Arrapalada beteko egunak izan ziren 2008tik 2011ra arteko haiek. Gertaerei norabide bat antzematen zitzaien, baina noraino hel zitekeen zehatz-mehatz jakiterik ez zegoen. Ezker abertzalea legez kanpo izateak behartu egiten zuen prozesu hartan parte hartzen zuten alderdien arteko bilerak ezkutuan egitera, eta, poliziak atzetik segika izanik, ziurgabetasuna arriskuarekin nahasten zen. Sakonean, Euskal Herriak behar zuen apustu estrategikotzat jotzen zuten protagonistek, eta determinazio hura lema moduko bat izan zen 2011ko udal eta foru hauteskunde arteko politikaren ur lasterretan nabigatzeko.
Orain ezaguna da emaitza. Asteazkenean hamar urte bete ziren Auzitegi Konstituzionalak azken unean Bildu koalizioa legezko egitea ebatzi zuenetik. «Nire ibilbide politikoko garairik gogoangarriena da hura». Urteurrenean, halaxe oroitzen du garai hura Oskar Matute Alternatibako buruzagi eta EH Bilduko diputatuak. Maiorga Ramirez Nafarroako orduko EAko koordinatzaileak ere antzera gogoratzen ditu: «Unerik bizienak, aberasgarrienak eta buruhauste gehien eragin dizkidatenak bizi izan nituen ordu hartan». Laburrago mintzo da Gorka Mayo Nafarroako ezker abertzaleko kidea: «Gogorra eta aldi berean polita izan zen».
Bi ondorioren emaitza
EAren eta ezker abertzalearen arteko gerturatzea bi konbikzioren batura izan zen. Ezker abertzalearen kasuan, hezurmamituz joan zen ordura arteko eredua agortuta zegoela. «Ikusten genuen Euskal Herrian ez zela E egunik izango, negoziazio bidez ezingo genuela konpondu subiranotasun prozesua; bestetik, ikusten genuen estatua ez zela fidagarria. Aldebakartasunetik, prozesu subiranista zabal bat eraikitzeko gehiengo berriak osatu behar ziren», azaldu du Mayok.
EAri, berriz, Ibarretxe planarekin gertatutakoak ikusarazi zion EAJk «bi aldiz atzera egin» zuela estatuari aurre egiteko unea heltzean. 2007ko bozetan bigarren geratu zen Nafarroa Bai, baina arrakasta hura ez zen aski izan. Ramirez: «Polo subiranista baten ideia hasi ginen lantzen. ETAk armak uztea laguntzeko eta legez kanporatzeari aurre egiteko baliagarri izango zela uste genuen».
2008an, Nafarroan ezker abertzaleak eta EAk gerturatze bat hasi zuten. Bi ordezkaritzetan pertsona gehiago izan baziren ere, gehienetan Mayo eta Ramirez elkartu ohi ziren. Toki diskretuetan biltzen ziren: batik bat Tafallan, txoko batean, eta mendialdean, Ramirezek txantxetan Wisconsin deitzen dion tokian. Hastapeneko bilkura haiek gogoetak elkarri kontatzeko balio izan zuten: «Euskal Herriak aurrera egiteko desberdinen arteko akordioak lortu behar direla uste genuen, baina horretarako konfiantza irabazi beharra zegoen», dio Mayok.
EAren kezka nagusietako bat zen indarkeriaren aldagaia zertan geratuko zen. «Ezin zen mahaigaineratu ETA erakundeak zer erabakiko zuen, nola eta noiz izango ziren kontuak». Maiorga Ramirezek bereziki ETAren bi atentatu ditu gogoan, Isaias Carrascoren aurkakoa (2008ko martxoaren 7an) eta Inazio Uriaren aurkakoa (2008ko abenduaren 3a). «Berriz biltzeko zalantzak izan nituen, baina halakorik berriro gerta ez zedin lanean ari ginela pentsatu eta aurrera jo genuen». Arlo nazionalean, 2008ko udazkenean bi alderdietako zuzendaritzek 2009ko udaberriko EAEko hauteskundeei begirako elkarlanerako negoziazioak hasi zituzten, baina Uriaren hilketak dena geldiarazi zuen. Boz haietan, EAk porrot handia jasan zuen.
Harremana ez zen eten, ordea. «Konfiantza ez da egun batetik bestera irabazten. Sinesgarritasuna jardunak berak ematen dizu, emandako hitza betetzeak», azpimarratu du Mayok, eta eskertu du EAk ez jarri izana baldintza gisa iragan hurbilaren interpretazio komun batera heltzea. Bileretan EAri helarazten zioten ezker abertzalearen barne prozesua bera konplikatua zela.
