea eragiten dute hodietako pitzadura txiki edo handiek, eta hori hainbat urtez gertatu da Euskal Herrian. Ur ihes gehienak hodien bigarren mailako sareetan gertatzen dira, hau da, udalek edo ur partzuergoek kudeatzen dituzten hodietan. Ura urtegietatik iristen da udalerrietara hodi handietatik barrena —lehenengo mailako sareetatik—, eta herri zein eskualde bakoitzean sakabanatuta dauden deposituetan biltzen dute ura udalek. Hortik etxeetara bideratzen dute euren bigarren mailako sareko hodi txikien bidez.

Bizkaiko Ur Partzuergoa lehenengo eta bigarren mailako hodiez arduratzen da. Hiri batzuetan —Bilbon, adibidez—, lehenengo mailako hodien zerbitzua ematen du; beste 88 herritan, berriz, bigarren mailako zerbitzua ere eskaintzen du. Guztira, 3.596 kilometroko hoditeria kontrolatzen du bigarren mailako sarean, eta hodiak hainbat sektoretan egoten dira banatuta herri bakoitzean. Egunero, adimen artifizialaren bitartez, hamabost aldiz behintzat «alarma gorria» pizten dela azaldu du Juan Luis Mozo Bizkaiko Ur Partzuergoko Udal Sareen zuzendariordeak: «Goizean, lanera sartzean, hodietan gertatutako ezohiko egoeren mezuak iristen zaizkit. Berez, aukera daukat hodi guztien egoera zein den jakiteko, baina adimen artifizialak zehazten dit arazoa non dagoen».

«Sistemak 50 litro gastatuko direla aurreikusi badu eta kontagailuak 80 litroko kontsumoa detektatu badu, badakigu hor isuri bat egon dela. Eta momentuan atzeman dezakegu».

JUAN LUIS MOZOBizkaiko Ur Partzuergoko Udal Sareen zuzendariordea

Donostiako Udala, Txingudi Zerbitzua eta Gipuzkoako Ur Partzuergoa arduratzen dira Gipuzkoako ura kudeatzeaz. Donostian dauden hamabost deposituetara, adibidez, Añarbeko urtegitik bideratzen dute ura —Donostiako Udalak kudeatzen du Gipuzkoako hiriburuko ura—. Guztira, 475 kilometro inguruko luzera dauka hiriko ur hornidurarako hoditeriak. Haritz Izagirre Donostiako Udaleko Ur Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuko teknikaria arduratzen da ur sarea kudeatzeaz eta kontrolatzeaz. Izagirrek adierazi duenez, egun batean baino gehiagotan sektore batean ezohiko datuak jasotzen badira, ur ihes garbi bat gertatu den seinale.

Adimen artifiziala

Bizkaiko Ur Partzuergoak eta Donostiako Udalak hamar urte baino gehiago daramatzate ur hodiak kontrolatzeko adimen artifiziala erabiltzen. Egun jakin baterako kontsumoa zein izango den aurreikusteko gai da adimen artifiziala. Sektore bakoitzean dagoen kontagailuetako aurreikuspenak motz geratu direla detektatzen badute, alarma pizten da. Kontagailuak dituzte udalerri guztietako sektore bakoitzean, eta adimen artifizialak eguneroko egoera zein izango den aurreikusten du datu historikoen bitartez: laneguna den ala ez, bero handia egiten duen... «50 litro gastatuko direla aurreikusi badu, eta kontagailuak 80 litroko kontsumoa detektati badu, badakigu hor isuria egon dela. Eta momentuan atzeman dezakegu», azaldu du Mozok.

