Nafarroako foru hauteskundeak UPNk irabaziko ditu, PSNk egindako barne inkesta baten arabera. Datuek adierazi dute eskuineko alderdiak hamalau parlamentari izango dituela. Orain, Navarra Suma koalizioaren parte da, eta PP eta Ciudadanosekin batera, hogei parlamentari ditu. Bigarren alderdia PSN izango da, hamahiru eserleku lortuta; oraingo legealdian baino bi gehiago.
EH Bildu izango da hirugarren indarra, zortzi parlamentarirekin. Eta Geroa Bai baino eserleku bat gehiago izango du. Izan ere, inkestak dio Geroa Baik bi parlamentari galduko dituela. Zazpi izango ditu. Zurekin Nafarroa koalizioak lau eserleku lortuko ditu, eta PPNk beste lau. Ciudadanosek eta Voxek ez dute ordezkaritzarik lortuko.
Politikariek balorazio pertsonala jaso dute. Zerotik hamarrerako puntuazioa ezarri diete, eta ez du inork gainditu. Maria Txibite Nafarroako presidenteak lortu du puntuaziorik handiena: 4,8. Geroa Baiko Uxue Barkosek 4,6 puntu lortu ditu, UPNko Javier Esparzak 3,8, EH Bilduko Laura Aznalek 3,7 eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok 3,6.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak esan du «Nafarroako Gobernuaren buru» izango direla aurrerantzean ere, eta inkestak argi utzi duela«PSNren aldeko babesa areagotuz» doala.
UPNk irabaziko ditu bozak Nafarroan, PSNren inkesta baten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu