Bakartxo Ruiz. Nafarroako EH Bilduko bozeramailea

«UPNren eta PSNren arteko arrakalan sakontzea ona da»

Ruizen arabera, aurrekontu akordioak islatzen du «Navarra Sumaren aurrean gehiengo alternatiboa» dagoela. Dena den, aitortu du zerga arloan «anbizioa falta» zaiola gobernuari.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Legealdian hirugarren aldiz, aurrekontuei bide emateko akordioa izenpetu du EH Bilduk. 2019an PSNk Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetatik at utzi ostean, lehen akordioak balio izan zuen beto hori kendu zela irudikatzeko. Onartu eta berehala pandemia etorri zen, eta COVID-19ak baldintzatu zuen goitik behera bigarren akordioa. Hirugarren hau zabalagoa eta «zehatzagoa» da, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariaren esanetan (1977, Iruñea).

Navarra Sumak utzitako hutsunea baliatzen ari al zarete?

Bai. Legealdiaren hasieratik garbi ikusten zen gobernuak bi aldeetara begiratu zezakeela, eskuinera edo ezkerrera. Zorionez, ezkerrera begiratzen ari da. Gure artean desberdintasun handiak ditugu, baina hasieratik markatu genuen helburu hori: gobernuak balia zezala ezkerretara zegoen gehiengo hori. Hainbat arlotan oraindik ere eskuinari begiratzen dio, baina ezkerrerako bide hori egiten ari gara.

Atzera egiteko arriskurik ba al dago?

Politikan gauzak egun batetik bestera alda daitezke, eta hori ezagutu dugu urte luzeetan, baina bidean ahalik eta urrats gehien egiten diren neurrian gero eta zailagoa da atzera egitea. Estrategikoki EH Bilduk oso argi du: aurrera egiten ari garen bidean, ahalik eta zailtasun gehien jarri nahi ditugu urte luzez ezagutu ditugun aliantza politikoak birplanteatu ez daitezen. Ikuspegi ezkertiar eta demokratiko batetik, bestelako Nafarroa bat nahi badugu; ezinbestekoa da UPNren eta PSNren arteko arrakala sortzea eta arrakala horretan sakontzea.

Zure ustez, zein da akordioaren balio politikoa?

Navarra Sumaren aurrean gehiengo alternatiboa dagoela islatzen du akordioak. Aurrekontuok ez dute iraultza bat irudikatzen, baina bide bat ezartzen dute, eta lehentasunezko arlo batzuetan ados gaudela adierazten dute. Esate baterako, krisi honi eman behar zaion erantzunean. Hori ona da nafar jendartearentzat, beste politikak ahalbidetzen dituelako.

Urtetik urtera koska bat harago zoazte?

Bai, akordio honetan indar handiagoa jarri dugu edukietan. Gobernuari eskatu dizkiogun eta onartu dituen konpromisoak sakonagoak eta ukigarriagoak dira,epeak zehaztuago daude, zehaztapen maila handiagoa da, eta anbizio handiagoa erakusten du. Horrek erakusten du bi aldeen arteko borondatea handia izan dela.

Atal ugari sartzen dira. Zein nabarmenduko zenituzke?

Esate baterako, 0-3 zikloan 18.000 eurotik beherako errentek doakotasuna bermatuta izatea, edo, pentsiodunen aldarrikapenetatik urruti bagaude ere, gutxieneko pentsioen osagarria 800 eurora arte bermatzea. Adibidez, hizkuntza politikan jakina da gobernuarekin desadostasun nabarmenak ditugula eta arazo handiak izango ditugula egiturazko aldaketak egiteko; baina pozgarria da ia milioi bat euro gehiago sartzea Euskarabidean, etor zitezkeen murrizketak saihestea eta bereziki helduen alfabetatzean doakotasunerako bidean jauzi garrantzitsu bat eman ahal izatea. Mugarri bat ezartzen du.

Zer falta zaio?

Anbizioa eta benetako ikuspegi eraldatzailea. Txanponaren beste aldean, aurrekontua gauzatzeko fiskalitate aurreratuagoa eta bidezkoago behar genuke.

Kezka duzue testuinguru ekonomikoa aldatu ote den?

Iruditzen zaigu gobernuan epe laburreko begirada dutela, eta gehiago ari direla begira hemendik urte eta erdira izango ditugun hauteskundeei. Baliteke hemendik urte gutxitara egoera zailean egotea Nafarroako Gobernua. Europako funtsak diru iturri garrantzitsua dira, eta ematen du balizko susperraldia badagoela, baina agortu daiteke, eta, ziurgabetasun honetan, litekeena da ekonomikoki eta sozialki honek eztanda egitea oso denbora gutxira. Begirada luzez begiratzen ez bazaio fiskalitateari ere, arazo handiak izan ditzakegu zerbitzu publikoei eusteko nahikoa baliabide lortzeko.

Sozietate zergan dago korapilo nagusia. Iazko akordioari esker, aurten kenkari batzuk aztertzeko txostena landu da, eta, orain, falta direnak aztertuko dira. Zergatik ez da dena batera egin?

Gobernuak ez zuen gogo handirik. Bete du konpromisoa, baina neurri batean. Aditu talde bat osatu zen, baina berandu. Egin zitzaion enkargua partziala izan zen. Orain, bigarren zatia etorriko da. Gure planteamendua zen denak batera aztertzea.

Denbora irabazi dute?

Neurri batean, bai. Ezin dugu esan konpromisoari muzin egin diola, baina, krisiari aurre egiteko baliabideei begira, gobernuak ez du lehentasun gisa hartzen.

Lehen txostenak zioen enplegu eta inbertsio arloko kenkariak eraginkortasun txikikoak zirela. Neurririk hartuko da?

Enplegua sortzeko, kenkariekin bainoago enplegu politika aktiboen bidez eragingo da, akordioan jasota datorrenez. Gainerakoen inguruan, gobernuak dio zorrotzak izan behar dugula, eta aldaketak tentuz egin. Horrekin jarraituko dugu, tematuta baikaude.

Kontentuago ageri zarete udal finantzaketaren eredu aldaketarekin. Zergatik?

Aspaldiko desorekak zuzentzen dituelako. Ez da erraza izan: hilabete luzeetako negoziazioen emaitza izan da. Orain arteko sistemak bermatu egin die udal handiei eta bereziki Iruñeari eredu zentralizatzaile baten barruan jokatzea. Horrek bazter batean uzten zituen eskualdez eskualde traktore diren hainbat udal, eta, bereziki, txikiak. Sistema berriari esker, udal txiki askok %20-%30 handituko dute finantzaketa. Gainera, orain arte banaketa oso baldintzatuta zegoen parlamentuan egon zitezkeen gehiengo politikoei. Hemendik aurrera, KPI gehi %2 igotzeko konpromisoa dago, eta bereziki udal txikiei egonkortasuna ematen die inbertsioetan eragin ahal izatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.