Ur horniduraren bermea kolokan ez bada ere, badira arazoak

Bizkaiko hainbat tokitan indarrean daude oraindik ere iaz martxan jarritako hainbat «ezohiko» neurri; Arabako Errioxan ere badira

Leurtzako urtegia, orain dela aste batzuk, Urrotzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Alvarez Malaxetxebarria - Leire Yue Ortubay
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Geroz eta ugariagoak dira klima aldaketaren ondoriozko ezohiko fenomenoak, baita Euskal Herrian ere. Aurten ere muturreko tenperatura altuak izan dira hainbatetan, eta Euskal Herriko termometro askok berrogei graduak gainditu dituzte. Inoiz gainditu gabeko markak izan dira; esaterako, Euskalmetek jakinarazi duenez, Gueñesen (Bizkaia) dagoen Sodupe-Kadagua estazio meteorologikoak abuztuaren 23an atzemandako tenperatura mende osoko altuena izan da, haiek dituzten erregistroei begira: 45,6 gradu. Era berean, baso suteak sortzeko arriskua ere presente egon da hilabeteotan. Horrek guztiak lehen lerrora ekarri du berriz uraren auzia. Uraren hornidura, oro har, ez dago kolokan, baina sasoi honetan ur kontsumoa handitu egiten da. Aldi berean, euri gutxiago ere egiten du, eta badira hainbat arazo; Bizkaian eta Arabako Errioxan dira nabarmenenak.

Justu asteburu honetan, euria erruz egingo du. Hain justu, Euskalmeteko meteorologo Onintze Salazarrek hedabideentzat egindako adierazpenetan adierazi du euri «gutxi» egin duela udan hainbat tokitan, eta «ondo» etorriko dela emaria. Araban, bereziki, mesedea handia izango delanabarmendu du: «Araban ez du euririk egin... Kantauri isurialdiko zenbait tokitan, bai, baina Araban, gutxi».

Abuztuaren amaierako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako urtegien betetze maila %50etik gora dago. Urtegiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako populazioaren gehiengoa hornitzen dute: %85etik gora. Gainontzeko herrietan, ibai, iturburu, erreka edota urtegi txikitxoetatik hartzen dute ura. Iaz, ur premiarekin loturiko arazoak izan ziren Bizkaian. Karrantzara Kantabriatik (Espainia) ekarri behar izan zuten ura, eta Urdaibain ezohiko neurriak hartu zituzten: hondartzetako ura eta herriko iturrietako ur hornidura moztu zuten, etxeko uraren presioa txikitu zuten ordu jakin batzuetan, eta itsasontziz eraman behar izan zuten ura, hornidura bermatzeko. Aurten, Bizkaiko Uraren Partzuergoko komunikazio arduradunaren arabera, ez da azken neurri horren beharrik izan, baina «ezohiko neurriak» hartu dituzte.Eskualde osoari eragiten dio uraren arazoak: «Hornidura beharra handiagoa da eskuragarri dagoena baino».

Askotariko neurriak

Arabari dagokionez, Arabako Errioxari eragin dio gehien lehorteak. Bertan, uraren iturburu naturaletatik eta 250 metro sakon diren akuiferoetatik eskuratzen dute ura. Hainbat neurri hartu zituzten udaberrian egoerari aurre egiteko, eta, oraindik ere betetzen dituzte: besteak beste, sakagailua duten iturri publikoak soilik ireki dituzte, eta ureztatzea debekatu dute tarte jakin batzuetan. Bestalde, tenperatura altuak direla-eta, mahats bilketa aurreratu dute. Ondorioz, ur kontsumoa handitu egingo da orain, eta, horregatik, igerileku publikoak ohi baino goizago ixtea erabaki dute: bihar izango dute azken eguna.

Neurri horiek hartzen dituzten lehenengo aldia izan dela esan du Juan Jose Gartzia Arabako Errioxako Ur Partzuergoko ordezkariak, arduratuta: «Beti bizi izan ditugu egoera zailak, baina inoiz ez aurten bezainbestekoak».

Nafarroan, hobeto

Nafarroari dagokionez, iaz Nafarroako Gobernuak Lehortearen Mahaia aktibatu zuen, euri falta luzearen ondorioz. Esako urtegiak kezka handia eragin zuen: edukieraren %15 soilik izan zuen une batean. Aurten, Cesar Perez Martin Nafarroako Gobernuko Plangintzaren, Azterlanen eta Uraren Ziklo Osoaren Ataleko buruak esan duenez, nahiz eta urtearen zati handi batean lehortea eta eskasia egon lurraldean, egoera bestelakoa da. «Iaz, murrizketak izan zituzten, batez ere Pirinioetan eta Erriberako herri batzuetan; aurten, berriz, ez da lehorteak eragindako gorabeherarik edota murrizketarik izan».

Iaz, Iparraldeko hainbat herritan ere neurriak hartu behar izan zituzten ur eskasiak eragindako arazoei aurre egiteko. Ortzaize (Nafarroa Beherea) eta beste herri batzuen ur eskasia, esaterako, kamioietan ura garraiatuz konpondu zuten. Idorte planari segituz, uraren kudeaketa berri baten lehen urratsak bozkatu ziren Euskal Elkargoak uztailaren lehenean eginiko biltzarrean, egoerak horretara bultzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.