Luis Zarraluki Nafarroako jarduneko Sustapen kontseilariak UPNko presidente izateko urratsa egin du, eta, zeharka bada ere, bere burua aurkeztu du udazkenean egitekoa den batzarrera begira. «Alderdiaren erabakietan indar handiagoz parte hartzeko prest nago, alderdiak hala eskatzen badit», adierazi du Zarralukik aukera horri buruz galdetuta, RTVE Espainiako irrati-telebista publikoan.
Aurreko ostiralean iragarri zuen Yolanda Barcina UPNren egungo presidenteak eta Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak alderdiaren kontseilu politikoa irailean bilduko zela, ezohiko batzarrera deitu edo ez erabakitzeko. Alderdiaren organo gorena da kontseilu politikoa, eta UPNren kargudun publiko eta organikoek osatzen dute, baita herrietako batzordeetako ordezkariek eta azkeneko batzarrean aukeratutako hainbat kidek ere. Denera, 232 lagunek osatzen dute, eta ezohiko batzarrera deitzeko bi herenen babesa behar da.
Azkenean ezohiko batzarra egitea erabakiko balute, UPNrenzuzendaritza berrituko litzateke, baita alderdiaren estatutu eta oinarri politikoak ere. Ostiralean, militanteekin eginiko ekitaldian, Barcinak jakinarazi zuen ez duela bere burua berriz aurkeztuko UPNko presidente izateko eta ezta udazkenean egitekoak diren Espainiako Gorteetarako bozetan diputatu eta senatari aukeratua izateko ere. UPNren batzorde eragilea atzo arratsaldean bildu zen, eta berretsi egin zuen kontseilu politikoa irailaren hasieran bilduko dela, eta alderdiaren zuzendaritzak martxan jarriko dituela ezohiko batzarra egiteko lanak.
RTVEk jasotako adierazpenetan, atzo, autokritikarako deia egin zuen Zarralukik. «Hauteskunde hauetan gertatutakoari buruz azterketa sakona egin beharko du UPNk. Zalantzarik gabe, mezu batzuk berritu eta politika egiteko moduak aldatu beharko ditugu».
UPNko buru izateko prest agertu da Zarraluki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu