Ingurumena

Uraren Agentziak espediente larria ireki dio Araiako izozki enpresa bati, hidrokarburoak Arakilera isurtzeagatik

Dagoeneko bi espediente ireki dizkiote aurten. Jaurlaritzak adierazi du laginketak eta kontrolak areagotu dituela.

Aurtengo ekainean ateratako irudi bat. RADIO VITORIA
Javi West Larrañaga.
2022ko uztailaren 22a
11:07
Entzun

Uraren Euskal Agentziak dagoeneko bi zehapen espediente ireki dizkio Araiako (Araba) Froneri Iberia enpresari 2022an. Nestle multinazional suitzarraren izozkiak egiten ditu enpresa horrek. Lehen zehapen espedientea arina izan zela ondorioztatu zuen Uraren Agentziak, baina oraingoan espediente larria ireki diote, arazoa ez konpontzeagatik.

ElDiario.es-ek argitaratu duenez, Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategik Eusko Legebiltzarrera eroan zuen gaia, Zadorra Bizirik plataformak salatutakoari buruz galdetuz. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dokumentuen arabera, Uraren Agentziak enpresari eskatu dio bere tratamendu instalazioak optimizatzeko, mantentze lan egokiak egiteko, eta hondakin urak kudeatzeko beste aukera batzuk bilatzeko. Horrez gain, sailak adierazi du Uraren Agentziak laginketak eta kontrolak areagotu dituela eta ibaiaren parametroak «denbora errealean» neurtuko dituen sistema bat ezarriko dutela.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Elkarrekin Podemos-IUri emandako erantzunean azaltzen da Asparreneko industrialdeak ur zikinak eta euri urak banatzen dituen sare bat daukala eta ur zikinak Araiako araztegira doazela garbitzera. Salbuespen bakarra Froneri Iberia enpresarena da. «Daukan lan karga eta bolumenagatik», arazketa tratamendu propioa dauka; hondakin urak «tratatu» egiten ditu, eta, ondoren, industrialdearen euri uren sarea erabiltzen du isurtzeko. Garbi egon beharko luketen ur horiek Ametzaga ibaian amaitzen dute, Arakil ibaiaren adarrean.

Txostenean azaltzen da industrialdeak badituela hidrokarburoen bereizgailuak, hauek euri uretara ez heltzeko, baina «hala ere» «hidrokarburoak agertu» direla, bereizgailu horien funtzionamendua «ez delako egokia» edota gune batzuk kutsatuta daudelako eta horien isurketak zuzenean sarera igarotzen direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.