Urak ez dira baretu Uharten

Amparo Lopez PSNko Uharteko alkateak dimisioa aurkeztu du. Abuztuaren 22an hautatuko dute alkate berria. EH Bilduk gobernua berreskura dezake, lehen indarra baita

Amparo Lopez Uharteko alkate sozialista ohia, erdian, atzo, dimisioa ofizialki aurkezteko deitutako osoko bilkuran. ION ANDONI CASTILLO.
Iruñea
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Harrotuta diraute Uharteko politikako urek. Amparo Lopez sozialistak alkatetza utzi du. Ostiralean helarazi zuen dimititzeko intentzioa, eta atzo eman zuen pausoa ofizialki, horretarako deitutako osoko bilkuran. Joan den astean jakin zen Maria Txibitek Amparo Lopez izendatuko zuela Nafarroako Barne Kontseilaritzako zuzendari nagusi, eta horren ondoren etorri da dimisioa. Hala ere, Onda Ceron emandako elkarrizketa batean, Lopezek adierazi zuen erabakiaren atzean arrazoi pertsonalak ere bazeudela. Atzoko osoko bilkuran, aldi berean, behin-behineko alkatetza izendatu zuten: Iñaki Crespo, GIHko (Uharteko Independenteen Taldea) zerrendaburua.

Goizeko zortzi eta erdietan hasi zen osoko bilkura. Bi hutsune nabarmen egon ziren bilkuran: ekainaren 15ean Lopezen hautagaitza bozkatu arren, Navarra Sumako zinegotziak ez ziren agertu. Uharteko Geroa Baik hutsegite hori kritikatu du: «Absentzia horrek islatzen du Navarra Sumak Uharte herriarekiko duen errespetu falta».

Uharteko Udalaren egoera berezia da Nafarroan. PSNk hainbat alkatetza eman zizkion Navarra Sumari ekainaren 15eko inbestidura saioetan, eskuineko alderdien koalizioa lehen indarra den udalerri askotan, alegia. Bi kasutan, ordea —Uharten eta Sartagudan—, EH Bildu izan zen lehen indarra; horietan, eskuineko alderdiek sozialistei eman zieten babesa, azken indarra izanagatik.

Maiatzeko hauteskundeetan, EH Bildu izan zen Uharteko lehen alderdia, bost zinegotzi lortuta. Ondoren, GIH taldeak lau lortu zituen, eta Navarra Sumak, bi. Azkenik, zinegotzi bakarra lortu zuten Geroa Baik eta PSNk. Aurreko legealdian alderdi abertzaleek udal gobernua osatu zuten, baina oraingoan, gehiengo osoa galduta, ez zuten euren esku agintaldia errepikatzea.

Inbestidurara begira, bi bloke nabarmendu ziren: batetik, EH Bilduren bost zinegotziek Geroa Bairen ordezkariaren babesa zuten; bestetik, GIHren lauek, Navarra Sumarena. Beraz, PSNren zinegotziak zuen alkatetza erabakitzeko ahalmena. Inbestidura aurreko egunean, bazirudien sozialistek GIHren hautagaitzaren alde bozkatuko zutela; hala baieztatu zuen independenteen alderdiak, prentsa ohar batean. Osoko bilkurarako 45 minutu falta zirela, ordea, sozialistek jakinarazi zuten bere hautagaitza propioa aurkeztuko zutela. Ondorioz, araudiaren arabera, EH Bilduk lor zezakeen alkatetza. Horren aurrean, GIHk eta Navarra Sumak boza sozialisten zinegotziari ematea erabaki zuten azken unean. Abertzaleak gobernutik aterarazteko helburua zuen mugimendu horrek, baina, gero, ez zuten PSNren gobernuan sartu nahi izan, Lopezek nahi bezala. Uharteko udal gobernua zinegotzi bakarraren esku geratu zen.

Egoera horrek zaildu egin du udaleko lana. Josean Beloki Geroa Baiko zinegotziaren esanetan, «gobernurik gabeko gobernua» izan da. «Akordiorik gabe jabetu zen karguaz Amparo Lopez, arduragabekerian eta mendekuan oinarrituz», adierazi du Belokik. Bide beretik jo du EH Bilduren zerrendaburuak, Alfredo Arruiz alkate ohiak: «Gobernu batek zor duen minimoaren azpitik geratu da Lopez: ez du eduki ez gobernu talderik, ez planifikaziorik».

Legediaren arabera, abuztuaren 22an izango da alkate berria aukeratzeko osoko bilkura. Berriz ere, PSNren zinegotzi berriak izango du giltza, Manuel Lopezek, Amparo Lopezen ordezkoak. Geroa Bai izan da aliantzak azaltzen lehena: EH Bilduri emango diote babesa. «Udal gobernu aurrerakoi eta egonkor bat nahi dugu», adierazi du Belokik. Bide horretan, EH Bilduko hautagaiak GIH eta Navarra Sumaren gobernu bat eragozteko eskatu dio PSNri: «Sozialisten abstentzioa besterik ez dugu eskatzen, baina akordioak egiteko erabateko prestasuna dugu». Alderdien arteko elkarrizketak, baina, ez dira hasi oraindik.

Txibite, EH Bildu eta opariak

Abuztuaren 5ean zabaldutako ohar batean, Navarra Sumak salatu zuen Uharteko alkatetza abertzaleentzako oparia zela, Txibitek behar zuen EH Bilduren abstentzioaren trukean eskainia. Horregatik, Txibite «nazionalismoaren txotxongiloa» izatea aurpegiratu dio Navarra Sumak.

Horren aurrean, Alfredo Arruizek ukatu egin du Uharteko Udala halako akordio baten parte izan denik: «Navarra Sumaren beste azpikeria bat da, PSNri zuzendutako presioaren parte besterik ez». Arruizen ustez, Navarra Sumarentzat gogorregia izan daiteke oposizioan beste lau urte egotea, boteretik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.