Alderdi politikoak

UPNk Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea leporatu dio PPri

Javier Esparzak «estrategia aldaketa bat» ikusten du PPn, eta Enrique Maiak berretsi du popularrek beren kasa erabaki dutela koalizioa bukatzea. UPNk uda amaitutakoan hartuko ditu Navarra Sumaren inguruko erabakiak.

Javier Esparza, artxiboko irudi batean. IñAKI PORTO / EFE
Irati Urdalleta Lete - Mikel P. Ansa
2022ko abuztuaren 15a
19:15
Entzun

Javier Esparza UPNko buruak aurrena eta Enrique Maia Iruñeko alkateak ondoren, biek ondorioztatu dute Navarra Suma koalizioa bukatutzat jo dutela popularrek, eta «alde bakarrez» egin dutela, gainera. Irmo mintzatu zen PPren aurka Esparza, atzo, astelehena; PPk alderdiaren siglak koalizioaren aurretik jarri ditu, haren ustez: «Argi dago PPk amaitutzat eman duela Navarra Suma, eta, horrekin batera, alde bakarrez eta komunikabideen bidez hautsi egin du Espainia osoan zentro-eskuina batzeko gauza izan den proiektu bakarra».

Miguel Tellado PPren Antolakuntza idazkariordeak ABC egunkariari emandako elkarrizketa baten harira egin zizkion adierazpenok Esparzak Europa Press berri agentziari. Telladok elkarrizketa hartan esan zuen autonomia erkidegoetako datozen hauteskundeetan planteatzen duten bakarra dela beraien siglekin aurkeztea, eta, gainera, adierazi zuen zentro-eskuina PPren inguruan batu behar dela. Dena den, ez zuen baztertu UPNrekin koalizioan joatea.

Esparza, ordea, ez dago ados: «Nafarroan zentro-eskuina UPNren inguruan antolatzen da, eta bera da Nafarroako alderdi nagusia ere». PPk «estrategia aldaketa bat» egin duela ikusten du: «Navarra Suma koalizioa babesteari utzi, eta amaitutzat eman dute, beren siglak aurretik jartzen dituztelako».

Enrique Maiak interpretazio hori babestu du astearte goiz honetan. Kazetariek galdetuta, erantzun du PPk erabaki bat hartu duela: «Esan du ez duela nahi Navarra Suma koalizioak jarraitzea». Erantsi du popularren formak ez direla egokiak izan, bi alderdiak hizketan ari zirelako, nonbait, koalizioarekin zer egin: «PPrekin hizketan ari bazen, normalena izango zen kontaktuekin jarraitzea, eta ez esatea hedabide batean, gurekin hitz egin gabe, ezer negoziatu gabe».

Iruñeko Udalean arazorik ez

PPk eta UPNk hauteskunde koalizioan bat egingo ote duten, berriz, UPNk erabaki beharko du, Maiaren esanetan, «dagokion momentuan». Esparzak astelehenean adierazi zuen UPNk uda amaitu ostean edo udazkenean erabakiko duela koalizioari buruz. «Ez dezagun drama bihurtu», erantsi dio gaur Maiak: «Orain goazen lanera, eta ea nola bukatzen den hau guztia».

Zehaztu du Iruñeko Udalean ez dagoela inolako arazorik, Navarra Sumak «lantalde bakar batek bezala« lan egiten baitu. «Eta berdin jarraituko dugu lanean; ez dio eragingo udalaren egunerokoari».

Fernando Sesma Ciudadanoseko Iruñeko zinegotziak, berriz, koalizioaren alde egin nahi izan du: «Gure ustea da Nafarroan Navarra Sumaren gisako koalizio batek jarraitzea litzatekeela egokiena. Udalean, Navarra Sumaren funtzionamendua oso ona izan da, baita beste udaletan eta parlamentuan ere».

Sesmak azaldu du Ciudadanos barne prozesu batean dagoela orain, azken hauteskundeetako emaitza kaskarren ondoren. Baina, nolanahi ere, indarra ikusten dio koalizioari: «Navarra Suma arrakasta elektoral bat izan da; Nafarroan zentro-eskuina biltzeko arrakastatsua izan da».

Efe albiste agentziak jakinarazi du PPko iturriekin harremanetan jarri dela auziari buruz galdetzeko, baina popularrek ez dute adierazpenik egin nahi izan, UPNren erreakzioaren ostean.

Maiak, berriz, ez du argitu hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko ote duen bere burua. Adierazi du oraindik abuztua dela eta erabakiak hartzeko denbora badagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.