Neikerreko Baso Zientzien saileko ikertzailea

Nahia Gartzia Bengoetxea: «Ur horniduraren sistema lurraldearen erabileran hasten da»

Basoak lagungarri izan daitezke ibai arroetan ur gehiago eta osasungarriagoa lortzeko, Gartzia Bengoetxearen iritziz. Hipotesi horretan oinarrituta, esku hartze esperimentalak ari da egiten; besteak beste, Urdaibain, Life Urbaso proiektua gidatuz.

Nahia Gartzia Bengoetxea Neikerreko ikertzailea eta Life Urbaso programako burua.
LUIS TEJIDO/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Basoaren, lurraren eta uraren arteko lotura aztertzen ari da Nahia Gartzia Bengoetxea (Ondarroa, 1977) Neikerreko ikertzailea azken urteetan gidatzen ari den Life Urbaso proiektuan. Ekain amaieran, ikerketa horretan egiten ari diren lana aurkezten izan da Stockholmen, IUFRO Baso Ikerketarako Elkarteen Nazioarteko Batasunaren 26. kongresuan, eta «harrera ona» izan duela adierazi du. Urdaibaiko erreserban egiten ari dira ikerketa horren zati bat, eta taldearen ustea da baso eredu egoki batek ur baliabideak hobetu ditzakeela.

Zein da Life Urbasoren helburua?

Helburua da aztertzea ea lur gainazaleko ur edangarriaren hartuneetan gora, erreka arroetan, uraren kantitatea eta kalitatea hobetu ote daitezkeen lurzoruaren erabilera moldatuta. Hartunea tutu bat da, zeinetan errekako ura jasotzen den. Ur hori tratamendu plantara eramaten da, edateko segurua izan dadin, eta beste tutu batzuetatik gure etxeetara bideratzen da. Hori da hornidura sistema. Orokorrean, beti begiratu izan da tutuak nola hobetu itoginik ez izateko, nola hobetu tratamenduak, eta abar. Baina ur horniduraren sistema ez da hartuneko tutuan hasten, baizik eta lurraldean, haren erabileran.

Nola eragiten du lurraren erabilerak ur baliabideetan?

Arro horietan zer landatu erabakitzen dugunean, horrek badu eragina uretan. Ez da gauza bera urte osoan hostoz beteta dauden zuhaitzak izatea ala neguan hostoak galtzen dituztenak. Azkar hazten diren espezieak landatzen baditugu, horiek ez dute xurgatuko geldo hazten diren espezieek xurgatzen duten ur kantitate bera. Zuhaitz horiek menditik atera nahi ditugunean hori nola egiten dugun ere, horrek badu eragina uretan. Arraseko mozketa bat egiten badugu, eta lurzorua biluzik uzten badugu, probabilitate handiagoa dago euriteek lurzoru hori errekara eramateko, eta, ondorioz, hartunean jasoko dugun ura sedimentuz beteta egongo da. Sedimentu horiek kendu egin behar zaizkio urari edangarri bihurtzeko.

Eta uraren kantitatean zer eragin dute faktore horiek?

Euriak, zerutik lurrera iristen denean, topatzen duen lehen pausalekua zuhaitzetako adaburuak izaten dira, eta zuhaitzak hostoz beteta badaude, euri gutxiago iristen da errekara, euriaren parte bat adaburuan gelditzen delako eta lurrundu egiten delako. Azkar hazten diren zuhaitzekin gizakiekin bezala gertatzen da: hazteko sasoian elikagai gehiago behar dira, eta urarekin, berdin. Azkar hazten diren zuhaitzak moztu egiten ditugu ura motelago xurgatzen hasiko liratekeen garaira iristen direnean.

«Azkar hazten diren zuhaitzak moztu egiten ditugu ura motelago xurgatzen hasiko liratekeen garaira iristen direnean»

Non ari zarete proiektua garatzen?

Hasieran, asmoa zen Urdaibain egitea, baina ez da erraza izan arro esperimentalak topatzea. Bata Bakion dago, bestea Markina-Xemeinen, eta bestea Busturian. Bakioko eta Busturiko arroetan eukaliptoak nagusitzen dira, eta Markina-Xemeingoan, koniferoak.

Nola ari zarete esku hartzen arro horietan?