Sistemak gauez egiten ditu kontrol guztiak, jendea lotan dagoenean. Izan ere, uraren kontsumoa askoz ere txikiagoa da gauean, eta kontagailuetan daturen bat nabarmen aldatzen bada, badakite bertan arazo bat egon dela. Sistemak gauean atzemandako ur isuri guztiak goizean goiz jasotzen ditu Mozok, hainbat grafikotan adierazita. Grafikoaren alboan, sistemak ur isuria non gertatu den adierazten du—sektorea eta herria—. Hiru koloretako marrekin adierazten du ur isuriaren egoera grafikoan: adimen artifizialak jasotako patroien bitartez esperotako kontsumoa adierazten du kolore urdinarekin; beltzarekin, momentuko kontsumo errealaren berri ematen du —erakutsitako kasu guztietan marra urdinaren pare edo alboan agertzen da—; gorriarekin, berriz, sistemak ur isuria adierazten du.

Juan Luis Mozo Bizkaiko Ur Partzuergoko Udal Sareen zuzendariordea, hodien grafijoa aztertzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juan Luis Mozo Bizkaiko Ur Partzuergoko Udal Sareen zuzendariordea, hodien grafikoa aztertzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Grafikoek erakusten dutenez, adimen artifizialak, orokorrean, ez du hutsik egiten, marra urdinaren alboan baitago marra beltza. Mozok azaldu du patroiak eguneratzea beharrezkoa dela horretarako: «Sektore bakoitzeko sarreran jartzen diren kontagailuek, batik bat, ur emaria eta presioa kontrolatzen dituzte. Kontagailuko datuak biltzen ditugu egunero, eta sistemara pasatzen ditugu. Horrela datu base historikoa elikatzen dugu. Datu berriak ere sartu behar dira, uraren kontsumoa ere aldatuz baitoa, eta sistemak horiek ere identifikatu behar ditu».

Hodietako matxura gehienek —% 80k— ez dute ezer agerikorik, hau da, ez dira zurrusta handietan azalera ateratzen, eta ez diete herriko bizilagunei inolako aldaketarik eragiten. Baina, tantaka-tantaka milaka litro gal daitezke lur azpian inor ohartu gabe. Izagirreren iritziz, zailagoa izaten da lurpeko hodietako ur ihesak detektatzea: «Ur isuri handia baldin badago, ura lur azalera aterako da, eta, orduan, badakigu non egon daitekeen haustura; lur azalera ateratzen ez bada, zailagoa izaten da. Adimen artifizialak arazoa zein sektoretan dagoen identifikatu ostean, astebete inguru pasatzen dugu pitzadura edo zirrikitua aurkitzen eta hura konpontzen».

Herri txikietako hodiak

Nafarroan, eskualdeka kudeatzen dute ura; eskualdeko mankomunitateak eta udalak arduratzen dira ur hodiak nola dauden aztertzeaz eta haiek konpontzeaz. Hirietako hodiekin alderatuta, konplexuagoa izaten da herrietako ur isuriak identifikatzea. Natalia Errazkin Sakanako Mankomunitateko Kalitate, Ingurumen eta Laneko Arriskuen Prebentzioko arduradunaren esanetan, askoz errazagoa da edozein matxura mota atzematea biztanleak herrigune txiki batean kontzentratuta daudenean. «Hodia zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa da isuriren bat gertatzeko aukera, eta, gainera, zailagoa izaten da hura detektatzea», erantsi du Errazkinek.

Ipar Euskal Herrian ere antzeko arazoa dute hodietako ur ihesekin: herri txiki asko, familia bakarreko etxeak... Euskal Elkargoak bere gain hartu zuen uraren kudeaketa urtarrilaren 2018an, eta Ipar Euskal Herriko ur edangarriak eta zikinak kudeatzeaz arduratzen da.

«1989an lehorte nahiko handia egon zen, eta uraren kudeaketan aldaketa handiak egin ziren hortik aurrera».

