UPNk udan erabakiko du Navarra Sumatik atera edo ez

Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentaria eta UPNko kideak adierazi du PPk eta Ciudadanosek «normaltasun osoz» hartu dutela asteburuan Javier Esparzak iragarritako mugimendu hori.

Javier Esparza UPNko presidente eta Ciudadanoseko Nafarroako buru Carlos Perez Nievas, martxoan. Biak Navarra Sumako parlamentari dira. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko ekainaren 21a
13:22
Entzun

Ustekaberik ezean, bi urte falta dira foru hauteskundeetarako, eta UPNk mugitu du fitxa. Asteburuan, Javier Esparza UPNko presidenteak, batzarrean, afiliatuen aurrean iragarri zuen barne prozesuari ekingo diotela Navarra Suma koalizioaren egoera aztertzeko. Urrats horrekin, koalizioa uzteko aukerari atea ireki dio UPNk. Esparzaren arabera, «eroso» daude Navarra Sumaren barruan, baina alderdiak udan «erantzukizunez» jokatu nahi du, eta erabaki zer egin koalizioarekin.

Astelehenero legez, Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzordea bildu da, eta, bilkuraren ostean, bozeramaileek hitz egin dute. Gaurkoan, baina, ez da Esparza agertu. Haren ordez, Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentari eta UPNko zuzendaritzako kidea agertu da. Larunbatean Esparzak adierazi bezala, nabarmendu du UPNren estatutuetan koalizioei buruz erabakitzeko ahalmena duela biltzarrak. «UPNko presidenteak parte-hartze prozesu demokratiko bat ireki du, ahalik eta zabalena izan dadin eta denbora izan dezan hori lantzeko, ikusteko nola aurkeztuko garen hauteskundeetan».

Alvarezen arabera, koalizioan dauden beste bi bazkideek, Ciudadanosek eta PPk, «erabateko normaltasunez» hartu dute UPNren mugimendua. Dena den, ez batak, ez besteak ez dute hitzik esan orain arte. Nahiz eta ez duen erabakirik hartu, antzematen da UPN ez dagoela kontent egungo indar korrelazioarekin.

Izan ere, uneotan, Navarra Sumaren talde barruan, UPNk hamabost parlamentari ditu, Ciudadanosek hiru, eta PPk bi. Hala jaso zen 2019ko martxoan UPNk PPrekin eta Ciudadanosekin egindako hitzarmenetan. Une hartan, alderdi bakoitza egoera desberdinean zegoen: PPk parlamentutik kanpo geratzeko aukera handiak zituen; Ciudadanosen eragina ikusteko zegoen, eta UPNk botoaren atomizazioaren higadura saihestu nahi zuen.

Bi urte geroago, errealitatea erabat aldatu da, Espainiako eskuinean ematen ari diren mugimenduak eraginda. Uneotan, PP indartsuago dago, eta Ciudadanos, aldiz, nabarmen ahulduta, desagertzeko zorian. Eskuin muturrean, berriz, Vox-en itzala ere nabari da. Testuinguru horretan, gogora ekarri behar da UPN eskuinaren diskurtso horren eraginpean dagoela, eta, adibidez, ordezkaritza bidali zuela ekainaren 13an Espainiako Gobernuak Kataluniako preso independentistei indultua ematearen aurka Madrilen, Colon plazan, egin zen manifestaziora.

Esparzaren argudioak

Iragarpenak sortuko duen harrabotsaren jakitun, larunbatean Esparzak iragarri zuen barne prozesu horren atzean inork ez lukeela «okerreko ondoriorik atera behar», eta ez dagoela «inongo mamurik atzean». Haren hitzetan, koalizioa ondo ari da lanean, hala parlamentuan nola udaletan, eta barne prozesuak erantzuten dio bakarrik UPNk koalizioei buruz erabakitzeko ahalmenari.

UPNko presidenteak gaineratu zuen Navarra Sumak bere helburua bete duela; uste du gauzatu dutela 2019ko foru hauteskundeetan euskal abertzaletasunaren aurrean «indartsuago» izateko asmoa, eta, horri esker, besteak beste, Uxue Barkosek lehendakari, Joseba Asironek Iruñeko alkate eta Eneko Larrarte Tuterako alkate izateari utzi diotela ere bai. Esparzaren arabera, 2019an Barkosen gobernuaren alternatiba izan ziren moduan, 2023an Txibiteren gobernuaren alternatiba gisa aurkeztuko dira. Baina ikusteko dago zer formularekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.