AHTaren lanek Udalatx mendian (Elorrio, Bizkaia) eragin dituzten kalteak zenbaterainokoak diren neurtzeko ikerketa bat agindu du Uraren Euskal Agentziak. Azterlan horren eskaerari buruzko azalpenak eman dizkio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak —sail horren menpekoa da Uraren Agentzia— Eusko Legebiltzarrari, EH Bilduren eskariz. Tapiaren esanetan, gobernuaren helburua da AHTaren lanetan «erasandako baliabideak —akuiferoa, iturburuak, baimendutako aprobetxamenduak eta abar— lehengoratzeko konpentsazio neurriak zehaztea, hala badagokio».
Sailburuak adierazitakoaren arabera, konpentsazio neurri horiek «informazio guztia» aztertu ondoren zehaztuko dira, «tunelaren zulaketa amaitutakoan, ahal den neurrian, akuiferoaren maila piezometrikoak eta Unitate Hidrogeologikoak duen baliabide hidrikoaren kalitatea» leheneratze aldera.
Ikerketaren adjudikazioa urtarrilaren 31n egin zen, zuzenean, aurrekontuak ez duelako 15.000 euroren muga gainditzen. 14.500 eurorengatik esleitu zion Uraren Agentziak Ingek enpresari —BEZa aparte—. Txostenak prest egon behar luke hiru hilabeteko epean.