HARITZ IZAGIRREDonostiako Udaleko Ur Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuko teknikaria

Errazkinek azaldu duenez, Sakanan ere adimen artifizialaren laguntzarekin identifikatzen dute arazoa zein hoditan dagoen. Horretaz gain, ur ihesa zehazki non dagoen identifikatzeko sonometroa erabiltzen dutela gaineratu du: «Soinuen bitartez ere identifikatzen ditugu ur isuriak. Arazoa non egon daitekeen kontrolatzen dugu hodiaren barruan jarritako imanekin. Hodi batetik zenbat ur igarotzen den entzuten da».

Alarma faltsuak eta lapurretak

Adimen artifizialak hodien sareko unez uneko datu guztiak eman ditzake, baita ur lapurreten eta alarma faltsuen berri ere. Sektore bakoitzera sartzen den uraren —sarrera guztietan kontagailuak daude —, eta kontagailu guztietan erregistratutako kontsumoaren arteko aldea ikusita detektatzen dituzte ur lapurretak eta alarma faltsuak. «Egun bakar batean grafikoan izugarrizko gorakada azaltzen bada, bi gauza izan daitezke: egun batean eginiko lapurreta edo alarma faltsua», ohartarazi du Izagirrek.

Datu historikoen bidez sistemak identifikatzen ez dituen ezohiko egoerak dira alarma faltsuak. Espainiako Kopako Athleticen finalaren adibidea jarri du Mozok: «Gauean alarma gorria piztu zen Bizkaiko Ur Partzuergoak kontrolatzen dituen 88 herrietan. Herritar denak telebistaren aurrean zeuden, eta uraren kontsumoa ezohikoa izan zen gau horretan. Ezohiko egun horiek ez ditu gure datu baseak jasotzen, baina guk badakigu zergatik agertu den halako igoera bat grafikoan».

Azken urteetako bilakaera

Ur hartunetik — urtegiak, iturburuak, ibaiak...— hartutako ur kopuruaren eta kontsumo guneetan erregistratutako eta fakturatutako datuen arteko aldearen ehunekoa ateratzen dute partzuergoetako zein udaletako langileek. Horrela izaten dute erregistratu gabeko uraren datuen berri. Ehuneko horren barruan sartzen dira hodietako ur ihesen datuak, baina baita neurtu gabeko iturri publikoen kontsumoak, kaleen ureztatzeak eta beste kontzeptu batzuk ere.

2022an ERREGISTRATU GABEKO URA

%14,10

ARABA Amvisa Gasteizko uren elkarteak emandako datua.

%38,03

BIZKAIA Bizkaiko Ur Partzuergoak emandako datua.

%17

GIPUZKOA Gipuzkoako Ur Partzuegoak emandako datua. Donostian %16koa izan da; Irunen eta Hondarribian %25,68koa.

%30,12

NAFARROA Nafarroako Gobernuak emandako datua.

Oraindik hobetzeko parada badago ere, Errazkinek uste du hodietako arazoak gero eta azkarrago konpontzen dituztela: «2011tik arduratzen gara Sakanako herri guztietako ur hodien mantentze lanez, eta, pixkanaka bada ere, hobetuz goaz».

Donostiako kasuan ere antzeko bilakaera izan dute; Izagirrek dio adimen artifizialarekin ur gehiago aurrezten dutela: «1989an lehorte nahiko handia izan zen, eta uraren kudeaketan aldaketa handiak egin ziren hortik aurrera». Añarbeko urtegitik hornitutako ura etengabe gutxituz joan da azken hamarkadetan: 1994an, 42.181 metro kubiko ur eman zitzaien udalei, baina ordutik apalduz joan da: iaz 24.373koa izan zen. Hortaz, %42 jaitsi da azken hogeita hamar urteetan.

Bizkaiko Ur Partzuergoko Mozok, berriz, hiri batean kontsumitzen den urarekin alderatu du urtean aurrezten duten ur kopurua: «88 udalerriko sarea kontuan hartua, sei milioi metro kubiko ur gutxiago gastatu dugu urte bakar batean. Gutxi gorabehera, Barakaldoko [Bizkaia] urteko ur kontsumoa izango litzateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.