Ur eskasia

Ur kamioiak lehortea arintzeko

Azken hogei egunetan, Ortzaize eta Arrosa herriek ez dute nahiko urik izan tokiko biztanleriaren beharrei erantzuteko. Azken euriteek arazoa hein batean konpondu dute; bestelako kezka bat ekarriz, ordea.

Uztail erditsuan, jadanik, Ortzaizeko errekak kasik osoki idortu ziren, arrainen irautea lanjerean jarriz. ERROBIKO AAPPMA.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Azken asteetan, beroaldi izugarriak izan dira Euskal Herri osoan. Nafarroa Behereko bi herritan, beharrezkoa zitzaien ur kantitaterik gabe gelditu dira. Egoera bakanentzako, aterabide bakan: lehortearen ondorioz, eta euririk ez baitzuen egiten, ur kamioiak inguruetakoherrietako ur erreserbetatik joan-etorriak egiten aritu dira, Ortzaize eta Arrosa herrien erreserbak bete ahal izateko.

Azken hiru egunetan, euria erortzen hasi da berriz, eta, emeki abiatu bada, sekula baino azkarrago erori da atzo eta herenegun. Ipar Euskal Herriko biztanleriak begi onez ikusi zuen hasieran, baina kantitate ikaragarriak erori dira, eta uholde alerta ezarri da Pirinio Atlantikoen departamendu osoan. Ibaiak goraka joan dira, uste baino gehiago ere, eta prefeturak alerta laranja iragarri zuen atzo goizean, baina arratsaldean kendu zuen.

Neurri horrekin lotuta, Lapurdi kostaldeko hondartzak hestearen erabakia ere jakinarazi dute. Euriteak ur araztegiak gaindikatu ditu, eta ura kutsatua da.

Lehorte egoeratik uholdeen kezkara pauso bat bakarrik dela erakutsi du eguraldiak. Euskal Hirigune Elkargoko ur zerbitzuekur kamioiak utzi, eta uholde arriskuari lotu dira egun batetik bestera. Hala ere, beroaldiak datorren asterako berriz aurreikusiak dira, eta prefeturak ohartarazi du lehorteengatik neurri gehiago hartu ahal izango dituela.

Arrosa eta Ortzaize

Ortzaize eta Arrosa herrien ur erreserbak ez dira nahikoak izan azken asteetako beroaldiei aurre egiteko. Azken hogei egunetan, herri auzoetan hornitu behar izan dira, etxe bakoitzean ura iristen jarraitzeko. Ortzaizeko auzapez Jean-Marc Oçafrainek azaldu duenez, «ortzaiztar gisa, beti ura ukan» dute txorrotatik, «ur zerbitzuak ahaleginetan aritu baitira nehor urik gabe ez gelditzeko». Orduan, ez da «halako kezkarik» sortu herritarrengan. Hala ere, eta, beste hainbeste herriren gisara, «badira prefeturaren neurriak jasateko, eta herri elkargoko gomendioak».

Ortzaize eta Arrosa herriak beren erreserba propioen bitartez noiz hornitzen berriz hasiko diren, hori ez da jakina; Oçafrainek berak ere ez daki: «Nik ez dut berririk horri buruz, nahiz eta herriko auzapez izan; herriko elkargoak ez gaitu abertitzen noiz heldu diren, eta zenbat urekin. Ikusten dute zertan diren erreserbak, eta horren arabera ekartzen, baina guk hori ezin dugu jakin, eta ez digute erraten».

Bestalde, haren ustez, «egoera ez da estonagarria, ikusiz kanpoak zertan diren, eta errekak nola agortuak diren». Oçafrainek azpimarratu du «kontzientzia hartzea» beharrezkoa dela.

Oroitarazi behar da Pirinio Atlantikoetako prefeturak 102 herri eta hiriren ur edangarriaren erabilera mugatu zuela, joan den abuztuaren 3an. Horien artean 95 Euskal Herrikoak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.