M-22: hauteskunde ostea

UPNk eta PSNk Parlamentuko mahaia negoziatuko dute

Catalanek baieztatu du bi aldeak negoziazioan murgilduta daudela eta Parlamentuko mahaia ere hizpide dutela

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
UPN eta PSN Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan erabat murgilduta daude. Ostegunean PSNk gobernu alternatiboa osatzeko aukera erabat baztertu ondotik, UPNrekin hurrengo gobernua negoziatzen ari da. Atzo Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko jarduneko eledunak eta UPNren presidenteordeak baieztatu zuen Nafarroako Parlamentuko presidentetza eta mahaiaren osaera negoziazioen barruan sartuta daudela. Hala ere, ez zuen nondik norakoen inguruko beste argibiderik eman. Bihar izendatuko dira Parlamentuko mahaiko kideak.

Negoziazio horien barruan sartuta dago baita ere Iruñeko Udala. Izan ere, ostegunean Yolanda Barcinak PSNri ohartarazi zion Nafarroako Gobernuaren negoziazioetan aurrera egiteko ezinbestekoa zela Enrique Maiaren inbestidura ahalbidetzea, aldeko botoaren edo abstentzioaren bidez. PSNk mehatxu horren aurrean amore eman zuen, eta larunbateko udal batzan txuri bozkatu zuen.

Maia alkate izendatuta, PSN udal gobernuan sartzeko aukera aztertzen ari dira bi alderdiak. Hala baieztatu zuen Catalanek atzokoan, baina horren inguruan harremanak dituztela esatera mugatu zen soilik.

Gauza bera gertatzen da Nafarroako Gobernuarekin. Bi aldeek koalizio gobernua osatzea bilatzen dute. Halere, UPNk gobernua murrizteko asmoa du. Ikusteke dago prest dagoen PSNri departamenduak eskaintzeko, eta zeintzuk eta zenbat eskaintzen dizkion. Hala UPNk nola PSNk beren soslai politikoari eutsi nahiko diote, eta kontraesan horiek gainditzea giltzarri izango dute akordioa lortze aldera. Negoziazioen fase horretako hurrengo atala, dena den, Parlamentuaren mahaia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.