UPNko aginte makila lortu du Ibarrolak, disidentziarik gabe eta %30eko parte hartzearekin

UPNren XIII. Kongresuan, bozkatu dutenen %81ek babestu dute aurkeztutako zerrenda bakarra eta 130 boto zuri zenbatu dituzte. Ibarrolak iragarri du ez duela lehendakarigai izateko anbiziorik, eta nahiago duela alkategai izan.

Alejandro Toquero presidenteordea, Cristina Ibarrola presidentea eta Cristina Sota presidenteordea. VILLAR LOPEZ / EFE
Alejandro Toquero presidenteordea, Cristina Ibarrola presidentea eta Cristina Sota presidenteordea. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2024ko apirilaren 29a
10:10
Entzun

Bere XIII. Kongresutik batuta baina aldi berean ahuldurik atera da UPN. Oso parte hartze txikia izan da, eta militante gehienak etxean geratu dira, nahiz eta alderdiak bozkatzeko hautetsontziak jarri Nafarroa zabalean —Iruñean, Tuteran, Lizarran, Zangozan eta Tafallan—. 2.348 afiliatu ditu alderdiak, eta 701 bazkidek parte hartu zuten atzo (%30). Horietatik %81ek eman diote aldeko botoa Cristina Ibarrolari, eta hark hartu du Javier Esparzaren lekukoa alderdiko presidentetzan. Ibarrolaren eta Alejandro Toqueroren arteko hautagaitza bateratuaren aurrean, 130 militantek zuri bozkatu dute.

Oso egoera zailean aurre egin dio UPNk kongresuari. Hiru legealditan jarraian ez da gai izan gehiengoak osatzeko eta Nafarroako Jauregira heltzeko, eta krisia areagotu egin du abenduaren 28ko Iruñeko zentsura mozioak. Horregatik, garrantzitsua zen alderdiak zatiketaren irudia ez ematea. Hautagaitza bakarra aurkezteak hori eragotzi du, baina desmobilizazioa bultzatu du. Izan ere, aurtengo kongresuko parte hartzea inoizko txikiena izan da. Adibidez, duela lau urte, afiliatuen bi herenek parte hartu zuten (%68). Nahiko garaipen estua lortu zuen Esparzak, botoen %57 lortu zituen, eta Sayasek, %42 —gerora hark alderdia utzi zuen, lan erreformaren bozketan zuzendaritzari men ez egiteagatik—.

Oraingo honetan, bi figura nagusi nabarmendu dira. Cristina Ibarrolak hartu du Esparzaren lekukoa, eta presidente izango da; Alejandro Toquero Tuterako alkatea, berriz, presidenteordea. Bien artean hautagaitza bateratua aurkeztu dute. Beste izen bat nabarmendu behar da, hirugarrena: Cristina Sota Tafallako alkate ohiak hautagaitza alternatiboa aurkeztearen keinu egin zuen, eta idazkari nagusia izango da.

Ibarrolaren eta Toqueroren artean

Ibarrolaren eta Toqueroren artean banatu dute zuzendaritza batzordea, eta bere konfiantzazko pertsonak hautatu dituzte zuzendaritzako kide izateko: Ibarrolak hautatutakoen artean dira Angel Ansa eta Miguel Bujanda parlamentariak, Carlos Salvador Iruñeko zinegotzi antiabortista eta ultrakatolikoa, eta Xuriñe Peñas Eguesibarko alkatea —zeinak esan baitzuen euskarazko ekitaldiak antolatzea «baztertzailea» dela—. Toqueroren zirkuluak Erribera du ardatz —Anichu Aguera Tuterako hautetsia, Jose Antonio Rapun Arguedasko alkatea eta Daniel Frances Buñuelgo alkatea, besteak beste—. Orotara, goi agintariak gehituta, hemezortzi gizon eta sei emakume daude. Aurreko zuzendaritzatik Yolanda Ibañez idazkari nagusi ohiak jarraituko du. Ibañezekin batera, beste bost parlamentari daude, eta sei alkate. 

Zuzendaritzako kideez gain, kontseilu politikoko 75 ordezkariak hautatu dituzte militanteek. Datozen lau urteetan, kongresu arteko garaian, erabaki nagusiak hartu ohi ditu kontseilu horrek. Kongresu honetan, alderdiaren azalberritzeak hartu du garrantzia, eta eztabaida politikoa bigarren planoan geratu da erabat. Estatutuak berritu ditu, eta printzipio politikoei zein programa sozialari buruzko txostena aldatu ditu UPNk —hiru txostenek babes handia izan dute—.

6

Presidente kopurua. UPN 1979ko urtarrilean sortu zen, eta Ibarrola izango da 45 urteetan izango duen seigarren presidentea: Javier Gomara (1979-1985); Jesus Aizpun (1985-1997); Miguel Sanz (1997-2009); Yolanda Barcina (2009-2015); Esparza (2015-2024). 

