Labanak zirti-zarta dabiltza Iruñeko Vianako printzea plazako egoitzan. UPNk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrek eta hirugarrenez jarraian Nafarroako Gobernutik kanpo geratu izanak hautsak harrotu dituzte alderdiaren barruan. Urak baretu nahian,alderdiko presidente Javier Esparzak aurreko astean iragarri zuen uko eginen diola gobernurako hautagai izateari, baina ez zuen autokritikarik egin, eta bozetan erdietsitako emaitza txarrak gutxietsi zituen: «PSNren egungo jarrerarekin, ezziratekeen lehendakari izanen ez Miguel Sanz, ez Yolanda Barcina». Orain, Sanz bera izan da Esparzari arrapostu eman diona, eta koska bat handitu du UPNren eltze barruko presioa.
Esparzak bezala, Sanzek ere Diario de Navarra egunkarian egin ditu adierazpenak, eta ia puntuz puntu birrindu du UPNk azken urteetan erabili duen estrategia: «Aurrekoan, Javier Esparzak esan zuen UPNren barruan ez dagoela ezinegonik, dena ongi doala. Hori ez dator bat niri iritsi zaizkidan mezuekin. Eta ez dira bat, bi, hiru, lau edo bost izan. Ezinegona egon badago», azpimarratu du hamasei urtez Nafarroako Gobernuko lehendakari eta UPNko presidente izan zenak.
Haren ustez, gainera, ezinegon horren oinarrian dago hauteskundeetara bakarka aurkezteko erabakia, PPrekin sinatutako aliantza estrategikoa apurtu ostean: «Estrategia okerra izan da», laburbildu du Sanzek. «[Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara] elkarrekin joateko kontraproposamena egin zigun PPk, eta hanka sartzea izan zen eskaintza hori onartu ez izana».
Horren ondorioz, Espainiako Kongresuan zituen bi diputatuetatik bat galdu zuen UPNk, eta Nafarroako indarretan laugarrena bihurtu zen: «Azken urteetako lidergoa galdu dugu», laburbildu du presidente ohiak. Are gehiago: «oso larritzat» jo du EH Bildu bigarren indar politikoa izatea.
Unidad Alavesaren ispilua
Hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrez harago, ordea, alderdiaren «noraeza» eta «garaietara egokitzeko gaitasunik eza» kritikatu ditu Sanzek. UPNk azken urteetan hartutako bidea txarretsita, buruzagi erregionalistak gaineratu du kritika politikoan «askoz sendoago» aritu beharko lukeela alderdiak: «Ideologikoki eta estrategikoki berrarmatu behar dugu, printzipioei uko egin gabe».
Zehazki, PSN alderdi ezkertiar eta abertzaleetatik aldentzeko estrategia proposatu du UPNko presidente izandakoak: «Ahalik eta gehien gehitu beharko genuke, indarrak zuhurtziaz handitu, eta arerioa zatitu. Eta guk ez dugu ez indarrik gehitzen, ez arerioa zatitzen; kontrara, gero eta gehiago hurbiltzen dugu PSN euskal abertzaleengana». Sanzek gehitu du horren helburua dela UPN ez desagertzea, bere garaian Unidad Alavesarekin gertatu zen bezala: «Ez nuke nahi UPNri gertatzea Unidad Alavesari gertatu zitzaiona».
UPNren barne krisia areagotu du Sanzek, Esparza jomugan jarrita
Lehendakari ohiak salatu du alderdiaren estrategia «okerra» izan dela azken hauteskundeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu