UPNri aurpegiratu diote bere mezua eta ekintzak ez datozela bat

Esparzak aldarrikatu du UPNk aliantza politika aldatu eta «baliagarri» izan behar duela EH Bilduk erabakigarri izateari utz diezaion.

(ID_17011044935285) UPNren Alderdiaren Eguna
UPNren Alderdiaren Eguna, atzo, Tafallan (Nafarroa)
joxerra senar
2023ko azaroaren 27a
18:40
Entzun

Igandean, Tafallan (Nafarroa), Alderdiaren Eguna ospatu zuen UPNk. Ekitaldi horretan, Javier Esparza alderdiko presidenteak «batasuna» eskatu zuen udaberrian egingo den kongresuari begira. Aldi berean, aliantzen politikak moldatzeko beharra ere azpimarratu zuen, EH Bilduk erabakigarri izateari utz diezaion.

Goizean, taldeetako bozeramaileek Esparzaren mezu nagusia hizpide izan dute Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Gobernuko bi bazkide nagusiek –PSNk eta Geroa Baik– ez dute askorik sinesten. Inma Jurio sozialistaren irudiko, Esparzaren esanak ez datoz bat haren ekintzekin. Koalizio Kanariarrarenarekin alderatu zuen haren jarrera, talde horrek Pedro Sanchezen inbestidura babestu baitzuen amnistia legearen aurka egon arren: «Duela hamar egun, Espainiako Gobernua hautatu zen, eta, orduan, politika baliagarria zatekeen Koalizio Kanariarrarenaren moduko jarrera hartu izana, baina UPNk nahiago izan zuen Sanchezen aurka bozkatu».

Juriok uste du, halaber, Esparzak ez duela sinesgarritasunik, aurki utziko baitio UPNko presidente izateari. «Zortzi urteren ondoren, oraindik ez du egin basamortuko zeharkaldirik, eta ez dugu ikusten inondik ere politika baliagarria egin nahi dutenik parlamentuan, ezta oro har Nafarroan ere».

Antzera mintzatu da Pablo Azkona, Geroa Baiko eleduna. «UPNk dio alderdi moderatua izan nahi duela, baina ekintzek erakusten dute duela aste batzuk herrialde honetako eskuinarekin eta eskuin muturrarekin bat eginda zegoela, Feijooren inbestidura aurrera ateratzeko prest».

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, UPNren mezu hori ez da berria. «Oraindik ez dute barneratu 2015ean gertatutakoa». Gaineratu du EH Bildu baliagarria dela. «Haiek, aldiz, ez dira baliagarriak. Norabiderik gabe doaz, eta ez gaitu harritzen esan dutena esan izanak, beti baitoaz EH Bilduren aurka».

Zerga neurriak, adostuta

Araizek iragarri du Nafarroako Gobernuarekin ados jarri direla abstentzio bidez zerga arloko lege proiektuari bide emateko. EH Bilduko parlamentariak onartu du akordio horrek ez duela asko aldatuko gobernuaren proposamena, eta ez dela haiek nahiko luketen zerga erreforma. Espero da abenduaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dela Nafarroako Parlamentuan.

Aldaketen artean dago errenta zergari lotutako deflatazioa. Gobernuak proposatu du inflazioaren eragina leuntzeko errentaren arabera deflatatzea. Orain, akordioaren arabera, 30.000 eurotik beherako errentei kenkaria %50 handituko zaie, 100 eurotik 150 eurora. Alokairuko kenkariak ere handituko dituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.