Ura eta olioa elkartzeko saioak

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen kasuan justizia leheneratzailea baliatzearen alde egin dute zenbait adituk, betiere biktima prozesuaren erdian jarrita, eta ez kasu guztietan.

Amaya Fernandez, Sara Buesa moderatzailea eta Miren Ortubai, atzoko mahai inguruan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Genero indarkeria eta bitartekaritza ura eta olioa bezalakoak dira: ez dira bateragarriak. Hortaz, biak elkartzeari buruz aritzea zentzugabekeriatzat jo daiteke». Gaiaren konplexutasuna argi iruzkindu du Amaya Fernandezek, abokatu eta Zuzenbideko doktoreak. Hala ere, genero indarkeria eta bitartekaritza uztartzeko bideak aztertzearen alde egin du: ura eta olioa elkartzeko saioen alde.

Sakon jorratu dute gaia Gasteizen, Konponbiderako justizia eta erreparazio soziala jardunaldietan, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatuta. Atzo eta herenegun, hizlariek gaiaren konplexutasuna aitortu zuten. Batetik, Espainiako 2004ko genero indarkeriaren aurkako lege organikoak bitartekaritza debekatzen du. Bestetik, bitartekaritza egokitzat jo ohi da gatazkaren bi aldeak maila berean daudenean, eta, hizlariek oroitarazi zutenez, indarkeria matxistan kontrakoa gertatzen da: ezberdintasun estruktural bat du oinarri.

Hala eta guztiz ere, Rafael Sainz de Rozas Arartekoaren Justizia Ataleko koordinatzaileak justizia leheneratzailearen alde egin zuen; hau da, biktima, delitugile eta komunitateari erantzunez, delituaren ondorioei heltzea eta zauriak sendatzea. Genero indarkeriaren kasuan, berezitasun batzuk nabarmendu zituen Sainz de Rozasek: biktimaren ahalduntzeak izan behar du prozesuaren ardatza; etajustizia leheneratzailea ezin da kasu guztietara zabaldu. Bost baldintza xehatu zituen, bide hori urratzeko: bi aldeek nahi izatea; biek gertaeren «izaera larria» aitortzea; erasotzaileak ordaina emateko «borondate argia» izatea; erasotzailearen lehen aldia izatea; eta profesionalek prozesua bideratzea.

Kontraesanak, arazo iturri

Miren Ortubai EHUko Zuzenbide Penaleko irakasleak ideia horretan sakondu zuen. Hasteko, balizko neurri leheneratzaileak baldintza ditzakeen kontraesan batean zentratu zen. Batetik, «oso mugatutzat» jo zuen Espainiako 2004ko legearen indarkeriaren definizioa: gizon baten indarkeria bikotekide den edo bikotekide izan den emakume baten aurka. Bestetik, horren barruan sartzen den delitu oro berdin tratatzea kritikatu zuen, berdinak ez direla hausnartu arren.

«Eraso guztiak dira salagarriak eta kezkagarriak, baina guztiek ez dute larritasun bera», esan zuen Ortubaik. «Errotik» ezberdinak diren indarkeriak xehatu zituen, argudioa berresteko: alde batean, indarkeria patriarkala kokatu zuen: sistemikoa, emakumea kontrolpean izan nahi duena; beste aldean, berriz, egoeraren araberako indarkeria aipatu zuen: gatazka modu baketsuan ebazteko baliabideen faltan, jarrera erasokorra agertzen dutenen kasuak.

Indarkerien banaketa horrek mesfidantza sortu zuen bertaratutako zenbaiten artean. Hala ere, Ortubaik defendatu zuen kasu bakoitzean ezberdin jokatu beharko litzatekeela. Hala, haren ustez, bitartekaritza aukera bat da bigarren taldeko erasotzaileekin; hots, egoeraren araberako indarkeriara heldu direnekin, baldin eta lehen aldia bada. Aldiz, kritikatu zuen zigor sistemak errazago epaitzen dituela kasu horiek, indarkeria sistemikoa epaitu beharrean. «Indarkeria patriarkala, sistemikoa, bereziki larria dena, bereziki kaltegarria eta suntsitzailea, apenas ikusten den epaitegietan».

Amaya Fernandezek Ortubairen ideia berretsi zuen. Bere jardunean justizia leheneratzailea abiarazteko moduko kasuak ikusi dituela esan zuen. Areago, proposatu zuen bitartekaritza hori auzibidea martxan dagoen bitartean landu daitekeela, epailearen zein fiskalaren zaintzapean. «2004an, Espainiako Gobernuak legea onartu zuenean, egokitzat jo nuen bitartekaritza debekatzea genero indarkeria kasuetan; 11 urteren buruan, bide okerretik goazela ikusita, legea berrikus daitekeela pentsatzen has gaitezke».

Hamaika bide urratzeko

Sainz de Rozasek justizia leheneratzailerako bide asko daudela azaldu zuen, bitartekaritzaz gain. Adibide bat baliatu zuen horretan sakontzeko, EAEko Arartekoan bertan bizitakoa. Emakumezko batek haiengana jo zuen; erasotzailea espetxetik ateratzear zegoen 24 orduko baimenarekin, eta kezkatuta zegoen. Hortik aurrera, Sainz de Rozasen iritziz, hausnarketarako balio duen bide bat hasi zuen Arartekoak.

Gizonari baimena lortzen lagundu zion elkartearekin hitz egin zuen Arartekoak. Emakumearen kexaren berri eman zion, baita proposatu ere harekin batzartzeko. Hala egin zuen elkarteak. Baimenaren zergatia azaldu zion, gizona kalean egon bitartean egin asmo zutena, eta, are gehiago, iritzia eskatu eta aintzat hartu zuten: une oro informatu zuten... «Emakumeak errespetua sentitu zuen, eta, kexa bat zenak hobeto sentiarazteko balio izan zion; aurretik pairatutakoa ezin zioten kendu, baina hitza zuela sentitu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.