Urak bizi doaz Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, Zubietako errauste plantatik (Gipuzkoa) igorritako hondakinen kontura. Auziak eztabaida gogorra piztu du bi administrazioen artean, eta, orain arte, bat ez datozen bertsio kontrajarriak eman dituzte biek ala biek. Izan ere, ertz anitzeko afera da hondakin urena, eta galdera ugari eragin ditu azken egunetan: zer dira erraustegitik Artaxoako konpostatze enpresa batera bidalitako hondakinak? Toxikoak al dira? Ba al zuten baimenik horiek igortzeko? Nola da posible hondakinen identifikazioa okerra izatea? Zergatik itxi du gobernuak Artaxoako planta? Huts egin al dute prozesua ikuskatzeko eta kontrolatzeko neurriek? Norena da erantzukizuna? Hona datu batzuk, Zubietako lohien auziari gardentasun apur bat emateko.
Zergatik piztu da polemika?
Iazko azaroaren 13an, EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizek galdera bat erregistratu zuen Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiri galdetu zion ea Nafarroako Gobernuak ba ote zekien «industriako hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» igortzen zirela Zubietako errauste plantatik Artaxoako Ecofert Sansoain enpresara (Nafarroa). Aierdik baiezkoa eman zuen: abenduaren 11n erregistratutako erantzunean, esan zuen departamentuak egiaztatua zuela Artaxoan «lixibiatuak» jasotzen ari zirela erraustegitik, eta hondakin ur horiek «era okerrean» kodifikatuta zeudela, LER 190812 kodearekin. Aierdik azaldu zuen, gainera, Artaxoako enpresak ez duela likidoak kudeatzeko baimenik. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak —Zubietako erraustegia kudeatzen duen sozietate publikoak— berehala ukatu zuen hori: esan zuen hondakinak «era egokian» igortzen zituela Nafarroara.
Lixibiatuak? Zer da hori?
Zabortegietan isurtzen eta sortzen diren likidoak dira lixibiatuak, hondakinen tratamenduaren ondorioz. Zaborraren substantzietako asko herrestan eramaten dituzte, eta toxikoak izan daitezke. Horregatik, tratamendu berezia behar dute, ingurumenean kalterik eragin ez dezaten. Hor dago eztabaidaren gakoetako bat: Zubietako errauste plantaren arduradunek diote eurek bidalitako hondakinak «lohiak» baino ez direla, eta era egokian klasifikatuta zeudela LER kode horrekin. Kodifikazio horrek, hain zuzen, toxikoak ez diren lohiak identifikatzen ditu: sedimentuzkoak, hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritakoak, estoldetatik datozenak... Nafarroako Gobernuak ezetz dio, ordea: Artaxoan jasotakoak ez direla lohiak, lixibiatuak baizik. Eta Artaxoako plantak, hondakinaren kodea edozein izanda ere, ez lukeela likidorik onartu behar: «Insalus ura bidaliko balute ere, ur edangarria eta erabat garbia, ezinen litzateke hor jaso», esan zuen Aierdik ostegunean.
Zergatik ez?
Ez duelako likidoak tratatzeko baimenik, ezta gaitasunik ere. Zubietako errauste plantak eta Artaxoako enpresak kontratu bat sinatu zuten 2022an, eta, horren arabera, «lohiak» bakarrik igor ditzakete Nafarroara. «Kontratuak dioena eta Artaxoara bidali zena ez datoz bat», laburbildu zuen Aierdik, atzo. Funtsean, hondakinak konposterako eta nekazaritzarako ongarri bihurtzen dituzte Artaxoako planta horretan, eta, horretarako, ezin da edozein hondakin erabili: gai organikoak soilik. Lixibiatu toxikoak debekatuta daude, jakina, baina Nafarroako Gobernuaren esanetan, baita toxikoak ez direnak ere, ezin baitira ongarri bihurtu. Aierdik berak argi adierazi zuen osteguneko agerraldian: «Jakina da zerekin egin daitekeen konposta eta zerekin ez; baldintza batzuk bete behar dira, eta baldintza horiek ez dituzte jartzen ez Nafarroako Gobernuak ez Eusko Jaurlaritzak; 2013ko errege dekretu batean jasota daude». Espainiako 815/2013 errege dekretuak arautzen du isuri industrialen kudeaketa Hego Euskal Herrian.
Baina Zubietatik igorritako hondakinak toxikoak dira?
Oraingoz ezin da halakorik baieztatu, eta Nafarroako Gobernuak berak ere ez du toxiko hitza erabili auziaz hitz egin duenean. Aierdi kontseilariak «irregulartasunez» hitz egin zuen abenduan auziak eztanda egin zuenean, eta aste honetako agerraldietan ere «baimenik ezari» egin dio aipamena soilik. Kazetariek horretaz galdetuta, esan du analisiak egin dizkietela Zubietatik igorritako lixibiatuei, eta ez dutela metal astunen zantzurik topatu. «Horrek lasaiago utzi gaitu», adierazi zuen atzo. PSNk Nafarroako Parlamentuko Ingurumen batzordean duen eledun Carlos Mesak, ordea, «ekotoxiko» hitza erabili zuen Ecofert Sansoain enpresaren putzuan topatutako hondakinez aritzean. Aste honetan, GHK-ko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ukatu egin du hondakin horiek ekotoxikoak direnik, eta froga gisa erakutsi du SGS Tecnos SL enpresak eginiko analisi bat. Naiz.eus atariak argitaratu duenez, ordea, SGSren analisia 2024ko urtarrilean eginikoa da, eta hortaz, ez du balio duela bi urte eginiko isuriak aztertzeko.
