Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea

UPNk bi alditan egin zion muzin EAEk eta Akitaniak luzatutako eskuari

Parlamentuaren iritzia aintzat hartu gabe, Miguel Sanzek eta Yolanda Barcinak uko egin zioten proiektuari, euren lehentasun ez zela azalduta

Barkos, Rousset eta Urkullu, Nafarroa euroeskualdean sartzeko hitzarmena sinatzen. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hirugarrenean, bale. 2009an euroeskualdea osatzeko lehen urratsa egin zutenetik, Nafarroaren zain egon behar izan dute Akitaniako Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak. Miguel Sanz eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari ohi eta UPNko agintari nagusiek bi aldiz eman zioten ezezkoa gonbitari. «Nik ez dut lurralde fobiarik», argudiatu zuen Sanzek 2010eko martxoan parlamentuan, baina argi utzi zuen, politikoki, begi txarrez ikusten zuela hiru lurraldeen arteko elkarlana. 2011n, berriz, murrizketen aroa hasi zen, eta Barcinak prest zuen aitzakia bigarren ezezkoa emateko: «Ez da lehentasunezkoa dirua hor jartzea». Behin UPN agintetik at, egungo gobernuak baiezkoa eman du.

Beti Nafarroara begiratu behar izan dute hala Eusko Jaurlaritzak nola Akitaniako Kontseiluak mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko orduan. Euroeskualdeaosatu aurreko urteetan ere, UPNk mesfidantzaz ikusi izan du Euskal Herria bere barnean hartzen duen eremu gune batekin elkarlanean aritzea, nahiz eta berez Akitaniaren eremua zabalagoa izan. «Irudipena dut batzuek interes kulturala edo lankidetza bultzatzea baino gehiago, izaera politikoko interesak dituztela atzean», aipatu zuen 2010ean Miguel Sanzek.

Ez zen beti hala izan. Juan Cruz Alli lehendakari eta Sanz lehendakariorde zirela, 1992an, Nafarroako Gobernuak, Akitaniako Kontseiluak eta Jaurlaritzak hiru gobernuen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Garai hartan UPN heldu berri zen agintera, eta Alliren gidaritzapean bestelako irekitasun politiko bat erakutsi zuen, bai euskararekiko, bai EAErekiko. Alta, hurbiltasun horrek haserrea eragin zuen UPNren barruan, eta Allik alderdia utzi behar izan zuen 1995ean.

Sanzek bestelako norabide politiko bat eman zion alderdiari. 2000. urtean, parlamentuaren iritzia aintzat hartu gabe, Sanzek eten egin zuen lankidetza Akitaniarekin eta EAErekin. Urtebete lehenago, besteak beste, Euskal Herritarrok koalizioaren babesarekin Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten Juan Jose Ibarretxe, eta, Sanzen hitzetan, ez zen ulergarria «atentatu terroristak gaitzesten ez dituen alderdi baten sostengua behar duen gobernu batekin lankidetza hitzarmena izatea». ETAk 1999 amaieran su-etena hautsi berri zuen, eta egoera hura baliatu zuen.

Egoera politikoa ere aldatu zen, baina UPNren jarrera ez zen aldatu. Alde biko hitzarmenak lehenetsi zituen Sanzen gobernuak, baina maiz irudi zuen oposizioaren argudioei aurre egiteko aitzakia erretorikoa baino ez zirela. Izan ere, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara heldu ondoren, akordioa izenpetu zuen harekin, 2009an. Hala ere, ibilbide motza izan zuen itun hark, eta puntu nagusia garatzeko ere ez ziren gauza izan: ETB lurreko telebista digital bidez zabaltzea, alegia.

Ibarretxe ere jada ez zen aitzakia 2009an Akitaniako Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak euroeskualdea sortzeko lehen urratsa egin zutenean. Alain Rousset presidenteak abenduaren 1ean egin zion gonbita, baina Sanzek ez zuen zirkinik egin. Nafarroa Baik parlamentuan azalpenak eskatu zizkionean hau erantzun zuen: «Nahiz eta batzuek erakundeen arteko gonbita baten kategoria izan, pertsona batek beste bati egindako gonbita baino ez zen izan». Sanzek gaineratu zuen nahiago zuela Jaurlaritzak eta Kontseiluak eskaintza ofiziala egin arte zain geratzea.

Atzean, ordea, nabari zen ez zuela gogo handirik: «Ematen du eskualdeetako proiektuek finantzaketa lortzeko konponbide guztiak ematen dituela euroeskualdeak, eta hori ez da egia. Alde biko hitzarmenekin ere egin daiteke. Hori da benetako errealitatea, eta gainerakoa txori ernalduez hitz egitea da».

Azalpen bitxi hari muzin eginez, Akitaniako Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak beren kabuz sortu zuten euroeskualdea 2011n, baina protokoloa sinatu zutenean berriro egin zioten eskaintza Nafarroako Gobernuari eta Aragoiko Gobernuari. Ordurako Yolanda Barcinak hartua zuen Sanzen lekukoa, eta arrazoi ekonomikoak eman zituen ezezkoa emateko. «Europako funtsak lortzeko ordezkaritza ona du jada Nafarroak, eta diru horiek ez dira euroeskualdetik iristen». Haren hitzetan, Pirinioetako Lan Komunitatean parte hartzearekin aski zen. PSNk, gobernuko beste bazkideak, begi onez ikusi zuen aukera, baina Roberto Jimenezek onartu zuen «zaila» zegoela.

Aldaketarekin, aldaketa

Nafarroarik gabe egin zuen aurrera euroeskualdeak, baina 2015eko foru hauteskundeetan aukera berria sortu zen. Kanpainan, Geroa Baik egin zuen argien proiektuaren alde, baina EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ere begi onez hartu zuten. Hala, 2015eko udan izenpetutako akordio programatikoak jaso zuen euroeskualdean sartzeko proposamena. Hartara, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak hala jakinarazi zien bai Iñigo Urkulluri iruñean 2015eko irailean, bai Alain Rousseti hilabete geroago Bertizko jauregian. Biek ontzat jo zuten galdea, eta, urratsez urrats, atzo gauzatu zen azkenik parte hartzea.

Ez zen horretara mugatu, eta bi gobernuekin alde biko lankidetza ere sendotu egin du egungo gobernuak. Azken finean, UPNk ez zuen bide hori apenas jorratu, eta, hartara, erakutsi dio bi gauzak bateragarri izateaz gain elkarlanerako borondatea baduela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.