Itsasadar azpiko tunelaren proiektua geldi dezatela exijitu dute Bilbon

Subflubialari Ez plataformak deituta, aldundiak sustatutako proiektuaren kontrako jarrera argia adierazi dute manifestariek. Ibilgailu pribatuen erabilera murriztu eta garraio publikoari lehentasuna emango dioten politikak exijitu dituzte.

Itsasadar azpiko tunelaren kontrako protesta egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Itsasadar azpiko tunelaren kontrako protesta egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko otsailaren 8a
18:25
Entzun

«Ez da tunela, gizarte eredua baizik». Herritarrek Bizkaiko hiriburuko kaleak hartu dituzte gaur, Bilboko itsasadarraren bi aldeak ibai azpitik lotzeko autobidearen proiektua geldi dezatela exijitzeko. Subflubialari Ez plataformak deituta, argi utzi dute proiektua «kalte larri bat dela ingurumenarentzat, gizartearentzat eta ekonomiarentzat» eta «oraingo belaunaldien eta hurrengoen etorkizuna» hipotekatuko duela.

Getxoko Itzubaltzeta auzoa Ezkerraldearekin lotuko duen ibai azpiko errepidearen proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du. Erakunde horren eraikinean amaitu dute protesta. Horra iritsi baino lehen, Arriagan bildu dira manifestariak. Bertan, Hodei Rodriguez plataformako kideak nabarmendu du proiektua «oso negatiboa» izango dela Bizkaiarentzat, besteak beste «kutsadura areagotuko» baitu.

Subflubiala ez lelopean hasi dute martxa Kale Nagusira. Ibilbidean zehar, ugariak izan dira entzun ahal izan diren oihuak. Besteak beste: «Subflubiala geldituko dugu» eta «Subflubiala autobideari ez, auto gehiagorik ez». Pankartaren lelo bera duten banderak, pegatinak eta elastikoak ere eraman dituzte soinean, baita Palestinako banderaren bat ere. Bidearen erdian, Obra publikoa interes pribatua leloa duen pankarta zabaldu dute, txistu artean.

Amaieran irakurritako adierazpenean, plataformako ordezkariek argi utzi dute proiektuak ez dituela «berotegi efektuko gasen emisioak» murriztuko. Aitzitik: «Ibilgailu pribatuen erabilera areagotuko du, baita kutsadura ere». Hain justu, plataformak aste honetan egotzi dio Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegitura diputatuari «gezurretan» ibiltzea. Kritikatu dutenez, Alzagak hainbatetan baieztatu du proiektuak ez duela trafiko gehigarririk sortuko. Kontrakoa dio, baina, aldundiak berak egindako txostenak: «Proiektuak trafikoa areagotuko duela onartu du». Baieztapenak zuzentzeko exijitu diote diputatuari, eta «eztabaida publiko baterako» deia egin diote, «bizkaitarrek proiektuaren inguruko iritzi kontrajarriak ezagutzeko eskubidea dutela» uste baitute.

Bizkaiko Foru Aldundian bukatu dute ur azpiko tunelaren kontrako protesta, gaur. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundian bukatu dute itsasadar azpiko tunelaren kontrako protesta, gaur. BERRIA

Plataformak ohartarazi du proiektua ez datorrela bat «aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, [Espainiako] Estatuko Gobernuak eta Europako Batasunak» ezarritako helburu klimatikoekin. Autobidearen kostu ekonomikoa ere izan dute hizpide, obrak iragarri zituztenetik %10 handitu baita: 450 milioi eurotik 500 milioi eurora, aste honetan zehaztu dutenez. «Uste dugu 1.000 milioi eurora ere irits daitekeela», zehaztu du Rodriguezek.

Manifestariek salatu dute proiektuak interes pribatuei erantzuten diela, eta ez herritarren beharrei. Hori dela eta, diru kopuru hori «garraio publikoa hobetzeko» erabiltzeko eskatu dute, eta ez, ordea, «eraikuntza enpresa handien irabaziak» handitzeko.

Zarata eta kutsadura

Plataformak ez du ahaztu proiektuak «gizartean izango duen eragina». Azaldu dutenez, tunela sortzeko obrek «zarata, kutsadura eta bibrazioak» sortuko dituzte «hurbil dauden eremuetan». Gainera, behin autobidea martxan jarrita, «trafikoak eragindako gasek eta partikula kutsagarriek» inguruan bizi, ikasi zein lan egiten duten herritarren bizi kalitateari kalte egingo diote. «Hau ez da soilik ingurumen arazo bat, osasun publikoarena ere bada». Artatzako parkeak ere, «aldundiak berak lehen mailako birika berdetzat izendatzen duen tokiak», «bere esentzia» galduko du kutsadura dela eta. Bertan dagoen institutu publikoa ere «arriskuan» dagoela ohartarazi du Rodriguezek.

50 eragilek baino gehiagok atxikimendua agertu diote gaurko manifestazioari. Besteak beste, Ekologistak Martxan-ek, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, baita ELA, LAB, CCOO, CGT, Steilas eta ESK sindikatuek ere.

«Ez gaude bakarrik», esan dute plataformako kideek. «Indarrak batu ditugu, badakigulako mugitzeko beste modu bat posible eta beharrezkoa dela». Ibilgailu pribatuaren erabilera murriztu eta garraio publikoari lehentasuna emango dioten politikak exijitu dituzte eragile guztiek. Proiektua gelditu arte mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.