Kontsentsu galduaren bila

Presidente izendatu osteko hitzaldian, «talde baten gisara» aritzeko deia egin zien Ibarrolak UPNko alderdikideei: «Ilusioz beteriko olatu bat behar dugu. Izan gaitezen talde bat eta jardun dezagun talde gisa, lan egin dezagun denon onerako». Hala ere, kongresu aurreko prozesuak agerian utzi ditu alderdiko barne liskar batzuk. Zenbait afiliatuk salatu dute Ibarrolaren eta Toqueroren arteko aliantza maniobra hutsa izan zela «karguak euren artean banatzeko». Talde horretako eledun gisa, Julen Sesmak salatu du ez dela kongresu orekatua izan.

Etorkizunari begira jarri zen Ibarrola bere hitzaldian. «Egun garrantzitsua da; abentura honi ekitea erabaki dugun pertsonen abiapuntua. Ez da erraza izango, baina konbentzituta gaude unea dela eta merezi duela». Asmo orokorrez harago, helburu nagusi gisa jarri zuen Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala «berreskuratzea». 

Ez zaio erreferentziarik egin alderdiaren egungo egoera zailari. Kongresua ustez proiektua berritzeko eta estrategia finkatzeko aukera zen, baina Ibarrolak nabarmendu zuen hemendik aurrerako lana izango dela hori. «Apur bat geratu egin behar dugu: gure jatorriari begiratu, berriro geure buruarengan sinetsi, eta, batik bat, herritarrak konbentzitu gure politika funtsezko erreminta dela». Ibarrolak gaineratu zuen testuinguru politiko eta sozial berrira egokitzeko gai izan behar dutela, «erakargarriagoak izateko». Konpromisoa hartu du «gizarteko sektore guztiei entzuteko»: «Botoa ematen digutenei eta botoa ematen ez digutenei kasu egin behar diegu. Haien proposamenak jaso eta jende gehiagorengana iritsi, alternatibarik onena garela frogatzeko».

UPNren historian tradizio izan da alderdiko buruzagia foru hauteskundeetako hautagai izatea. Ibarrolak, aldiz, aurreratu zuen ez duela Nafarroako lehendakari izateko anbiziorik. «Iruñeko alkate izan nahiko nuke berriro», iragarri zuen eta azaldu hiru urte barru erabakiko dutela hori alderdiko erabaki organoek. «Denbora asko geratzen da». 

Dena den, kongresu honetan, UPNk primarioen formula bertan behera utzi du hautagaiak eta zerrendak hautatzeko bidean. Zerrenda batzordeak izango du hautagaiak proposatzeko ahalmena, eta kontseilu politikoaren esku egongo da hori onartzea. Hain zuzen ere, batzorde horretako kide izango dira Ibarrola, Toquero, Sola eta Miguel Fabo Antolamendu idazkaria. Haien esku egongo da, hortaz, presidentetzarako hautagaia izendatzea. 

Ez da jakinarazi bien akordioan hitzartu ote duten Alejandro Toquero presidentegai egitea. Horri buruz galdetuta, Tuterako alkateak bakarrik esan zuen oraindik hiru urte geratzen direla. «UPNko afiliatuek bilatuko dute nor den hautagairik egokiena», adierazi zuen. 

Parlamentuko eleduna, Esparza

Egiazki, alderdiko agintari nagusiek kontrolatuko dute nork osatuko duten zerrenda. Egungo egoerari begira, ez Ibarrola ez eta Toquero ez daude parlamentuan. Zuzendaritzari begira, Angel Ansa, Yolanda Ibañez, Miguel Bujanda, Leticia San Martin eta Pedro Gonzalez dira parlamentari. Egun Esparza denez UPN taldeko eledun, zuzendaritzak erabaki beharko du postu horri eusten dion edo beste alderdikide bat izendatzen duten kargu horretarako. Mugimendu interesgarria izango da, bozeramaileak proiekzio publiko handia baitu.

Ibarrolak aurreratu du ez dutela postu hori aldatzeko asmorik. «Barne mailan ez dugu horri buruz hitz egin. Horretaz galdetzen digutenek baino ez dute horretaz eztabaidatzen», azaldu du, galderagatik urduri. 

Agurrean, hunkituta agertu zen Esparza. «Horrelako postu batera heltzen zarenean, oso garrantzitsua da nola joaten zaren». Haren irudiko, alderdia hazten ari da, Nafarroa osoan hedatuta dago eta «etorkizuna du». Enrique Maiak eta biek alderdiaren lema utziko dute. «Kontzientzia lasai dugu, gure esku zegoen guztia egin dugulako».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.