UPNko 2.631 afiliatuk alderdiaren lemaburua hautatzeko hitzordua dute gaur: Javier Esparza egungo presidentea ala Sergio Sayas Espainiako Kongresuko diputatua. Esparzak, azken bost urteetan egoera zailean egindako lana eta hauteskunde emaitza onak aldarrikatu ditu; Sayasek «Nafarroa berriz berreskuratzeko» proiektua eraberritzea du xede. Gaur, Nafarroako sei herritan banatutako hauteslekuetan, bi horien artean hautatu beharko dute militanteek. Lidergo lehia horren gaurko emaitzak, halaber, erakundeko barne boterearen argazkia utziko du.
COVID-19ak goitik behera baldintzatu du eskuineko alderdiak lau urtean behin egin ohi duen bozketa. Hasieran, martxoaren 29an egitekoa zen, baina pandemiaren eztandaren eta konfinamenduaren ondorioz, hilabete atzeratu zuten, eta, atzera egin zuten, berriz, bertan behera uzteko. Azkenik, gaur egingo da, baina maskarak aurpegian eta hidrogelak nonahi izanda bozkatuko dute. Halaber, lurralde osoan hedatuak diren militanteen bozketa errazteko sei gune egokitu dituzte: Iruñeko Baluarte jauregia, Tuterako Tudela Bardenas hotela, Tafallako Hola Tafalla hotela, Lizarrako alderdiaren egoitza, Elizondoko egoitza eta Kasedako udaletxea.
Kongresu irekia
Zail egiten da kongresuak zer emango duen aurrez jakitea. 2014ko udazkenean, Yolanda Barcinak lehendakarigai izateari utzi eta gutxira, bere hautagaitza aurkeztu zuen Esparzak, eta ustekabeko mugimendu hura primarioak irabazteko eta, ondoren, alderdiaren lidergoa hartzeko baliatu zuen. Alderdia barrutik ezagutzeak eta zatitutako sektoreen arteko zubigile gisa agertzeak bere alde jokatu zuen.
Egun, orduko Barcinaren aldekoen eta Sanzen aldekoen mugak lausotu egin dira, eta oraingo Kongresuak 2020ko aulki jokoa islatzen du. Adibidez, garai batean Barcinaren ingurukoa zen Enrique Maiak edo Jose Luis Sanchez Muniainek Esparzari eman diote babesa. Esparzaren alde azaldu dira, halaber, egun Navarra Sumaren harmailetan esertzen diren UPNko parlamentarietako asko —Maria Jesus Valdemoros, Iñaki Iriarte, Cristina Ibarrola, Angel Ansa, Carlos Garcia Adanero diputatua...—.
Haatik, horrek ez du esan nahi Sayasek indarrik ez duenik. Duela lau urte, 2015eko abenduko Espainiako Kongresuko bozetarako zerrendaburua hautatzeko lasterketan, alderdian pisua duen Adanerori gailendu zitzaion, eta, ziurrenik, garaipen hark hauspotu zuen Sayasen anbizioa. Haren taldean pertsona esanguratsuak ageri dira: adibidez, Maribel Garcia Malo, Lourdes Goikoetxea, Luis Zarraluki, Amaia Larraia Eguesibarko alkatea eta Jorge Esparza —azken horiEsparzaren gerizpean hazi da politikoki—. Hartara, gaztetasunaren irudi horrek haren alde joka dezake.
Esparzak lau urteko esperientzia eta egindako lana aldarrikatu du. Parlamentuko taldea eraberritu du, eta iragan hauteskunde ziklorako Navarra Sumaren koalizioaren aldeko apustua egin zuen; boz horietan guztietan lortutako emaitzek bere alde jokatzen dutela deritzo.
Hark nabarmendutako abantaila guztiek badute ifrentzua. Aurpegi berriak sartuagatik, ez da gai izan proiektuari bultzada berria emateko. UPNren diskurtsoa betikoa da: euskararen, elkarbizitzaren eta Nafarroako nortasunaren inguruko gaietan kateatuta jarraitzen du, aurrerapausorik eman gabe. Navarra Sumako beste bi bazkideek —Ciudadanosek eta PPk — urtebetean emandako bira politiko handiek ere baldintzatu dezakete UPNren jarduna, eta, gainera, Esparza ez da gai izan aliantza politikoak egiteko, batik bat PSNrekin. Esparzak sozialistei leporatzen die erru guztia.
Ahuldade horiek bere alde erabili nahi ditu Sayasek. Eraberritzearen karta baliatu, eta, besteak beste, UPNk gai sozialei gehiago erreparatu behar dielakoan dago. Alta, Espainiako Kongresuan, Voxekoen oniritzia jasotzen zuen Sayasek, eta ikusteko dago UPNren proiektua berritu eta erdigunerantz eramango duen ala eskuinerago bultzatuko duen.
Esparzak ardura eta esperientzia goratzen ditu, eta Sayasek, ilusioa. Baina pertsonen arteko lehia izango da, proiektu politikoena bainoago:XII. kongresuak ez du eztabaidarik ekarri proiektuaren norabideari buruz.
UPNren lemazain nor jarriko deman
Alderdiko 2.631 afiliatuek Javier Esparzaren eta Sergio Sayasen artean aukeratu beharko dute hurrengo lau urteetan proiektua gidatu dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu