UPNren estatuturik ez dutela hautsi adierazi dute Sayasek eta Adanerok

Berme eta diziplina batzordearen erabaki «independente» bat espero dutela esan dute, eta diputatu aktak ez itzultzea erabaki dute, berriro ere

arantxa iraola
2022ko otsailaren 7a
21:24
Entzun

UPN alderdiaren estatuturik ez dute hautsi. Mezu hori eman dute gaur UPNko diputatu Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok alderdiaren berme eta diziplina batzordean. Diputatu biek lehengo astean Espainiako Kongresuan Lan Erreformaren aurkako botoa eman zuten, alderdiak aurrez iragarritakoaren kontra egin zuten horrela, eta ezinegon handia sortu du horrek alderdian; horregatik zeuden gaur arratsaldean biak berme eta diziplina batzordera deituta. Bertan orain erabaki «independente» bat hartzea espero dutela adierazi dute bi politikariek, eta aurrez igaro egunetan izandako jarreran irmo jarraitu dute: diputatu aktak ez dituztela itzuliko jakinarazi dute. Sayas abokatu batekin joa da bilerara: Eduardo Ruiz de Erentxunekin.
Kazetari ugari joan dira UPNren egoitza nagusira, bilera izango zela jakinda, eta hitza hartu dute bi politikariek; beren portaeraren  defentsa egin nahi izan dute. Joan den ostegunean Kongresuan gertatu zenaren inguruan «mundu guztia engainatzeko» moduko bertsioak zabaldu direla deitoratu du Garcia Adanerok. Sayasek, bere aldetik, «traidore izatea» eta PPri «salduta» jardutea egotzi dietenen kontra egingo dutela adierazi du. Alderdiko inolako araubiderik ez dutela urratu adierazi du, eta alderditik kanporatzeko ziorik ez dagoela: «Nik sinesten dut alderdi honetan, eta jarraitu egin nahi dut bertan».  Kongresuan Lan Erreformaren aldeko botoa ematearen aldeko eskea egin zietenean, atzean zer «negoziazio» klase zeuden ez zietela azaldu adierazi du: «Ez genuen inolako informaziorik izan».
Baina bi politikariak alderditik kanporatzearen hautuak onespena du alderdian. Larunbatean  alderdiaren Kontseilu Politikoa elkartu zen Nafarroa Arena kiroldegian, eta   bertaratutakoen %80,6k onetsita, biak alderditik kanporatzeko prozedurari ekin zion UPNk. Zuzendaritzako buruek adierazi zuten, gainera, ahalik eta azkarren konpondu nahi zutela auzia. Horregatik zen beharrezkoa gaurko bilera. Aurrez, bezperan, jarrera hori bera argi utzia zuen alderdiko zuzendaritzak: Sayasek eta Adanerok ezin zutela alderdian jarraitu esan zuen UPNko presidente Javier Esparzak, eta diputatu akta itzuli ezean, alderditik kanporatzeko prozedura hastea proposatu zuen alderdiaren zuzendaritzak.«Ez dute UPN ordezkatzen. Ezin dute jarraitu», esan zuen Esparzak. «Kalkula ezineko mina egin zaie alderdiari eta buruzagiei; gure sinesgarritasuna eta fidagarritasuna kolokan jarri dituzte».
Batzordean, bost kide
Berme eta diziplina batzordea bost kidek osatzen dute, eta gehiengoz hartu behar dute orain bi diputatuak kanporatzeko erabakia. Batzordeak «UPNren irudi publikoa eta baloreak zaintzea» du helburu; horiek horrela, alderdiko kideek «barruko demokraziaren eta interes orokorraren arabera» jardutea bilatzen du. Era berean, bermeekin eta diziplinarekin lotutako prozedurak irekitzeko betekizuna du.
Ikusi egin beharko da orain espedientea ireki dieten bi kideek zer babes duten batzordean: 2020an barne lehia izan zuen Sayasek Esparzarekin alderdiko buruzagitza bere gain hartzeko, eta indarra baduela erakutsi zuen: botoen %41 lortu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.