"Ur harresia" egingo da Donostian, irailaren 1ean, estropada egunean hain zuzen. Eleak mugimenduak antolatu du, eta epaiketa politikoak amaitzea da funtsa. Iruñerriko eta Barañaingo herri harresien ondoren antolatu dute hirugarrena, baina oraingoak berritasun bat izango du; "ur harresia" irudikatuko dute manifestariek: “Udako sargori errepresiboaren aurrean auzipetuak eta eskubide zibil eta politikoak freskatu eta biziberritzea da asmoa”, azaldu du Txerra Bolinagak; “erasotzaileak konpromisozko olatuen azpian itotzea”.
Deustuko grebalarien aurkako epaia, 36 pertsonen aurkako 35/02 sumarioa eta Segikoak izatea leporatzen dieten 40 gazteren epaiketa. Asko dira, Eleak-ek nabrmendu duenez, euskal herritarren eskubideen aurkako “epaiketa politiko bidegabeak”. “260 lagun inguru dira oraindik epaiketaren edo epaiaren esperoan daudenak”, salatu dute, “baina ehunka gehiago izango dira, herri presio nahikoa egiten ez badugu”. Hori hala, salbuespen politika horiek amaitzeko, “elkartasun desobedientea” praktikatzeko deia egin du mugimenduak.
Dei argia egin du Bolinagak Donostiako kaian eginiko prentsaurrekoan; gizarteak eskatu behar du epaiketa politikoak amaitzeko: “Harriz harri, herriz herri. Antolakuntza oinarri, desobedituz, amorrua eta maitasuna antolatuz, irudimenetik tiraka, tinko bezain samur. Euskal Herri osotik eraiki behar da herri harresi zulakaitza”.