Guk lau babes eremu proposatzen ditugu hartuneko ur edangarria babesteko. Lehen eremua errekatik 25 metroko babes eremu bat da, non ibar baso bat leheneratu nahi dugun. Oraintxe, gure arro esperimentaletan baso landaketak daude, eta, ibar basoak leheneratzeko, hogei zentimetrotik beherako diametroa zuten zuhaitzak moztu eta txikitu ditugu, egur hila lurzorura gehitzeko, biodibertsitaterako eta materia organikorako oso garrantzitsua delako. Hogei zentimetroko diametrotik gorako zuhaitzei eraztun bat jarri diegu, zuhaitzek lurzorutik xurgatzen duten ura hostoetara iritsi ez dadin. Orduan, zuhaitza, gutxika-gutxika, zutik, hiltzen joaten da. Horrekin lortzen duguna da zutik dauden zuhaitz hilak izatea, biodibertsitaterako oso interesgarriak diren habitatak baitira; okilentzat eta abar. Horrez gain, ibar basoetan tipikoak diren espezieak landatu ditugu, baso hori leheneratzeko. Ariketa bera egin dugu babes bereziko eremu deitzen diogun inguruan, hau da, hartunetik gora ehun metroko erradioan dagoen azaleran.

Nahia Gartzia Bengoetxea (eskuinean), Life Urbasoko beste kide batekin, Urdaibaiko erreka batean.
Nahia Gartzia Bengoetxea —eskuinean—, Life Urbasoko kide Aze Zabaletarekin, Urdaibaiko erreka batean. LUIS TEJIDO/EFE

Badauzkagu beste bi eremu: hartunetik ur gora 200 metrorainokoa lehena, eta 400 metrorainokoa azkena. Hor zera proposatzen dugu: estaldura jarraitua izango duen basogintza eredu bat ezartzea. Egurra ekoiztea ere garrantzitsua da, kontuan hartuta zura oso material jasangarria dela altzairuarekin eta harriarekin konparatuta. Baina ezin da ekoitzi edonon eta edozelan. Gure lehentasuna hartunera sedimenturik ez iristea denez, proposatzen dugu lurzorua biluzik ez uztea. Hau da, arraseko mozketarik ez egitea eremu horietan. Beraz, landaketa bat egingo dugu eremua espezieetan eta egituretan askotarikoa izan dadin, eta, landaketa egin eta gero, estaldura jarraitu bat mantenduko dugu. Mozketa selektibo baten bidez aterako da zura hortik.

«Basoetako karbono gehientsuena lurzoruan metatzen da, eta ez biomasan. Beraz, kudeaketa mota honek lurzorua babesteko helburua duenez, hipotesiak dio karbonoa metatzeko ere egokia izango dela»

Urdaibai ur estres handiko eremua da. Zer ekarriko luke inguru horretan halako baso eredu bat ezartzeak?

Kontuan hartu behar da Busturialdea bertako baliabideekin hornitzen dela. Lea-Artibai ere bai, adibidez. Guk frogatu nahi duguna da eskuragarri dagoen ur kantitatea handitzeko gai izan gaitezkeela arroetan lurzoru erabilerak ondo planifikatuta. Hipotesia da Busturialdean dauden 39 hartuneetan horrelako proposamen bat ezarriko balitz eskualde horren baliabideak handiagoak izango liratekeela eta, gainera, uraren kalitatea hobea izango litzatekeela. Baina hori proiektuaren emaitzek esan beharko dute.

Noizko espero dituzue emaitzak?

Proiektua bera Europako Life programak diruz lagunduta dago, eta asmoa da arroen eraldaketa amaitzea datorren urterako, eta, gero, EHUk eta Neikerrek konpromisoa hartu dugu hamabost urtez monitorizazioa mantentzeko.

Zer eragin izan dezake halako esku hartze batek klima larrialdiari begira?

Normalean, basoetan, lurzorua galtzen denean galtzen da karbono gehien. Basoetako karbono gehientsuena lurzoruan metatzen da, eta ez biomasan. Beraz, kudeaketa mota honek lurzorua babesteko helburua duenez, hipotesiak dio karbonoa metatzeko ere egokia izango dela. Klima larrialdiari begira, guk proposatzen ditugun hartune hauek erresilienteagoak izango lirateke. Izan ere, zenbat eta aniztasun handiagoko basoak izan, orduan eta erresilienteagoak dira, eta basoa erresilientea bada, lurzorua mantenduko du, eta lurzoruak ura infiltratzeko eta iragazteko duen gaitasuna mantenduko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.