Igandean, estropada egunean, Ur harresia egingo dute Donostian. Eleak mugimenduak antolatu du, eta epaiketa politikoak amaitzea du funtsa. Iruñerriko eta Baraiñango herri harresien ondoren antolatu dute hirugarrena, baina oraingo honek berritasun bat izango du: lehorretik uretara egingo du salto harresiak. «Udako sargori errepresiboaren aurrean, auzipetuak, eta eskubide zibil eta politikoak freskatu eta biziberritzea da asmoa; erasotzaileak kompromisozko olatuen azpian itotzea». Hala azaldu zuen Txerra Bolinagak, atzo, Donostiako kaian eskainitako prentsaurrekoan. Bolinagarekin batera zeuden, era berean, 35/02 sumarioan auzipeturik dauden Agus Rodriguez, Joseba Alvarez eta Juan Lizaso. Babestu gure trainera laranja izango da ekinbidearen leloa, eta horren inguruko xehetasun gehiago jakinarazi ez zuten arren, Kontxako estropaden jarduna ez dutela oztopatuko argi utzi zuen Bolinagak. 12:30ean egingo dute ur harresia, hain justu, gizonezkoen estropada hasi eta ordu erdira.
Donostiako kaiko arranplan egin zuten atzoko agerraldia Eleak mugimenduko kideek. Bertan izan ziren Bolinaga, Rodriguez, Alvarez eta Lizaso, mahai inprobisatu bat aurrean zutela. Atzean, berriz, beste dozena bat pertsona, babesa ematen, Eleak mugimenduaren bereizgarri diren kamiseta laranjak soinean zituztela.
Oinarrizko askatasunek «oporretan» dirautela esanez hasi zen Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinaga. Horren adibidetzat jarri zituen Bilboko jaietan txupinerarekin eta Laudioko jaietan pregoilariarekin gertatutakoak. «Zigor judizial lotsagarri» gisa definitu zituen horiek biak. «Disidentzia ñimiñoena ere, adierazpen herrikoi oro, jopuntuan daudela berretsi digute. Zaharrak berri».
Deustuko grebalarien aurkako epaia, 36 lagunen aurkako Herriko tabernen auzia, eta gazte mugimenduko 40 kideren aurkako makroepaiketa. Asko dira, Eleak-ek nabarmendu zuenez, euskal herritarren eskubideen aurkako epaiketa politiko «bidegabeak». «260 lagun inguru dira oraindik epaiketaren edo epaiaren esperoan daudenak», salatu zuen Bolinagak, «baina ehunka gehiago izango dira, herri presio nahikoa egiten ez badugu». Hori hala, salbuespen politika horiek amaitzeko, «elkartasun desobedientea» praktikatzera deitu zuen Eleak-eko kideak.
Errenteria, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Ondarroa... Herri dinamikek aurrera segitzen dutela azpimarratu zuen Eleak-eko kideak. Gisa horretako protestak eraginkorrak direla adierazi zuen, baina bide horretan gehiago sakondu beharra dagoela erantsi zuen, eta gogorarazi Euskal Herriko 43 herritan epaiketa politikoren bateko auzipeturen bat dagoela.
Mezu argia eman zuen Bolinagak: euskal gizartea da epaiketa politikoak amaitzeko eskatu behar duena. «Antolakuntza oinarri, desobedituz, amorrua eta maitasuna antolatuz, irudimenetik tiraka. Euskal Herri osotik eraiki behar da herri harresi zulagaitza».
'Ur harresia' egingo dute Donostian, epaiketa politiko «bidegabeen» aurka
Igandean, estropada egunean egingo dute ekitaldia, urrian Madrilen epaituko dituztenak babesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu