Ur berdea kudeatu ur urdina ez faltatzeko

'Ur berdearen garrantzia krisi klimatikoaren aurrean' izeneko hitzaldia eman zuen atzo Ane Zabaleta geologoak Udako Euskal Unibertsitatean, azaltzeko ezinbestekoa dela lurzoruaren hezetasuna kudeatzea zerbitzu hidrologikoak bermatzeko.

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria eta Ane Zabaleta geologoa, atzoko hitzaldian. BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
Usurbil
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Lurzoruan dagoen ura ongi kudeatzea, lur gainean eskura duguna falta ez dadin. Hori da, funtsean, Ane Zabaleta geologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak proposatzen duen ideia. UEU Udako Euskal Unibertsitateak Usurbilgo Udalarekin (Gipuzkoa) eta Jakin-ekin batera antolaturiko Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? izeneko ikastaroan, Zabaletak ur berdeari buruz hitz egin zuen atzo, klima aldaketaren ondorioak arintzeko izan dezakeen garrantzia seinalatzeko.

Irakasleak berak azaldu zuenez,lurzoruan dagoen hezetasunari esaten zaio ur berdea; landareek bizi eta hazteko erabiltzen dutenari, alegia. Halaber, ur urdina esaten zaio ibaietan, aintziretan eta hezeguneetan ikusten den gainazaleko ur gezari, eta azken horrek, hain zuzen, berebiziko garrantzia du gizakien eguneroko bizitzan, industriarako, nekazaritzarako eta etxebizitzak hornitzeko ezinbestekoa delako.

Bada, berotze globalaren ondorioz gertatzen ari den klima aldaketarekin, eskura dugun ur urdina gutxitzen ari da,prezipitazioen gorabeherek desorekak sortzen dituztelako eta tenperaturen igoerak lurruntzea eta landareen transpirazioa areagotzen dituelako. Horiek horrela, prezipitazioetan eta tenperaturan eragiteko gaitasunik gabe, gizarteari ur urdinen emaria mantentzen saiatzeko tresna bakarra geratzen zaiola azaldu du Zabaletak, eta tresna hori ur berdearen kudeaketa da.

Landaretza mota da gakoa

Lurzoru baten hezetasuna handiagoa den heinean, bertatik igarotzen den ibaiaren emaria murriztu egiten da. Hau da, zenbat eta ur berde gehiago izan, orduan eta ur urdin gutxiago geratuko da, eta gakoa, hortaz, lurraldearen erabileran datzala azpimarratu du irakasleak.

«Erabilera hori landaretza motan eta haren kudeaketan oinarritzen da», azaldu du, «ez baita berdina izango ur asko kontsumitzen duen espezie bat edo gutxiago kontsumitzen duen beste bat izatea». Hala, ibaiaren arroan zehar dagoen baso batek ibaiaren emaria belardi batek baino gehiago murrizten duela zehaztu du irakasleak: «Basoek askoz ur gehiago kontsumitzen dute, biomasa handiagoa dutelako, atmosferarekin truke handiagoa dutelako, eta, sustraiak sakonago doazenez, ur gehiago hartzen dutelako».

Orobat, basoak belardiak baino ur gehiago kontsumitzen duen moduan, baso mota batzuek beste batzuek baino hezetasun handiagoa eskatzen diote lurzoruari. Eta, alde horretatik, Zabaletak pinuz edo eukaliptoz osaturiko basoak nabarmendu ditu, hosto erorkorretakoek baino «askoz ur gehiago» xurgatzen dutelako.

Iturburuak babestea

Lurraldeko ibaiak aztertuta, azken 60 urteetan Euskal Herriko ur urdinaren emaria murriztuz joan dela berretsi du Zabaletak, eta, tarteka gora egin dezakeen arren, etorkizunean ere beherantz jarraituko duela iragarri du: «Modelo batzuek esaten digute 2030eko udaberrian eta neguan emarien gorakada bat egon daitekeela, baina, horizonte hori pasatuta, urteko sasoi guztietan ur gutxiago izango dugula esaten digute modelo guztiek».

Ibaiaren arroak eskaintzen dituen zerbitzu hidrologikoak mantentzeko, ordea, «ura kantitatean, kalitatean eta urte osoan» izatea ezinbestekoa dela gogoratu du irakasleak, eta azkenaldian gero eta udal gehiagok horrekin loturiko kezkak agertu dizkiotela jakinarazi du.

Bada, arroa zaindu eta, horrekin batera, ekosistemak babestu eta herrietako ur hornidura bermatu nahi bada, arreta ibaien iturburuetan jarri behar dela azpimarratu du Zabaletak: «Kontu handia izan behar da ibaiaren arroaren goialdean egiten dugun lurraren erabilerarekin, gerora horrek finkatuko baitu zenbat ur urdin eta berde geratuko zaigun». Edo, beste hitz batzuekin azalduta, hobe da gaur arduraz jokatu eta lurraldeko ur iturriak zaintzea, diru iturriak lehenetsi eta etorkizunean lehor geratzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.