Tartean, 2009ko urrian Bateraguneauziko operazioa etorri zen, baina atxiloketek ez zuten eztabaida geldiarazi, eta, azaroan, ezker abertzaleak barne gogoeta prozesu hura ofizialdu egin zuen, Altsasun. Lau hilabete geroago, 2010eko otsailean, emaitza etorri zen: Zutik Euskal Herria. Militantziaren babes zabala jaso zuen eta hori irudikatzeko ekitaldia egin zuen Iruñean, apirilean.
«2010a urte giltzarria da», Matuteren ustez. Ekuazioan, alderdi txiki berria sartu zen 2009ko abenduan: Alternatiba. Hasieratik bokazio zuen zatituta zegoen ezkerreko alderdi eta sentsibilitateen arteko harremanak jostea: «Guk esan ohi genuen hiltzeko jaio ginela, eta lehen unetik bilatuko genuela ezkerraren batasuna».
Urte hartako ekainaren 20an, ezker abertzaleak eta EAk Lortu Arte akordioa izenpetu zuten. «Akordio harekin adierazten genuen atzera begira ez ginela ados jarriko, baina aurrera begira bai, independentzia lortu arte», azpimarratu du Ramirezek. «Ordura artekoa harreman baten aitzinsolasa baino ez zen izan, Lortu Arte bide baten lehen urrats publikoa da», azaldu du Mayok.
2010eko udaberrian alderdien arteko harremanetan «tenperatura hartzen» izan ostean, udan, «ura irakiten» jarri zen, Oskar Matuteren hitzetan. Mugimendu asko aldi berean borborka jarri ziren. Gernikako Akordioa lortzeko negoziazioetan, adibidez, Aralarrek eta Alternatibak bat egin zuten; 28 erakunde guztira. Aralarrentzat, mugarria izan zen indarkeriaren amaierarako.
Gernikako Akordioarekin batera, beste hainbat egitasmotan bat egin zuten alderdiek. eta, Matuteren arabera, lagundu zuen elkarren arteko mugak hausten: «Bide horretan hasi aurretik esan izan balidate, hotzean, ea EArekin akordiorik egiten ikusten nuen neure burua, asko kostatuko zitzaidan. Horregatik, ez dut uste Bildu eraikitzeko moduan egongo ginela, baldin eta elkar ezagutzeko garai hura izan ez bagenu. Han ikusi genuen ez geundela elkarrengandik hain urrun».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Bilduranzko bideak markatua zirudien. EAk eta ezker abertzaleak Lortu Arte akordiora batzeko gonbita egin zioten Alternatibari, eta bere horretan onartzeari ezezkoa emanagatik negoziatzeko prest azaldu zen. Udazkenean hasi ziren elkarrizketak. «Segurtasun neurriak zorroztu behar izan genituen. Sakelakoak desarmatu, hitzorduak elkarri modu seguruan pasa... Klandestinitate xarma hori zuen».
2011ko urtarrilean aurkeztu zen Euskal Herria Ezkerretik ituna. Lehen aldiz, Bilduren sorrerako hiru alderdiak elkarrekin ziren, eta, Matuteren ustez, ororen gainetik konpromisoa adierazi zuen: «Lortu Arte-k esaten zuen nazioa eraiki nahi dugula, eta EH Ezkerretik-ek azaltzen zuen nola eraiki nahi zen nazio hori. Hasierako ideia hobetu zuen, eta gorputz gehiago eman».
Nafarroan, presioak
Nafarroan, egoera konplikatuagoa zen. Lortu Arte-k egonkor zegoen jokaleku politikoa astindu zuen, eta Nafarroa Bai barruan ezker abertzalea hausteko presioa handitu ziotela ziurtatu du Maiorga Ramirezek. Nafarroako EAk eta ezker abertzaleak desberdin ikusten zuten, gainera, nola egituratu balizko proiektu bateratu bat. Nafarroako EArentzat, NaBai formula arrakastatsua zen, eta auzia zen nola bateratu aurreko urteetan legez kanpo izandako ezker abertzalea: «Batuketa horrek aldaketarako indar gehiago bildu behar zituen, eta ez erdibitu». Ramirezen arabera, zuzendaritza nazionalak ere ez zuen berdin ikusten egoera.
Ezker abertzalearen irudiko, espazio zabalago bat artikulatu beharra zegoen, eta horretarako funtsezkoa zen programaren edukia hitzartzea. Mayoren ustez, EAJk eta NaBaiko independenteek ez zuten ezker abertzalearekin akordiorik egin nahi.
Hainbat saiakera eginagatik, azkenean hasierako posizio hura ez zen aldatu. Azaroan eta abenduan, adostasun programatikorako proposamena bi aldiz luzatu zion ezker abertzaleak NaBairi: «Guretzat arazoa ez zen subjektua [hots, NaBairen marka], baizik eta lehen indarra izan zitekeen espazioa egituratzea». EAJk irmo kritikatu zuen eskaintza. Espainiako Gobernuak, berriz, ohartarazi zuen NaBairen geroa «kolokan» egon zitekeela bide hartan aurrera eginez gero.
Legez kanporatzeko mehatxu argi horrekin ere, ezker abertzaleko ordezkaritza Aralarrekin bildu zen lauzpabost aldiz, baina ez zen posible izan akordioa. Urtarrilaren 17an bilera ofizial bat egin zuten EAko eta ezker abertzaleko buruzagitza nazionalek, Iruñeko Gazteluko plazako EAren egoitzan. Ordurako jada ez zen beharrezko ezkutuan biltzea. «Zu, hor eserita zeundela —zuzendu zaio Maiorga Ramirez Mayori— adostu genuen NaBairen formula hobestea». «Interpretagarria da hori, guk konpromiso bat adierazi genuen», aipatu du Mayok.
Biharamunean, Grande Marlaska epailearen aginduz, Guardia Zibilak Gorka Mayo atxilotu zuen beste bost lagunekin batera —inkomunikazio aldian, torturak jasan zituzten, eta, urte batzuk geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako erreinua zigortu zuen euretako hiruren tortura salaketak ez ikertzeagatik—. «Atxiloketak asko larritu gintuen. Erlazio pertsonalagatik ulertu genuen gure apustua oztopatu egin nahi zutela. Egia esan, Gorka elkarrizketa politikotik atera zenetik, interlokuzioa zailagoa izan zen beti», aitortu du Ramirezek.
Egun gutxiren buruan, mugimendu politiko horien erdian egoteari utzi, eta Soto del Realgo ziega batean sartu zuten Gorka Mayo. «Kartzela unibertso paralelo bat da. Erritmo frenetiko batean bizitzetik egundoko geldialdia egitera pasa nintzen». Kezka handi bat zuen bere baitan: polizia operazio hura erabil zezaketela proiektua [Bildu] legez kanporatzeko saioan: «Hala izan zen. Ustez, nire etxean atzemandako Batasunaren oinarrien dokumentu bat erabili nahi izan zuten, froga gisa. Ustez diot, zeren gezurra baita etxean dokumentu hura harrapatu zidatela».
Mayo atxilotuta, Nafarroa Bairekin akordioa lortzeko EAren ahaleginak kale itsuan jarraitu zuen. NaBaik adierazi zuen «beste alderdi batekin bat egiteko» nahikoa bermerik ez zela eta EAri galdegin zioten «bozetarako aukera bakar eta esklusiboa» hautatzea. Otsailaren 2an, EAren nazio batzarrak, zirt edo zart, Lortu Arteko bideari eutsi zion, eta EA NaBaitik kanporatua izan zen.
«Ziztu bizian»
Ia dena egiteko eta hiru hilabete baino ez aurretik, «ziztu bizian» altxatu zen Bildu, Ramirezen ustez. Printzipio nagusiak hitzartuta zeuden, baina egitaraua landu behar zen, eta «negoziazio gogorra» izan zen, Mayoren arabera. Sortuk otsailean aurkeztu zituen estatutuak, baina urtebete geroago egin zuen legezko Auzitegi Konstituzionalak. Hortaz, ezker abertzalea oraindik legez kanpo, EAk, Alternatibak eta herritar independenteek osatu zuten koalizio berria. 2011ko urtarrilaren 10ean etorri zen ETAren «su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria», urrian egingo zuen urrats historikoaren hitzaurrea.
Azken txanpa hartan, zalantza nagusia zen Bilduren hautagaitzek Espainiako Justizia sistemaren galbahea pasatuko ote zuen, eta horregatik «kezka handiz» hartu zuten Gorenaren epaia. Konstituzionala zen azken helmuga. Urduritasunak hartuta, Ramirez EAren egoitzan zen maiatzaren 5eko arratsean agintari sozialista baten deia jaso zuenean: «'Badirudi aurrera aterako dela', esan zidan, eta halaxe izan zen».
Jende askoren moduan, Bilboko Areatzan izan zen Oskar Matute. «Bozkario eztanda bat izan zen hura, oihu askatzaile bat». Orduko ilusio olatuaren gainean egin zen hauteskunde kanpaina.
Gorka Mayok urte eta erdi eman zuen espetxean. Egindako lan harekin guztiarekin «konbentzituta» sartu zen Soto del Realen, eta «are konbentzituago» atera zen 2012ko uztailaren 24an. «Asmatu genuen».