Ba al da beste irregulartasunik?
Hondakinen kodean ez ezik, kopuruetan ere ez datoz bat agiriak eta errealitatea. Zubietako erraustegiak eta Ecofert Sansoain enpresak sinatutako kontratuan zehaztua zegoen 200 tona hondakin jasoko zituztela Artaxoako plantan. Egiazki, 5.563 tona izan ziren: 2.100 tona lixibiatu 2022an, eta 3.400 tona iaz. Horri buruz galdetuta, Asensiok esan zuen 200 tonako estimazio hori «gutxi gorabeherakoa» zela: «Egiazki, ez zegoen muga jakinik, eta egin behar genuen gauza bakarra zen bidalketa bakoitzaren berri ematea». Edonola ere, neurrigabea dirudi 5.300 tonako desfase bat —kontratatua zegoen kopurua baino 25 bider gehiago—.
Zer egin du Nafarroako Gobernuak?
Artaxoako planta behin-behinean ixteko agindua eman du aste honetan, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio. Ez da Ecofert Sansoain enpresa zigortzen duen lehen aldia: 2023. urtearen hasieran, salaketa anonimo bat jaso eta gero, enpresa ikuskatu zuten. Ikusi zuten hondakinen putzuak gainezka egin zuela eta likidoa inguruko antapara batera isurtzen ari zela. 20.001 euroko isuna jarri zioten. Iazko martxoan, atzeman zuten baimendu gabeko lixibiatuak garraiatzen ari zirela, eta enpresari esan zioten ezin zuela jarraitu hondakin horiek jasotzen. Azaroan, beste ikuskatze bat egin zuten. Hondakinen tratamenduan gabeziak ikusi zituzten, eta enpresari agindu zioten ez zezala hondakin gehiago hartu. 40.000 euroko isuna jarri zioten, eta jarduera geratzeko agindu, akatsak konpondu arte. Ez zuten halakorik egin, eta orain behin-behinean itxi dute. Horrez gain, gobernuak Ecofert Sansoain behartu du lixibiatuak Artaxoako plantatik erretiratuko dituen enpresa espezializatu bat kontratatzera, egoera onbideratzeko. Enpresak hamabost eguneko epea du alegazioak aurkezteko.
Zergatik igaro da hainbeste denbora enpresa itxi arte?
Urtebete igaro da Nafarroako Gobernuko teknikariek ikusi zutenetik Artaxoako plantako putzuak gainezka egin zuela, enpresa behin-behinean ixteko agindua eman duten arte. Horrek kritikak eragin ditu parlamentuko taldeen artean. Hala ere, Jose Mari Aierdi kontseilariak esan du «zorrotz» aplikatu dutela isurien eta enpresen gaineko kontrola, eta epeak bete dituztela: «Zehatz-mehatz aplikatu dugu jarduera horiek zaintzeko plana». Horren adibidetzat jo du ikuskatzeak eta azterketak hirukoiztu izana: «2023an, enpresei eginiko ikuskatze kopurua asko handitu da, ia 400 enpresa aztertu baititugu. Hamar urte lehenago, 140 ikuskatze egiten ziren urtean». Geroa Baiko legebiltzarkide Pablo Azkonak ere egokitzat jo du gobernuaren jarduna: «Prestu eta bizkor ibili da Ingurumen Departamentua; egin beharrekoa egin du, eta enpresak jokatu du gaizki». Beste talde batzuek, ordea, «kontrolik eza» egotzi diote Nafarroako Gobernuari. «Susmoa dut gobernua ez zela arazoaz jabetu abenduaren 15era arte», esan zuen EH Bilduko Adolfo Araizek, iragan asteazkeneko bilkuran. «Orduantxe jakin zuten lixibiatu horiek Zubietako erraustegitik zetozela». Araizen irudiko, horrek esan nahi du «barne kontrolek huts egin zutela».
Nafarroakoaz gain, ba al da beste ikerketarik zabalik?
Bai. Asensio diputatua eta GHK-ko zenbait arduradun ikertzen ari da Donostiako 5. Instrukzio Epaitegia, Gipuzkoako Fiskaltzak aurkeztutako salaketa baten ostean. Fiskalak bi delituren zantzuak antzeman ditu: batetik, ingurumenaren kontrako delitu batenak, Zubietan «hondakin arriskutsuak» sortu zirelakoan; eta, bestetik, dokumentuen faltsutzearenak. Hain zuzen, Asensiori eta GHK-ko arduradunei egozten diete hondakinen identifikazio kodeak faltsutu izana, eta lixibiatu horiek lohi gisara pasarazi zituztela. Fiskaltzaren arabera, 12.602 tona hondakin atera ziren errauste plantatik 2022an, eta bi enpresatara igorri zituzten: Ecofert Sansoain, Artaxoan; eta Sader, Bilbon. Auzibide horrek jatorria du GuraSOS elkarteak fiskaltzara iaz igorritako txosten batean, eta Guardia Zibila ari da auzia ikertzen.