Bagara kolektiboak salatu duenez, Lizarrako (Nafarroa) UPNren udal gobernuak eten egin du ikastolan eta Remontibal ikastetxean ematen dituzten bertso eskolen finantzaketa, eta, oraingoz, haurrak bertso eskolarik gabe geratu dira. Ahotsa.info-k kaleratu duenez, LHko 5. mailako haurrentzako bertsolaritza programaren bigarren zatiko eskolek abian egon behar lukete, baina eskola horiek bertan behera geratu dira, UPNk programa eten baitu, eskolei inolako abisurik eman gabe. Bertsolaritzaren programaren lehen zatia Nafarroako Gobernuak ordaintzen du.
Bagara kolektiboak azaldu du «bertsolaritzaren oinarrietan sakondu, etasortzeko gaitasuna» bultzatzen duela bertso eskolak.Halaber, «pentsamendu kritikoa» ere lantzen dute, eta «autoestimua hobetzeko» jarduera lagungarria dela iritzi diote. «Oinarrian euskara dago beti, eta euskal kulturan eta historian murgiltzeko modua ere bai».Lizarran eta Lizarraldean euskara sustatzeko lan egiten du Bagarak.
Euskararen aurkako neurriak
Euskararen aurkako urratsak bata bestearen atzetik iritsi dira Lizarran, Bagarak gogoratu duenez. UPNk 2023ko udan hartu zuen Lizarrako aginte makila, eta, handik gutxira, Euskara Merkataritzaraprograma eten zuen; era berean, haurrentzako Brinka programa bertan behera utzi zuen; Korrikaren kilometroa ere ez zuen erosi, eta ez zituen antolatu jaietan haurrentzako euskarazko ikuskizunak. 2023ko jaietako txupinazoan gertatu zen, halaber, udaletxeko balkoitik EH Bilduko zinegotzi bat indarrez atera zuteneko pasartea, ikurrina erakutsi zuela eta.
Modu batera edo bestera, aurrekontuetan euskarari zuzendutako kopurua murriztu egin zuen UPNk gobernura iritsi eta gero, eta hizkuntza politikan atzerapauso nabarmenak eman ditu. Orain, bertsolaritzaren aurkako neurria iritsi da: euskara oztopatzeko ahaleginarekin loturiko beste neurri bat.