«Nahi dutenaren alde bozkatzeko» aholkatu die UPNk boto emaileei

PPk uko egin zion UPNko ordezkariak zerrendan sartzeari. «Ez dezatela pentsa boto horiek foru eta udal hauteskundeetan izango dituztela, ezta gutxiago ere», ohartarazi dio Ibarrolak PPri.

Cristina Ibarrola, UPNko burua, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Cristina Ibarrola, UPNko burua, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2024ko maiatzaren 29a
12:50
Entzun

UPNren boto paperik ez da izango ekainaren 9ko hauteskundeetan. Hala, Cristina Ibarrolak nahi dutenari bozkatzeko askatasuna eman die normalean haiei botoa ematen dietenei. «Arrazoizkoena da askatasuna ematea eta gure oinarriekin eta balioekin bat egiten duen aukeraren alde egitea», esan du Ibarrolak.

Aurreko zuzendaritzari egokitu zitzaion Europako Parlamenturako hauteskundeekin zer egin erabakitzea, zerrendak aurkezteko epea gaindituta egin baitzuen alderdiak XIII. Kongresua, apirilaren 28an. Apirilaren hasieran, Esparzak PPren zerrendan UPNko kideak sartzeko proposamena egin zion, baina alderdi popularrak ez zuen aintzat hartu.

Navarra Suma koalizioaren hausturaz geroztik, bi alderdien arteko harremanaren adierazle da egoera. Izan ere, 2008an UPNk eta PPak lankidetza hitzarmena hautsi bazuten ere, UPNren hautagaiak joan ohi ziren zerrendatan. Oraingoan, aldiz, ez da halakorik gertatu.

Egoera hori bere horretan jaso du Ibarrolak, eta bere posizioa argitu nahi izan du. Izan ere, hauteskunde barruti bakarra egonik, 300.000 boto inguru behar dira EBko legebiltzarrean eserlekua lortzeko. Koherentziaz, euren boto emaileei gogoratu die zein den iparrorratza: «Nafarrak, espainiarrak eta europarrak gara. Sektarismoen, nazionalismoen eta populismoen aurka gaude».

Historikoki UPNk edo haren koalizioek irabazi dituzte hauteskundeak, baina iazko uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako bozetan laugarren geratu zen. Orain, berriz, ez da aurkeztuko. Alta, «analisi okerrik ez egiteko» ohartarazi die Ibarrolak beste alderdiei, batik bat PPri: «Ez dezatela pentsa orain Europakoetan lortuko dituzten botoak foru eta udal hauteskundetetan izango dituztenik. Ezta gutxiago ere».

Eskuin muturrarekin hitzarmenak egiteari buruz galdetuta, Ibarrolak uste du «zilegitasun txikia» dutela eskuin muturraren arriskuaz ohartarazten dutenek, «ezker muturrarekin hitzartzen baitute». Haren ustez, UPN alderdi «moderatua» da. «Ez ditugu muturrak gustuko. Zenbait hitzarmen zalantzan jartzeko, beste hitzarmen batzuk zalantzan jartzeko zilegitasuna izan behar da», adierazi du, sozialistak gogoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.